Bi dolu egun izendatu dituzte Villabonan, erailketa matxistaren aurka

Tolosaldeko Ataria 2017ko abuztuaren 25a

Irudian, 2015eko martxoan, Villabonan izandako eraso matxista bat gaitzesteko elkarretaratzea.

Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du, gaur, 19:00etan Errebote plazan; Villabonako Udalak eta EH Bilduk bertaratzeko deia egin dute.

Atzo goizean zabaldu zen albistea: Villabonako 42 urteko emakume bat hilik agertu zen, Caceresek (Espainia), arma zuriz eginiko zauriak zituela. Haren senarra atxilotu zuten, ustezko hiltzailea delakoan, eta Guardia Zibilaren zaintzapean ospitalera eraman zuten. Eraildako emakumearen sorterrian, Villabonan, gertakaria gaitzesteko deialdia zabaldu dute, eta udalak bi dolu egun ere iragarri ditu.

Ohar bitartez azaldu dutenez, Villabonako udalak "argi eta garbi" gaitzetsi du erailketa, adierazpen baten bitartez; halaber, "doluminak, elkartasuna eta babesa" azaldu nahi izan dizkie biktimaren senide eta gertukoei. Bide horretan, herritarrak deitu dituzte, gaur, 19:00etan, mugimendu feministak zehaztutako elkarretaratzean parte hartzera: "Udalak herritarrei eskatzen die har ditzatela konpromiso pertsonal eta kolektiboak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, eta emakumeen kontrako edozein erasoren aurrean jarrera aktiboa har dezatela. Arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. Era berean, Amasa-Villabonako udalak konpromisoa hartzen du erakunde gisa, berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako edozein erasori aurre egiteko lanari eusteko".

Bere aldetik, Villabonako EH Bilduk ere "arazo kolektibo" bat dela zehaztu du, hilketa salatzeko adierazpenean: "Jendarte parekidea eraikitzeko eta emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanak gainditzeko beharra inoiz baino ageriago uzten du gertaera latz honek. Lan horretan erakunde politikook ardura berezia dugu". Horrela, beraz, udalak egin bezala, herritarrei, beren esparru pertsonalean, indarkeriari aurre egiteko mezua zabaldu du oposizioko alderdiak, eta iluntzeko elkarretaratzean parte hartzera deitu.

Herriko erakundeekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo bertan gaitzetsi zuen Caceresen gertaturikoa, "irmoki".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!