Adierazpena: Matxismoak hiltzen du, aski da! Bihar 19:00etan denok kalera!

Amasa Villabonako EH Bildutik gaur goizean Caceres probintziako Arroyo de la Luz herrian izandako Sofia Tato billabonatarraren hilketa matxista tinko eta gogor salatzen dugu. Era berean, une gogor eta zail hauetan Sofia Tato herrikidearen familiari eta bere inguru hurbilari gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu.

Jendarte parekidea eraikitzeko eta emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanak gainditzeko beharra inoiz baino ageriago uzten du gertaera latz honek. Lan horretan erakunde politikook ardura berezia dugu.

EH Bilduk mugimendu feministak bihar 19:00etarako deitu duen gaitzespen elkarretaratzearekin bat egiten du eta herritar guztiak deitzen ditu mobilizazio horretan parte hartzera.

Indarkeria eta eraso matxistak ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu. Indarkeria matxista sistema patriarkalaren ondoriorik larriena da. Indarkeria matxista egiturazkoa da, indarkeria mota honen oinarrian ordena soziala bera dagoelako. Horregatik ezinbestekoa da nabarmentzea, gaur inoiz baino gehiago, indarkeria matxistak gizon eta emakumeen arteko botere-harremanetan duela jatorria.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Emakumeen eguneroko ogia. Jendarte osoaren arazo larria. Ez da inola ere esparru pribatuari dagokion arazo bat, arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea.

Indarkeria matxista era askotara agertzen da. Emakumeak gutxiesten dituen portaera oro, mehatxuak, umiliazioa, irainak, kontrola, debekuak, jendaurreko deskalifikazioak, emakumeak objektu gisa aurkeztea, sexu-erasoak edota norberaren borondatearen kontra sexu harremanak inposatzea... indarkeria matxistaren adierazpenak dira.

Indarkeria matxistak jatorri estrukturala duen heinean, aurre egiteko neurriek eta erantzunek ere integralak izan behar dute. Pertsonen arteko harreman-sistema berria sortzea da erronka. Horrekin batera, indarkeriaren prebentzioan ahalegin berezia egin eta pertsonak askatasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da.

Era berean, ezinbestekoa da emakumeen boteretzea eta herritarren arteko babes-sareak sustatzeko neurriak martxan jartzea, bakardade sentsazioari eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko.

Eta hau guztia burutzeko, ezinbestekoa dugu onartua dagoen legeria bere osotasunean garatua izatea, berdintasun politikak indartzeko bitarteko tekniko zein ekonomikoak izatea eta erakunde publikoetatik mugimendu feministarekin elkarlana burutzea.

DEIALDIA: Bihar ostirala, Elkarretaratzea 19:00etan Errebote plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!