Tolosaldeko udaletxeetako ordezkariek eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak bat egin dute, beste behin, Oporrak Bakean 2018ko programa Tolosaldea mailan martxan jartzeko. Aurten, Oporrak Bakean: 130 lelopean. Gipuzkoan 130 harrera familia lortzea da helburua.
10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrak bidaiatuko dute Tolosaldera, ekainetik abuztura bitartean. Martxan den kanpainan bota diren esaldietako batean argi adierazten da: “365 egun elkartasunean, 60 elkarrekin”. Oinarrizko beharrei aurre egiteko kanpo laguntza “behar-beharrezkoa” dute.
Saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta haztera behartuak izan diren haurrak dira, orain dela 42 urte euren lurraldetik, Mendebaldeko Saharatik, bota baitzituzten. Hain zuzen ere, Amasa-Villabonako Udalak otsailean egindako osoko bilkuran Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarri egin zeneko 42. urteurrenean, jasaten duten egoera gaitzetsi eta beren eskubideak errespetatzea eskatzen duen mozioa onartu du udalbatzak.
2000tik hona, 18 urte hauetan ehunka haur eta ehunka harrera familien parte hartzea izan da Tolosaldean. Bataz beste, gure eskualdean 15 bat harrera familiak ematen dute izena programan, eta zifra hori mantendu nahi da aurten ere. Une honetan 5 harrera familia daude, “hortaz oraindik laguntza behar dugu. Tolosaldeako udaletxeetako ordezkariok eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak dei egiten dugu, gutxieneko 15 harrera-familia lortzearen helburua betetzen lagundu diezaguten herritarrek”.
Familia bakoitzaren egoerara eta aukeretara egokitzen da programa, malgutasunez eta udaletxeek haurren bidaiako gastuei aurre egiten diete. Informazio gehiago eskuratzeko Amasa-Villabonako udaleko gizarte zerbitzuetara jo daiteke, 943 69 25 00 telefonora. Bestela, tolosaldeasahararekin@gmail.com helbidean emango dute informazio gehiago.