Nazkatuta, baina tinko

Tolosaldeko Ataria 2017ko abu. 25a, 19:33

Dozenaka herritarrek bat egin dute Villabonako Errebote plazan, Sofia Tato herritarraren erailketa matxista salatzeko; ikerketa zabalik da, baina genero indarkeria kasutzat jo dute jada.

Villabonako Udalak eta mugimendu feministek egindako elkarretaratze deialdiari haserre erantzun diote billabonatarrek: "Nazkatuta gaude", zioen plazako pankarta batek. Atzo goizean zabaldu zen Sofia Tato 42 urteko billabonatarraren erailketaren berria, eta dozenaka herritar bertaratu dira Errebote plazara.

19:00etako hitzorduaren aurretik, Villabonako eta inguruko talde feministek manifestazioa egin dute herrian barrena, Matxismoak hiltzen gaitu! Aurrean gaituzue! leloa aldarrikatuz. Horrela, hitz horiekin berekin izenpetu dute, guztiek, elkarretaratzea.

Herritarrekin batera, bertan izan dira hainbat erakundetako ordezkariak: Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko berdintasun zuzendaria, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernantza eta komunikazio diputatua, Maite Izagirre Villabonako alkatea eta baita Olatz Peon Tolosako alkatea ere.

Azken orduotako gaitzespen mezuekin bat eginda, Izaskun Landaidak gizarteari zuzendu dio begirada, indarkeria matxistaren aurka eraldatu dadin: "Guztion eginbeharra da, eta gizarte osoaren konpromisoa eskatzen du".

Ikerketa, zabalik

Atzo goizean izan zen gertakaria, Arroyo de la Luz herrian (Caceres, Espainia). Sofia Tato billabonatarra hara ezkondu zen, eta 15 urte zeramatzan bertan bizitzen; adin txikiko bi alaba zituen senarrarekin. Hain zuzen, eraildako emakumearen senarra atxilotu zuen Guardia Zibilak, ustezko hiltzailetzat joz; bai emakumeak, bai senarrak, arma zuriz egindako zauri arrastoak zituzten.

Arroyo de la Luzen gaur goizean egin dituzte gaitzespen ekitaldiak, eta arratsaldean izan da hileta elizkizuna. Atxilotutako gizonezkoa ospitalean da, oraindik, Guardia Zibilaren zaintzapean, eta azken hauek azaldu dute, ikerketa-lerro guztiak zabalik daudela, gertakariei dagokienez. Hori bai, Sofia Tatoren hilketa genero biolentzia kasutzat hartu dute, eta hala ikertuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!