2012an kaleratu zenuten liburua osatzera al dator bigarren hau?
Lehen liburuak ez zekarren interpretaziorik. Modu aseptikoan bildutako 150 dokumentu jaso genituen bertan. Gerora etorri zen erakusketa eta han historia pertsonalagoak jaso genituen. Bigarren liburu honek lan hori osatuko du: lehen partean kokapen historikoa egiten dugu eta bigarrenean Frankismoan Amasan eta Villabonan errepresioa jasan zuten herritarrak ekarri ditugu lehen planora.
Zein eragin izan zuen errepesioak Amasa-Villabonan?
Gure herrian abertzaletasunak indar handia izan du betidanik. Horregatik, EAJren inguruko jendeak jasan zuen errepresiorik bortitzena. Gerraren ondorioz 29 pertsona fusilatu zituzten Villabonan eta horietatik gehienak militante jeltzaleak ziren. Guk bildutako datuen arabera, 430 lagunek jaso zuten errepresioa Frankismo garaian.
Nondik jaso dituzue liburuan bildutako datuak?
Lau urteetako prozesua izan da. Orotara zazpi artxibo arakatu ditugu eta Ferrolekoan bildu ditugu daturik gehienak. Villabonako Udal artxibategian ere topatu ditugu dokumentu esanguratsuak. Lan handia egin dugu agiri horiek guztiak biltzen eta bereziki eskertu nahi dut hainbat lagunek eman duten laguntza. Azkeneko urtebetean Xabier Urmeneta laguntzen aritu zait eta izugarri estimatzen dut bere ekarpena. Lana osatzeko senitartekoen testigantzak ere ezinbestekoak izan dira.
Liburu honekin lanak bukatu dituzue?
Memoria historikoaren gaia ez da sekula bukatzen, beti topatu daitezke datu gehiago. Bihar aurkeztuko dugun www.amasavillabonaoroitzen.net webgunean jasoko ditugu hemendik aurrerakoak. Egindako lan guztia gizarteratzeko ere balioko du guneak.
Zer ikasi duzu zuk lau urteen ondoren?
Badagoela historia bat kontatu ez digutena. Gerra galdu zuten amasarren eta billabonatarren kontakizuna da liburuan bildu duguna. Hautu kontzientea izan da hori. Nik, pertsonalki, nire herriarekiko beste begirada bat dut lan hau egin ondoren.