Sortzen ari den ikusmin horrengatik, eta herritarrek bere herrikideari buruz gehiago jakiteko aukera izan dezaten, Altzoko Udalak eta Kultura Batzordeak Handiari buruzko ibilbide bat osatu dute, lau informazio panel jarriz. Urtebeteko lanaren ondoren, maiatzaren bukaeran ipini ziren panelak. Ibilbidea plazan hasten da, bigarren puntua Eleizegiren jaiotetxea izan zen Ipintza baserria da, hirugarrena Altzo Azpiko eliza, eta frontoiaren parean bukatzen da.
Uztailaren 2an egingo dute ibilbidearen inaugurazio ekitaldia. «Batez ere herritarren parte hartzearekin egin nahi izan dugu», esan du Lurdes Murua zinegotziak. «Herritarrei erakustea zein zen Gure Haundie, eta gonbidatzea egun horretan familia giroan, herri giroan, denon artean ibilbidea egin eta goiz eder bat pasatzera».
Udaletxean ekingo diote ekitaldiari, 10:30ean. Panelen aurkezpena egingo da, eta gero panelak dauden puntuetan ekitaldiak egingo dira. Panelen diseinuak egin zituen eta zendu berri den Juanba Berasategiri omenaldia egingo zaio lehenengo puntuan. Bigarrengoan, Altzoko Handiaren oinordeko batek bere etxean jasotakoa azalduko du. Altzo Azpin beste herritar batek azalduko du elizaren horman non dauden Handiaren alturaren eta beso luzeraren markak. Frontoian beste herritar batek pasadizo batzuk kontatuko ditu garaikidea zen Imaz bertsolariaren inguruan. Panel bakoitzean egingo den ekitalditxoan herriko musikarien eta dantzarien saioak izango dira. Azkenik, hamaiketakoarekin bukatuko dute inaugurazio ekitaldia.
David Azurzak konposatutako operaren testuak idatzi zituen Koldo Izagirrek, eta berak egin ditu panelen testuak. «Koldo asko inplikatu da», esan du Kultura Batzordeko kidea den Antton Iztuetak. «Idazle honek dakien modu poetikoan eginda daude testuak. Guri asko gustatu zaigu eta espero jendeari ere gustatzea». Testuak bakarrik euskaraz daude; QR kode bat dute panelek eta horien bitartez testuak beste lau hizkuntzetan jaso daitezke: gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta katalanez.
Koldo Izagirrek proposatuta, Juanba Berasategik egin zituen panelen diseinuak. «Guk ez genuen aurretik ezagutzen Juanba Berasategi», esan du Muruak. «Oso gertukoa zen, benetan iristen zitzaizuna, oso erraza berarekin lana egiteko. Pena handia eman zigun bere heriotzaren berri jakiteak, egun gutxi batzuengatik ez baitzituen ikusi panelak jarrita eta berari sekulako ilusioa egiten zion». Inaugurazio ekitaldian «omenaldi xumea» egingo dutela esan du Muruak, «handikeriarik eta harrotasunik gabe, badakigulako ez zitzaiola horrelakorik gustatuko».
Gure Haundie eta Altzoko Handia
Ezizen asko izan ditu Migel Joakin Eleizegik. «Azken aldian erraldoia deitzen zitzaion. Altzon, garai batean gigantea deitzen zitzaion, eta baita Haundie ere», esan du Iztuetak. «Horrekin bueltaka ibili gara eta azkenean Koldo berak proposatu zigun gure herriko ikuspegitik begiratuta deitzea, Gure Haundie deitzea. Ondo iruditu zitzaigun eta horrela jartzen du paneletan». Beste kontu bat izan da webgunean edo kanpotik begiratuta nola deitu behar zitzaion. «Pentsatu dugu batuan izan behar duela, eta horregatik azaltzen da Altzoko Handia paneletan».
Altzoko Handiari buruzko informazioa zabaltzearena ez da atzoko kontua. Aurreko legegintzaldian pentsatzen aritu ziren gaia nola jorratu. «Haurrentzako operaren diskoa atera zen eta gero txotxongiloekin egindako opera, eta orain pelikula etorriko da», esan du Muruak. «Ikusten genuen lehenagotik etortzen zena baino jende gehiago etorriko dela, eta ikusi dugu gai honek pentsatzen genuena baino gehiagorako ere ematen duela». Informazioa bildu ahala, uste zena baino leku gehiagotan egon zen Eleizegi. Bestalde, karlisten gerra garaian bizi izan zen. «Materiala badago, eta herriko lau edo bost puntuk ematen zutela ibilbide bat egiteko ikusi genuen», azaldu du Muruak. «Hortik hasi gara, herria prestatzen bai herritarrentzako eta baita kanpotik datozenentzako ere».
Ibilbidea osatuta dago eta aurrera begira ere beste zenbait egitasmo dituzte buruan. Batetik, triptiko batzuk prestatu nahi dituzte eta espero dute datorren urte hasierarako prest izatea. Horrez gain webgune bat osatu nahi dute Altzoko Handiari buruz. Bertan, besteak beste, David Azurzak egin duen musikaren edo Koldo Izagirrek bildutako bibliografiaren berri ematea aurreikusten dute. Ikus-entzunezko bat sortzeko asmoa ere badute eta interpretazio zentro bat osatzearena ere bai. Izan ere, egun Batzarremuño kultur etxean erakusleiho bat dute, Altzoko Handiarenak izan ziren jaka, eskularru eta abarken kopia batzuekin.
Egitasmo guzti hauekin lotura duen beste proiektu batean ere sartuta dago udala. Izan ere, herrian zegoen taberna eta jatetxe bakarra itxita dago gaur egun. Hori horrela, udaletik ikusi zuten beharrezkoa zela leku bat izatea, besteak beste, bisitariak jasotzeko. Aukera ikusi zen taberna eta jatetxearen eraikina erosteko eta herri batzar bat egin ondoren horrela erabaki zen. «Ostatu izaera izatea nahi dugu, hau da, taberna eta jatetxea izateaz gain, bertako produktuak ere saltzea, eta informazio gune bat jartzea», esan du Muruak. «Herria prestatzen ari gara, eta behar dugu jendea jasotzeko leku bat. Eta orain taberna-jatetxea gai estrategiko bat da udalarentzat».
Altzoko Handiaren ingurukoa «dimentsio bat» hartzen ari dela dio Iztuetak. «Gainera, material berria topatzen ari dira. Luis Angel Sanchez Gomez antropologo madrildarrak liburu bat egin nahi du Handiari buruz. Altzon izan da, eta azaldu zigunez, datu eta informazio asko topatzen ari da Londresen». Iztuetak gaineratu duenez, «alde batetik harrituta gaude nolako bilakaera izaten ari den hau guztia. Bestalde, pozik ere bai; ea orain falta diren egitasmo guztiak osatzen joaten garen».