Beste 50 urte

Jexux Murua 2017ko abe. 30a, 20:30

Altzoko frontoiaren 50 urte betetzeak merezi bezalako ospakizuna izan du. Gabonetako XVI. Pilota Topaketako azken ekitaldia burutu da, eta Altzoko eta inguruko herrietako haur, gazte, guraso eta beste elkartu dira bertan, etorkizuneko pilotarien trebeziaz gozatzeko.

Sei partida, sei final jokatu dira goizeko 10:40etan hasita. Umeltasunak zaildu egin badu ere 24 pilotarien lana, partida polita eta borrokatuak ikusi dira, ikusleen oihu eta txalo-zarta soinuek lagunduta. Hauek izan dira emaitzak:

- Txikienetan: Araitz Azpigain eta Egoi Garaikoetxeak 12, Urtzi Telleria eta Ohian Gorostidik 10. Oso partida polita eta hunkigarria.

- Benjaminetan: Aitor Karrera eta Martin Elolak 12, Husain Mahayub eta Oinatz Goñik 7. Emaitzak erakusten duena baino partida estuagoa.

- Alebinetan: Araitz Astrain eta Ander Ruizek 12, Chafei Mahmoud eta Harkaitz Muruak 10. Emaitzak erakusten duen gisara oso-oso partida estua. Umeltasuna gero eta nabariagoa. Tanto bikainak jokatu dituzte eta asko eskertu du ikusleak beren lana.

- Infantil, mutiletan: Janitz Fernandez eta Ander Balerdik 12, Andoni Iturriotz eta Ugaitz Mujikak 11. Emaitzak ia dena esaten du. Frontoia, ordurako, oso irristakorra egonagatik, izugarrizko partida eskaini digute. Askotan lortu dute ikusleak piztea.

- Infantil, nesketan: Ane Ugartemendia eta Aisha Etxeberriak 12, Irati Uria eta Ainhoa Uzkudunek 1. Goizeko partida desorekatuena. Antolatzaileek ez dute asmatu bikoteak egiterakoan.

- Kadeteetan: Iker Murua eta Unai Altunak 12, Aitor Galartza eta Sergio Mañosok 9. Zutik egoten ere nahikoa lan izanagatik, eskaini dituzte gauza politak eta ikusleak gozatu dute hauekin ere.

Partidak amaituta sari banaketa egin da. Hemen izan ditugu Joxean Unsain, Juan Karlos Olano, Miel Olano eta Leire Olano. Frontoi honetan hazi eta hezitako pilotariak, eskuz Joxean Unsainek eta palaz Juan Karlos eta Mile Olano anaiak, ibilbide luzea egindakoak, eta emakumeen pilota ekarri zuena herrira Leire.

Festari amaiera gozoa emateko, hamaiketakoa eskaini diete Santilazpi Guraso Elkartekoek bertaratu diren guztiei. Laurogeita bat pilotari aritu dira Topaketa honetan; garbi utzi dute pilotak baduela etorkizuna inguruotan. Altzoko frontoiak izango ditu apopilo eta maizterrak. Beste 50 egitea dagokio orain.

 

Argazkiak: Txomin Rezola

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!