Memoriaren Astea

Memoria berreskuratuz oraina eraldatzen

Maier Ugartemendia 2015ko mar. 24a, 12:13

Gaurtik martxoaren 31ra Memoriaren Astea burutuko dute Amasa-Villabonan.

«Memoria onari esker, iraganaz ikas dezakegu; izan ere, iragana berreskuratzeak zerbaitetarako balio badu, oraina eraldatzeko da». Eduardo Galeano kazetari eta idazle uruguaitarraren hitz horiek berreskuratu nahi izan dituzte Aritza Kultur Elkartekoek, martxoaren 24etik 31ra antolatu duten Memoriaren astea aurkezteko. Izan ere, azken urteetan historian «ezkutatuta» izan den atal bat berreskuratzeko lanean aritu dira, eta gainera, ezagutu ahal izan duten hori herritarren eskura jarri nahi izan dute. Herriak «memoria berreskuratu», eta euren ustez beharrezkoa den «aitortza» lehenik eta «erreparazioa» ondoren gauzatu dadin.

Aipatu bezala, Aritza Kultur Elkarteak antolatu du Amasa-Villabonan egingo den Memoriaren Astea, baina antolakuntza lanetan bidelagun izan ditu Amasa-Villabonako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere. Hiru erakundeak elkarrekin egin dute lan, azken urteetako ikerketa lanaren ondorio den Memoriaren Astea antolatzeko. Astebeteko epean hainbat hitzaldi izango dira Frankismoari lotutako hainbat arlo aztertzeko. Baina, horrez gain, topaketak edota dokumental baten aurkezpena ere izango dituzte herritarrek eskuragai.

Ezkutatutako historia

Aritza Kultur Elkartea azken lau urteetan «aurrekaririk gabeko ikerketa» burutzen aritu da, «gerra zibilaren eta lehen frankismoaren ondorengo gertakariak» ikertzen, hain zuzen ere. Euren lanak helburu bikoitza duela azaltzen du elkarteak: «Ezkutatu zaigun egiaren zati bat jakiteko nahi historikoa batetik, eta sortutako ezagutza herritarren eskura jartzea, bestetik».

Elkarteak azaltzen du billabonatarrek «Errepublikaren aurkako estatu kolpe militarra jasan zutela 32 hilabetez», eta bertan enfrentamendu militarrik egon ez arren, herritar batzuek armak hartu zituzten elkartearen esanetan. Batzuek «legezkotasuna defendatzeko eta kolpistei aurre egiteko» eta besteek «kolpistekin borrokatu zuten legezkotasunari aurre egiteko»; hala ere, herritarren gehiengoak —bereziki emakumeek, adinduek eta haurrek — «gerraren ondorio latzak» jasan zituzten.

Gerra ondorengo garaiak ere zailak izan zirela dio elkarteak, «herritarrek euren bizitzei aurre egin behar izan zieten». Edonola ere, historiako liburu ofizialetan hori «ezkutatu» nahi izana salatzen dute, eta isilune horrekin amaitzeko, egindako ikerlanei esker, «orain arte ezezagunak izan diren gertakizunak eta pertsonaiak ezagutarazi» nahi izan dituzte. Hortaz, ikerketa lan hori «ikusgarri» egiteko eta «historiak ahaztera kondenatu dituen herritarrak omentzeko» antolatu dute, Memoriaren Astea.

Aste osoko egitaraua

Memoriaren Asteari, martxoaren 24an ekingo diote. Nazio Batuen Erakundeak, «egia ezagutzeko nazioarteko egun» gisara zehaztua duena. Eta egun markatua denez, aurkezpen berezi batekin emango diote hasiera, gainera. Esti Amenabarro billabonatarrak idatzitako Frankismoaren aztarnak arakatzen II: egiaren minak liburua aurkeztuko da. Bertan Amenabarrok «egiaren beste zati bat mahai gaineratu nahi du, orain arte kontatu ez den historia bat».

Aurkezpenean izango dira Carlos Martin medikua eta psikologian doktorea, eta Paco Etxeberria auzi medikua, antropologoa eta ikertzailea. Martinek bere tesia Guatemalan, mayekin, garatu zuen, dolua eta biolentzia politikoaren azterketa eginda. Eta osasuna eta biolentzia politikoaren alorrean aditua da. Etxeberria, berriz, Euskal Herrian eta Amasa-Villabonan oso ezaguna da, besteak beste, Aranzadi Zientzia Elkarteko Lehendakaria baita.

Bestalde, martxoaren 27an, ostiral goizean, udaleko pleno aretoan www.amasavillabonaoroitzen.net webgunea aurkeztuko dute. Honakoa udalak sustatutako webgunea da, eta aipatutako epe historikoari buruzko informazioa bilduko da bertan, dokumentazio ugarirekin osatuta. Halaber, egun berean Negar franko egingo zuen aitak dokumentala aurkeztuko dute, 19:00etan, Gurea Antzokian. Dokumentala Bertha Gaztelumendi kazetariak zuzendu du, eta bertan frankismoaren lehen urteetan «billabonatarrek izandako bizipenak» kontatzen zaizkie gazteei; zenbait herritarrek lehen pertsonan bizitakoa kontatzen dute. Dokumental honekin «belaunaldien arteko transmisioa» bermatu nahi dute: «gaurkoek atzokoaren berri izatea beharrezkoa baita aurrera egiteko».

Asteari amaiera emateko, berriz, Goyo Armañanzasek gidatutako tailer bat izango da hilaren 30ean eta 31n. Armañanzas traumaren transmisioan aditua da, eta tailerrean isiltasunaren kudeaketa landuko da ikuspegi psikosozialetik. Helburua «isiltasuna apurtzeko espazio bat lantzea» izango da. Hala ere, tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, izena eman beharko dute aldez aurretik. www.villabona.eu webgunean edo inskripzio orria bete eta udalera eraman beharko da. Horrez gain, Armañanzasek Fantasmas de nuestra guerra liburua ere aurkeztuko du.

Astea amaitzean, isiltasunari «errespetua eta aitortza» erantsi izana espero dute Aritza Kultur Elkartekoek, eta bide horretatik erreparazioa lortzea.

Memoriaren Astea

MARTXOAK 24, ASTEARTEA

19:00. Frankismoaren aztarnak arakatzen II: egiaren minak liburuaren aurkezpena, Subijana etxean.

MARTXOAK 25, ASTEAZKENA

19:00. Josu Chuecaren Frankismoaren aztarnak arakatzen: erbestea hitzaldia, Subijana etxean.

MARTXOAK 26, OSTEGUNA

19:00. Lourdes Errasti antropologoaren eskutik, Frankismoa eta emakumeak, zigor bikoitzaren kronikak, hitzaldia, Subijana etxean.

MARTXOAK 27, OSTIRALA

11:00. www.amasavillabonaoroitzen.net webgunearen aurkezpena, Udal Areto Nagusian.

19:00. Negar franko egingo zuen aitak dokumentalaren emanaldia, Gurea Antzokian.

MARTXOAK 30 ETA 31

18:00-20:00. Isiltasuna: traumaren sintomak topaketak, Goyo Armañanzasen eskutik. Beharrezkoa da izena ematea aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!