Kantagintza, Ahoa Bete Hots jardunaldiak irekitzeko

Ataria 2014ko uztailaren 2a

Mikel Markez gaur, Mintzolan
Mintzola Fundazioak antolatuta, Ahoa Bete Hots jardunaldien bosgarren edizioa abiatu da gaur, Villabonan. Lehen egun honetan kantagintza landu dute hainbat alor kontuan hartuta, eta Mikel Markez, Amaia Zubiria eta Maika Etxekopare izan dira hizlariak. Ostirala arte luzatuko dira jardunaldiak eta 27 pertsonek eman dute izena.

Mikel Markezek (Errenteria, 1971) eman die hasiera Ahoa Bete Hots jardunaldiei. Euskal kantagintzari errepasoa egin dio musikariak, 60ko hamarkadatik hona. Horren ostean, “Kantua entzun, entzuna kanta” izeneko saioa eskaini du Amaia Zubiriak (Donostia, 1947). Esperientzia pertsonaletik abiatuta, euskal kantagintzan eman zen iraultzaren berri eman du. Horrez gain, emakume eta kantaria izatearen gakoak aztertu ditu.

 



Maika Etxekopar (Gotaine-Irabarne, 1987) izan da eguneko azken hizlaria. Zuberoako kantari eta antzerkilariak herrialdean kultur transmisioak bizi duen egoeraren inguruan mintzatu da. Belaunaldi zahar eta berrien arteko aldeak eta euskarak hainbat kultur ekitalditan ezagutu duen gainbehera izan ditu aipagai.

Lehenengo jardunaldiari amaiera emateko euskal kantagintzan mugarri izan diren abestien kantaldia eskaini du Mikel Markezek.

Bihar Ahoa Bete Hots jardunaldien bigarren eguna izango da. Beste hiru hizlari ariko dira: Joseba Tapia “Belarria soinu” izenburupean, Jon Sarasuak “Transmisioaren garrantzia” saioa eskainiko du eta Antton Lukek “Antzerkiaren transmisioa: Euskal Kultura? eta Libertitateaz liburutik tiraka”. Egunari amaiera emateko hiru sortzaileen arteko mahai-ingurua izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!