Villabonakoak dira edandako gidari batek Leonen harrapatuta hil dituen bi txirrindulariak

Ataria 2018ko eka. 28a, 16:15

Bizikletan Donejakue bidea egiten ari zirela, edandako gidari batek harrapatu egin ditu. Senar-emazteak dira hildakoak, eta zaurituta dago haien semea, 12 urtekoa.

Goizean gertatu da ezbeharra, 11:23 aldera, Matallana de Valmadrigal herrian, Leonen (Espainia). Larrialdi zerbitzuen arabera, bizikletan zihoazen hildako senar-emazteak eta haien semea, 12 urtekoa. Bikotea bertan hil da, eta arin zauritu da semea eta Leongo ospitalera eraman dute.

Gidariak ihes egin du, eta handik hamazazpi kilometrora atxilotu du Guardia Zibilak. Positibo eman du alkohol proban: 1,16 mg/l, baimendutako tasa baino bost aldiz gehiago. Gainera, autoko asegururik gabe ari zen gidatzen. Lekukoek emandako deskribapenari esker atxilotu ahal izan dute gidaria. Atxilotutakoa Valladoliden bizi den kataluniar jatorriko gizonezko bat da.

Hildako gizonezkoa Hernani eta Urnieta arteko Leuneta txirrinduzale taldeko kidea zen. Emakumea, berriz, jaiotzez Donostia ingurukoa zen, baina urteak zeramatzan Amasa-Villabonan bizitzen. 12 urteko semea Billabona FKEko kidea da.

Udalaren adierazpen instituzionala

Villabonako Udalak presazko bilera deitu du udalbatzako alderdi guztiekin, eta adierazpen instituzionala argitaratu dute. Hildakoen familia eta lagunei «elkartasuna eta nahigabea» adierazi dizkie. Halaber, gertaerarekin zerikusia duten gestioak egiteko laguntza eskaini die. Gainera, epaiketan, horrela bada, Amasa-Villabonako Udala akusazio partikular bezala aurkezteko asmoa duela azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!