Altzoko pilotalekuak 50 urte

Jexux Murua 2017ko abe. 27a, 18:04

Larunbatean Altzo Muinoko frontoiak mende erdia beteko du; 50 urtez zutik. Inguruko herrietan erreferente izan zen denbora luzez, frontoi estali gutxi baitziren.

Abenduaren 30ean beteko dira 50 urte, Altzoko pilota-lekua inauguratu zenetik (1967-12-30). Egun berean inauguratu zen Altzo Azpi eta Altzo Muino lotzen zituen errepidea ere, Izarreko errebueltatik Otsegira bitartekoa. Aldi berean berritu ziren herriko plaza, orduz gero beste berritze batzuk izan dituena, eta baita udaletxea bera ere, kanpo eta barru.

Bide loturari eta gainerako obrei garrantziarik kendu gabe, garrantzia berezia izan zuen ordurako Altzo Muinoko frontoiak, Santa Barbara ermitaren ondoan kokatua dagoenak. Ez ziren orduan, inguruan, frontoi estali asko eta orduan eta gutxiago honelako herri txiki batean. Pilotalekua izaki, pilota izan da nagusi hemen urte hauetan guztietan, baina ez hori bakarrik: aurten antolatu da frontoi honetan 30. bertso-jaialdia, urtez urte antolatu dena etenik gabe eta urteko hitzordu apartekoa dutena bertsolari eta bertsozale askok. Zenbat festa, herri bazkari, herri afari…

ALTZO ETA INGURUKO PILOTARI ETA PILOTAZALEEN ALTZO

Herriko gaztetxo, gazte eta ez hain gazteren jolastokia izan da frontoi hau. Ez da egongo Altzon frontoi honetan pilotan ibili ez den neska edo mutilik. Batzuk jolas hutsagatik, besteak helburu sendoagoekin: zartada franko jotakoak dira hemen Joxean Unsain eta Juan Karlos Olano; eskuzko pilotan profesionala eta bigarren mailan txapelduna izana hura, eta pala luzean profesional izana hau, gaztetan eskuz ibilbide ederra egin eta gero. Antzera, honen anaia gaztea, Miel Olano, palaz garaiko goi-mailako afizionatu guztiekin aritua, mundialetan-eta. Batzuk aipatze arren..

Herriko pilotariei ez ezik, ingurukoetakoei ere eman zien babesa frontoi honek. Modalitate guztietan ikusi da hemen jendea: eskuz, palaz (goma, paleta, pala motza), zesta punta, share… saio gogor edo froga arinak egiten. Bere lehen hogei urtetan, ez ziren gutxitan ibili hemen beren prestaketa saioak egiten orduko inguruko pilotari profesionalak: aipatutako Joxean Unsain altzotarra ez ezik, sarri ibiltzen ziren hemen Joxean Tolosa txapeldun ugartearra, Joxean Urretabizkaia ikaztegietarra, Karmelo Goikoetxea lizartzarra, Anizeto Lazkano tolosarra, eta abar luzea.

Zenbat jolas eta zenbat joko. Gauza kuriosoak ikusi dira hemen, apustu xelebre askoak ere bai. Esan ohi den bezala: zenbat gauza esango ote lituzkete horma hauek, hitz egiten balekite!

Izan zuen, bai, estimazioa. Baina gero, aurreko mendeko laurogeiko hamarkadan hasi zien inguruko herriek beren frontoiak eraikitzen. Handik, galdu egin zuen hamabost-hogei urtez izan zuen protagonismoa. Horrezaz gain, bizi ohitura aldaketek eta abarrek eskatuta, pilotazaletasuna sustatzea beste erremediorik ez da izan. Altzoko pilota eskolak, Alegia eta Ikaztegietakoarekin elkartzen dena Intxurre pilota elkartean, eman dio horri erantzuna, eta bizirik segitzen du pilotazaletasunak Altzon. Asko eta asko dira galtza zuriak jantzi dituztenak azken urtetan: 2016an lortu zen Altzok parte hartzea Herriarteko txapelketan; lan bikaina egin zuen 2017an, eta hartuko du parte 2018an. Maila ona ematen ari den neska pala-jokalari taldea ere bada.

OSPATZEKO, XVI. GABONETAKO TOPAKETETAKO FINALAK

Ospakizunei hasiera emateko, bertan jokatuko dira XVI. Gabonetako Pilota Topaketako finalak. Abenduaren 30ean, inauguratu zela 50 urte bete diren egun berean, goizeko 10:30etan hasiko dira jokatzen gaztetxoen arteko finalak, 6 urtetik 16 urte bitartekoak, bakoitza beren mailan. Altzo eta inguruko herrietako 91 neska-mutilek eman dute izena, eta hauetako 24 ikusiko ditugu bertan.

Etor daitezke ekintza gehiago, urtean zehar. Ospakizunak ospakizun, orain arte izan eta eman duen bizia izaten eta ematen jarrai dezala da opa zaiona. Urte askoan!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!