Donejakue Bidea bizikletan egiten ari zen Villabonako bikote bat hil zuen, atzo, Leonen, edandako gidari batek, autoarekin harrapatuta. 12 urteko semea ere arin zauritu zuen.
Onda Vasca irratiak familiako iturriak aipatuz goizean esan duenez, haurrak jaso du alta eta dagoeneko etxean da. Komunikabide berak azaldu duenez, gaur bertan ekarriko dituzte herrira hildako bikotearen gorpuak.
Istripua eragin zuen gidaria, berriz, epailearen esku jarriko dute ostiral honetan, EiTBren arabera. Ihes egin zuen, eta lekukoek emandako deskribapenari esker, Guardia Zibilak handik 15 kilometrora atxilotu zuen. Gidariak positibo eman zuen alkoholemia-proban, eta legezko alkohol-tasa baino bost handiagoa izan zen emaitza. Horrez gain, auto asegururik gabe ari zen gidatzen.
Protesta, igandean
Istripuan zauritutako 12 urteko haurra kirolzalea da. Besteak beste, Billabona FKEko jokalaria da, baita Oriako Txirrindulari Eskolakoa ere. Futbol taldeak doluminak eman dizkio familiari, eta bere babesa helarazi dio gaztetxoari, baita Zizurkilgo Danena futbol taldeak ere.
Gaur Leonen gertatutako istripua dela eta, gure doluminak famili eta lagunei, eta bereziki, besarkada haundi bat gure alebina den Orats Carrasco Aguirreri. pic.twitter.com/it1RCwG6o2
— Billabona FKE (@billabonafke) 2018(e)ko ekainaren 28(a)
Oriako Txirrindulari Eskolak ere doluminak azaldu dizkio familiari, ohar bidez. Gertatutakoa gaitzetsi dute, eta istripu larria salatzeko, datorren igandean, uztailaren 1ean, protesta egingo dute Tolosan egingo den lasterketa hasi aurretik. 16:00etan izango da, Amarotz auzoan. Irteera neutralizatua egingo dute ondoren, Tolosako kaleetan barrena. Txirrindularitza zaleei dei ere egin diete, bertaratu daitezen.
Eskerrik asko elkartasuna eta laguntza eskaini diguzuen guztioi. Gracias a todos los que nos habéis mostrado vuestra solidaridad y apoyo. pic.twitter.com/PEkkswPxlQ
— Oriako Tx. Eskola (@Oriakotxe) 2018(e)ko ekainaren 28(a)
Hildako bikotea, berriz, Behar Zana Bola Taldeko kideak ziren. Elkarteak ere doluminak azaldu dizkio familiari Twitter bidez:
Benetan egun tristea gaurkoa…. Leonen, Nerea eta Jose, Behar Zanako bi bolari, kotxe batek harrapatuta hil dira. Behar Zanako Bola Talde guztiaren partez, gure doluminak familiari, eta batez ere, beren seme Oratseri. Goian beude. pic.twitter.com/Z9A2RLxTH4
— BEHAR-ZANA P.E (@beharzana) 2018(e)ko ekainaren 28(a)