Ahozkotasunaren transmisioa landuko da Ahoa bete hots jardunaldietan

Maier Ugartemendia 2014ko ekainaren 3a

Uztailaren 2tik 4ra antolatu dituzte aurtengo Ahoa bete hots jardunaldiak Subijana etxean

Mintzola ahozko lantegian aurkeztu dituzte gaur ahozkotasunaren zein ahozko generoen transmisioa oinarri izango dituen Ahoa bete hots jardunaldiak. Jardunaldien nondik-norakoen berri eman dute Beñat Gaztelumendik, Nora Urbizuk eta Joxe Mari Carrerek. 2010ean hasi ahozkotasuna oinarri duten jardunaldi hauek, eta aurtengoa jada bosgarren edizioa izango da. Urbizuk azaldu bezala "arituak eta adituak" izango dira jardunaldi hautean gonbidatuak, eta euren gogoeten eta ikerketen berri emango dute, besteak beste. Adituen artean izango dira Mikel Markez kantaria, Maika Etxekopar kantaria eta antzerkilaria, Jon Sarasua Mondragon Unibertsitatekoa, Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea, Miren Artetxe EHUko ikertzailea edo Antton Irusta ipuin kontalaria.

Izen emateko aukera bihar zabalduko da eta hilaren 25era arte egongo da zabalik. Mintzolaren web gunean edo 943 69 38 70 telefonora deituta eman daiteke. Gaiarekiko interesa duen orok eman dezake izena bertan, baina batez ere jomugan dituzte irakasleak, aisialdiko begiraleak zein gurasoak; hau da, ahozko transmisioa eragiten duten guztiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!