Villabonako emakume bat erail du, ustez, senarrak

Tolosaldeko Ataria 2017ko abu. 24a, 13:00

Caceresen (Espainia) hil dute, arma zuriz; ustezko hiltzailea ere zaurituta azaldu da, eta atxilotuta eraman dute, San Pedro de Alcantara erietxera.

Extremadurako gobernu ordezkaritzak jakinarazi duenez, goizeko zazpiak aldera izan da gertakaria, Arroyo de la Luz (Caceres, Espainia) herrian, bikotearen etxebizitzan bertan. Eztabaida baten ondoren gertatu da erailketa. Emakume billabonatarrak arma zuriz egindako zauriak ditu, eta baita senarrak ere; ospitalera eraman dute, atxilo, Guardia Zibilaren zaintzapean, emaztea hil duelakoan.

Biktimak 42 urte zituen, eta adin berekoa da senarra. 15 urte zeramatzaten Caceresen bizitzen, eta bi alaba adingabe dituzte. Emakumea, ordea, billabonatarra zen sortzez. Arroyo de la Luz-eko udalak ezohiko bilkura deitu du, gertakaria aztertu eta datorren asteko jaien inguruan salaketa-neurriren bat hartzeko asmoz.

2017an eraildako laugarren euskal herritarra da.

Foru aldundiaren gaitzespen "irmoa"

Gipuzkoako Foru Aldundiak "gaitzespenik irmoena" agertu du hilketagatik. Diputazioko bozeramaile Imanol Lasak babesa adierazi die emakumearen senitarteko eta lagunei, eta foru erakundearen laguntza eskaini die: "Indarkeria oraindik ere gure gizartean dauden gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunen arteko adierazlerik argiena da; asko daukagu egiteko esparru honetan". Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere gaitzetsi dute hilketa, eta herritarrei eskatu diete "konpromiso pertsonal eta kolektiboa hartzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde". Gainera, dei egin dute hilketa salatzeko antolatuko diren elkarretaratzeetan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!