Gutxienez 15 harrera familia behar dituzte Tolosaldean, udan haur sahararrei ostatu emateko

Mikel Iraola 2018ko ots. 24a, 14:51

Sahararen alde bildutako materiala errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzen hasiko da, gaur bertan, Tolosaldea Sahararekin elkartea. Bestalde, gaur abiatu dute Oporrak Bakean programan parte hartzeko kanpaina, eskualdean 15 harrera familia bilatzeko helburuarekin.

Azken bi urteotan Mendebaldeko Sahararen alde bildutako materiala, Saharara bidean da. Kilometro solidarioko taldea gaur abiatu da Tolosatik, eta datozen egunotan material gehiago bidaliko dute.

Sahararen aldeko Legazpiko elkartearekin aritu dira aurten, elkarlanean. Haiek arduratu dira nekazaritza eta mekanika tresnak biltzeaz. Eskualdean, berriz, janaria, konpresak, pixohialak, arropa, osasun tresneria eta jostailuak bildu dituzte, bereziki. Horrez gain, eskolako materialaz osatutako hiru palet bete dituzte; beste lau ordenagailu eta inprimagailuekin; eta beste bat kirol ekipamenduarekin.

Eskualdeko herritar, udal, eragile eta enpresen laguntza beharrezkoa izan dute bilketa gauzatu ahal izateko. Hori dela eta, guztiek erakutsitako "elkartasuna" eskertu nahi izan du Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Olatz Peonek, berriz, eskualdeko udal ordezkarien izenean, elkarteari eskerrak eman dizkio, "Sahararren mezua gure herrietan zabaltzeagatik, eta kanpaina solidarioa martxan jartzeagatik".

Une "alaia" dela aitortu dute, "jasotako guztiak mesede asko egingo baitu han", baina era berean, arduratuta daude honek guztiak duen kostuagatik: "Guztia bildu eta hara bidaltzeak 6.000 euroko kostua izan du, eta Legazpiko taldearekin elkarlanean aritzeak gauzak erraztu dizkigu", aitortu du Agustin Agote elkarteko bozeramaileak.

Familia bila

Material bilketa amaitutzat jo eta gero, udari begira dira Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak, Oporrak Bakean programa martxan jarrituko baitute, ekainetik abuztura bitartean. 10 eta 12 urte bitarteko haur saharrarek Euskal Herrira bidaiatuko dute, familia euskaldunekin uda pasatzeko, eta oinarrizko beharrei aurre egiteko. Hori dela eta, harrera familiak topatzeko kanpaina abiatu dute: 365 egun elkartasunean, 60 egun elkarrekin.

Gipuzkoa osoan 130 familia bilatzeko helburua jarri dute, eta horietatik 15, gutxienez, Tolosaldean biltzea espero dute. Bost familiak dagoeneko eman dute izena programan. Familia berrien parte hartzeren garrantziaz ohartarazi du Olatz Peon, Tolosako alkateak: "2000. urtetik ehundaka familiak hartu izan dute parte Tolosaldean. Askok errepikatzen badute ere, garrantzitsua da familia berriak izatea, haurrek hango egoeraren berri ematen baitute".

Programa malgua da, eta egokitzen da familia bakoitzaren egoera eta aukeretara. Besteak beste, udalek haurren bidaien gastuak hartzen dituzte bere gain. Interesa izan lezaketen familiek, udaletako gizarte zerbitzuetan eskuratu dezakete informazio gehiago, baita Tolosaldea Sahararekin elkartean ere.

Justizia eske

Kanpainaz harago, Mendebaleko Saharar herriarentzat "justizia" eskatu du Agotek: "Ozen aldarrikatu nahi dugu betetzeko kausa honekin bat datorren legedia, Maroko, indar okupatzaile gisa handik ateratzeko". Espainiako gobernuari ere erantzulea dela diote: "PPri eta PSOEri dei egiten diegu, Marokoko gobernuaren konplize izateari utz diezaioten. Munduko gainerako erakundeei ere Marokoko gobernuarekin sinatzen dituzten akordio ekonomikoak ezeztatzea eskatzen diegu". Bien bitartean, Sahararrei laguntza emanez arituko direla azaldu du Agotek.

Hain zuzen, asteartean 42 urte beteko dira Saharako Errepublika Demokratikoaren aldeko aldarria egin zenetik. Hori dela eta, Olatz Peonek azaldu duenez, sahararrek bizi duten egoera gaitzetsi eta beren eskubideak errespetatzea eskatzen duen mozio bat izango dute hizpide, datorren asteartean, Tolosako osoko bilkuran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!