91 pilotari ariko dira topaketan

Ataria 2017ko abenduaren 27a

Alegiako Elorri frontoian elkartu dira pilotari gehienak familia argazkia ateratzeko.

Hasi da Gabonetako XVI. Pilota Topaketa eta guztira 91 pilotarik eman dute izena. Sei mailatan banatu dute lehiaketa: benjamin-aurrekoak, benjaminak, alebinak, infantil mutilak, infantil neskak eta kadete mutilak. Intxurre Pilota Eskolak eta Abaltzisketa, Alegia, Altzo, Ikaztegieta eta Amezketako guraso elkarteek antolatu dute topaketa.

Alegiako Elorri frontoian elkartu dira gaur arratsaldean parte hartzaile gehienak eta ohiko familia argazkia ateratzeko aukera izan dute. Ondoren, bakoitza zegokion frontoira joan da partidak jokatzera. Sailkapen partidak gaur eta bihar bitartean jokatuko dira, 16:00etan hasita, eta finalak larunbatean, Altzoko frontoian, 10:30ean hasita. Partida guztiak, maila guztietan, 12 tantotara izango dira. Pilota goxoekin jokatuko da, beraz, ez da esku-babesik behar.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!