Altzoko Handiaren ibilbidea martxan

Irati Saizar Artola 2017ko uzt. 2a, 15:36

Goizean inauguratu dute Altzoko Handiaren inguruko ibilbidea eta panelez panel, azalpenez azalpen, ibilbidea osatu dute bertaratu direnek. 

Duela urte bete otutako ideia izan da Altzoko Handiaren inguruko ibilbidea egitea. Herrian pertsonaia ezaguna zutela eta, herritarrak zerbait egin beharrean zirela pentsatu zuten. Koldo Izagirrerekin harremanetan jarri eta ondoren, Juanba Berasategi zenarekin hitz egin zuten.Gipuzkoako ibilbide ezberdinak ikusten ibili ondoren, zer nolakoa nahi zuten erabaki eta proiektua martxan jarri zuten. 

Herriko lau txokotan kokatu dituzte ibilbidea osatzen duten panelak. Lehena, herriko plazan dago; bigarrena, Altzoko Handia jaio zen baserrian, Ipintzan; hirugarrena, Altzoazpiko elizan eta azkena, pilotaleku ondoan. Paneletako testuak Koldo Izagirrek idatzi ditu eta irudi eta marrazkiak Juanba Berasategik egin zituen. Berasategik, aurten zendua, ezin izan ditu berak egindako lanak inaugurazio egunean ikusi, baina, bere emaztea eta familia bertaratu dira eta Altzoko herriak omenaldia eskaini die ibilbide honi nortasun berezia emateko egin zuen lanak eskertzeko, bere azkenekoetakoa.

Herritar asko bildu da ekitaldi honetara, eta baita gonbidatu ezagun ugari ere. Goiko lerroetan aipatutakoez gain, batzuk aipatze arren, hor ziren Olatz Peron eta Unai Iraola Tolosa eta Alegiako alkateak, Jon Garaño eta Aitor Arregi estrenatzear den gaurko protagonistari buruzko filmaren zuzendariak eta Joseba Tapia trikitilari ezaguna.

Batzarremuino Kulturgunean eman zaio hasiera inaugurazioari Lurdes Murua kultura zinegotziak gidatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari Iñaki Labakaren hitzen ondoren, Koldo Izagirrek, ibilbideko gidoi eta testu egileak hainbat xehetasun eman ondoren, Altzoko Handiari zuzendutako gutuna irakurri du. Gero, lehen panelaren aurrean, Juanba Berasategiren senitartekoei eskainitako omenaldi hunkigarria burutu ondoren, Koldo Izagirre bera izan da ibilbideari hasiera emateko ardura izan duena. Handik aurrera, panelez panel egin da ibilbidea, herriko txoko ezberdinetan geldialdiak eginez: bigarren geldiunean, Migel Joakin Elizegi "Altzoko Handia"ren jaiotetxean, bertako alaba Mari Carmen Unsain Elizegik eman du beraiek jasotako testigantzen berri;  hirugarrenean, Altzo Azpiko elizan, Ramon Zabalak argitu dizkie bilduei elizako hormetan dauden arrastoen xehetasunak, eta eliza eta kanposantua ikusteko aukera izan da; laugarrenean, Santa Barbara ermita ondoan, Pilar Zubiarrain izan da azken azalpenak eman dituena, Altzoko Imaz bertsolaria eta Handiaren arteko lotura batzuk eginez. Trikitilariek eta txistulariek alaitu dute ibilbidea, eta geldiunetan herriko dantzariak dantza-saioez gozatu da, eta okasiorako prestatutako bertso batzuk kantatu dira partaide guztien artean, festa giroan.

Ibilbidearen amaierara iritsita, hamaiketakoa egin dute herriko plazan eta hala eman zaio amaiera ekitaldi honi. 

 

Erlazionatuak

Zinemaldiak esango duenaren zain

Imanol Garcia Landa 2017 eka 25 Altzo

Altzoko Handia, gertuago

Imanol Garcia Landa 2017 eka 25 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!