Memoriaren Astea

Nora Urbizu: «Ezinbestekoa da min denak mahai gainean jartzea»

Maier Ugartemendia 2015ko mar. 24a, 12:28

Amasa-Villabonako Udala Aritza Kultur Elkartearekin elkarlanean aritu da Memoriaren Astea antolatzeko. Lau urtetan egindako lanaren ondoren, ziklo baten itxiera moduan hartuko dute aste hori.

Hain zuzen ere, «ezagutza eta egiaren bilaketarena» izango da itxiko dutena eta aitortzaren zikloari ekingo diote aurrera begira.

Villabonako Udalak eta Aritza Kultur Elkarteak elkarlanean Memoriaren Astea antolatu du martxoaren 24tik 31ra bitarte. Zergatik erabaki duzue memoriari zuzendutako astea antolatzea?
Asko dira Memoriaren Astea antolatzearen arrazoiak. Bi aipatuko ditut nagusiki. Batetik, amaitzen ari den legealdian, Villabonako udal gobernuarentzat apustu eta helburu garrantzitsu bat izan da. Argi izan dugu, artxiboa eta bestelako iturrietatik, Aritza Kultur Elkartea lortzen joan den informazioa, askotarikoa izan dena, herritarren eskura jartzea ezinbestekoa zela. Bestetik, Villabonako Udalak oso garbi izan du eta ikerketaren lehen unetik oso nabarmen agertu ere, gerra zibila eta lehen frankismoaren urte horietan billabonatar askok, abertzale zein errepublikar izateagatik, pairatu eta jasandako sufrikarioak ezagutzatik haratago, behar zuela nolabaiteko aitortza bat. Gure ustetan, instituzio publikoei dagokie gizartean pairatu izan diren min desberdinei nolabaiteko aitortza ematea. Are gehiago, gertakizun batzuk ezkutatu zaizkigunean.

Eta zer memoria landuko duzue?
Aritza Kultur Elkarteak oraingo honetan, gerra zibila eta frankismoaren lehen urteak aztertu ditu bereziki (ezin ahaztu frankismoak gurean 40 urte luze iraun zituela). Ikerketa honek bere abiapuntua 1931. urtean abiatzen du eta bertan garaiko giro politiko eta soziala aztertzen da, beti ere herriko protagonisten bidez. Beti, dokumentuek eta ahozko testigantzek esandakoari jarraiki.

Hala ere, aste hau azken urteetan egindako lan baten ondorio da ezta? Izan ere, jada lau urte daramatzazue gerra zibilaren eta frankismoaren ondorengo gertakariak biltzen, aztertzen eta gizarteratzen…
Bai aste hau antolatu dugu nolabait garatu den lan baten amaiera moduan edo. Lan honek, segida izan beharko du baina ezagutza eta egiaren bilaketari dagokionean behintzat ziklo bat itxiko dugu. Ondoren beste ziklo bati ekiteko. Aitortzarenari alegia. Eta hor baditugu egitasmo bat edo beste buruan, hurrengo legealdiari begira landuko ditugunak.

Egindako lana esperotako fruituak ematen ari da?
Bataz beste, 430 pertsonen sufrikario eta ametsetara gerturatu gara. Fusilatuak izan ziren 29 herritarren bizi historia eraiki dugu eta beste hainbaten oinaze eta kalbarioetara gerturatzeko parada izan dugu. Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, hainbat herritar, fusilatuak, Villabonan lurperatuak izan zirela, Tolosan hil ondoren baieztatu ahal izan dugu. Bera herrian ere egon ginen, eskualdeko beste hainbat ordezkarirekin batera billabonatarrak ziren hainbat herritar fusilaturi izena eta izana jartzen. Argi dago hori oso garrantzitsua da. 78 urte ondoren, isiltasunean bere etxean gertatu denari inork ez erreparatzea berez drama bat delakoan nago. Eta guk eta hala espero dut, min horiek apur bat arintzeko, behintzat historiaren lehen lerrora ekarri ditugu. Berandu da, bai. Baina egin behar zen. Eta egiten jarraitu behar da, herri honek aurrera egingo badu; ezinbestekoa baita min denak eta sufrikario denak mahai gainean jartzea eta haiek lehuntzeko ariketak egitea. Guri, ardura politikoetan gaudenoi hori dagokigu. Eta gizarte osoari, horrela soilik eraiki baitaiteke benetako elkarbizitza. Elkarbizitza ez da ahanzturaren gainean eraikitzen. Elkarbizitza ez da eraikitzen historiaren zati bat gordeta. Gaur gaurkoz, uste dut Amasa-Villabonan memoriaren mapa bat eginda dagoela. Geratzen da ordea oraindik zer eginik herri honen historia garaikidearen azterketan. Guk ikerketa horiek guztiak sustatzen jarraituko dugu.

Eta herritarrengandik zer nolako erantzuna jaso duzue?
Gai honetan herritarrek lehen mailako erantzuna eman dute. Herritar askorentzat itzelezko sorpresa izan da jakitea Amasa-Villabonan 29 pertsona fusilatuta hil zituztela. Tartean 72 urte zituen alkate ohia. Beste askori, herri honek bizi izan duen gatazka ulertzeko beste dimentsio bat eman dio. Eta gazteei berriz, nik uste dut, gatazka ez dela hasten 70. hamarkadan. Ni neu, harrituta eta hunkituta geratu naiz hainbat testigantza eta gertakarirekin. Iaz antolatu genuen erakusketan 812 pertsona izan ziren, erakusketa ikusten. Lehen liburuaren edizio osoa agortuta dago. Hori bada zerbait, ezta?

Aste horretan zehar, udalak sustatutako www.amasavillabonaoroitzen.net webgunea ere aurkeztuko duzue. Zer da bertan bilduko dena?
Bai, hala da. Webgune hau sustatu dugu, egungo teknologia berriak probestuz, ezagutza guztia paperetik sarera ere ekartzeko eta gizarte eremu ahalik eta anitzenetan informazioa eskuragarri jartzeko. Webgunean lau urte hauetan garatu den ikerketaren emaitza guztiak daude eskura, dokumentuak barne. Horretaz gain, hemendik aurrera garatuko den ikerketa lanaren emaitzak ere webgune horren bitartez zabalduko ditugu. Primerako tresna da hezkuntza arloan lantzeko esate baterako. Edozein herritarrentzat ere orduak pasatzeko moduko gunea da, herriaren edo norbere familiaren historian miatu nahi duenak, izango du aukera aurrerantzean.

Herritarren parte hartzea bultzatzea besterik ez da geratzen, hortaz, ezta?
Bai, aste oparoa antolatu dugu. Lehen mailako adituak izango ditugu gure artean eta aukera paregabea izango dugu hainbeste urtean ezkutatu diguten egiaren, bestelako egia baten inguruan informatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!