Amasa-Villabonako Udalak onartutako mozioaren bitartez NBEri eskatu dio, behin betiko irtenbidea eman diezaiola gatazka honi. Horretarako saharar herriak autodeterminazio eskubidea baliatu beharko du, "erreferendum libre eta gardena eginez, eta behingoz dagoen deskolonizazio prozesua amaituz".
Onartutako testuan udalbatzak berretsi du Fronte Polisarioa dela saharar herriaren ordezkari bakar eta legitimoa eta exijitzen dio Marokori berehala aska ditzala preso politikoak eta kontzientziazkoak. Lurralde okupatuetan eta espetxeetan ematen diren giza eskubideen urraketak geldiarazi ditzala ere eskatzen dio erregimenari. Minurso, NBEk Mendebaldeko Saharan erreferenduma antolatzeko duen misioak "lan handiagoa" egin beharko luke Amasa-Villabonako Udalaren ustetan, giza eskubideak kontrolatzen eta zaintzen.
Espainiako estatuari ere bideratu dizkio eskaerak udalbatzak: "Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariari status diplomatikoa eman eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aitor dezala". EAJ eta EH Bilduren udal taldeek aurkeztutako mozioan argudiatzen denez, "Espainiak beharrezko egitasmoak abiatu beharko lituzke Mendebaldeko Saharan behin betiko irtenbidea lortzeko, Nazio Batuen bake planean oinarrituta".
Marokoko gobernuak Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak espoliatzen ditu Amasa-Villabonako Udalaren ustez. Beraz, bertan diharduten enpresei eskatzen die, "alde batetik, baliabide naturalen gaineko etengabeko subiranotasuna errespetatu dezatela, eta bestetik, lurralde okupatu batean baliabide naturalen esplotazioari aplikatu behar zaizkion zuzenbide humanitarioaren arauak aplika ditzatela". Bide batez, mozioan gogoratu dute Marokok ez duela subiranotasunik Mendebaldeko Sahararen gainean eta Europar Batasunak ezin duela Marokorekin akordiorik sinatu Fronte Polisarioaren baimenik gabe. "Europar Batasuna behartuta dago printzipio horren urraketa salatzeko".
Otsailaren 27an, 42 urte betetzen dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela.