Nola iritsi zinen Altzoko Handiarekin lotura izatera?
Beno, ez nintzen ni iritsi, bera izan zen niregana iritsi zena. David Azurza izan zen bitartekaria. Musikaria, konpositorea eta kantaria da Azurza, interesatuta zegoen gaiarekin, eta proposatu zidan ea zerbait egingo ote genuen Altzoko Handiaren inguruan. Hasieran antzerki moduko zerbait izan behar zuena, gero kantuak sartu eta opera bihurtu zen. Horrela hasi nintzen honen inguruan hemen publikatua zegoenaren bila, eta gero horrelako interpretazio libre samar bat egin nuen.
Aurretik ezagutzen zenuen?
Bazela bai, apunte ziztrin batzuk ere banituen baina ezertarako balio ez zutenak. Esan daiteke David Azurzaren enkargua izan zela honen guztiaren iturburua nire kasuan.
Lan asko suposatu zizun informazioa topatzeak?
Opera bat zenez, eta haurrentzako, ez zitzaidan hainbeste interesatu informazio zehatza lortzea. Niretzako eszenan zer gertatzen zen eta zer portaera azaldu behar zuen Eleizegik, nolako pertsonaia agertu nahi nuen, horixe zen garrantzia zuena. Alegia, beldurgarria ote zen, indartsua ote zen, maitagarria ote zen, ergela ote zen... horrelako galderak egiten nizkion nire buruari. Pertsonaia bat eraiki behar nuen antzezteko, eta haren eboluzio bat. Dokumentazioan gehiago saiatu nintzen, noski, ibilbide bat osatzeko panel batzuk egitea eskatu zidatenean.
Gerora etorri da, beraz, dokumentazioan murgiltzearena.
Bai, testu informatibo batzuk sartu behar nituen paneletan. Ezin nuen fikzioan bezain libre aritu, eta orduan hasi nintzen begiratzen beste hizkuntzetan zer zegoen handiei eta ipotxei buruz, hau da, normatik gora edo behera egiten duen gizakiak nolako bizia egiten zuen, bereziki XIX. mendean. Oso gauza interesanteak aurkitu nituen. Migel Joakin Eleizegiren garai hartan sortu zen gizakiak show bezala erakustearena, zirkuetan eta. Artikulu dezentetan agertzen da Handia Portugalen, Espainian barrena, Frantzian barrena, Ingalaterran barrena... Baina horren berri emango zigun kronikarik ez geneukan hemen. Frantzian ordurako prentsa oso garatua zegoen, Parisen, Toulousen eta abar, eta aurkitu nituen erreferentziak eta zehatzago jakin ahal izan nuen nolako bizimodua egin zuen. Esate baterako, alokatu egiten zuten: etxera ekarri nahi bazenuen Handia jaten ikusteko, edo festa batean nahi bazenuen ikusgarri edo beldurgarri moduan erabiltzeko. Bisitak hartzen zituen hotel batean, eta bisitako dirua ordaintzen zen, tarifa batzuk zituen. Horrelako bizimodua izan zuen. Antzerkian ere ibili zen, datu berria da.
XIX. mendean bizitzeak horretara eraman zuen bere bizimodua?
Nik uste dut gaur egun antzekoa egin zezakeela. Badago jendea horrelakoak egiten dituena, ikusi besterik ez dago telebista kateak, nolako saio frikiak dauden, orain esaten den bezala... Azken finean, teknologia bakarrik aldatu da. Gizakia espektakulu bezala oraindik ere oso indarrean dago.
Migel Joakin berak nola bizitu zuen hau guztia?
Horretan erabaki gogor bat, esan dezagun, hartu nuen: paneletan informazio hutsa azaldu beharrean, lehen pertsonan ematea. Alegia, Handia bera mintzo balitz bezala. Horrela humanizatu egin dut pertsonaia. Uste dut legezkoa dela, batez ere aldamenean hainbat informazio objektibo sartu dudalako paneletan. Frantziako prentsaren testuak, Italian zer komentatzen zen, Madrilen... artikuluetan zer esaten zuten gure altzotarraz. Horrek askatasuna eman zidan Handiaren beraren ahotsa azaltzeko, eta berak nire ustez sentitu zituen une batzuk eman izan ahal ditut.
Nola aukeratu duzu zer jarri paneletan?
Nolabait lotu egin behar nituen lekuak eta informazioa. Altzo Azpin zerbait esan beharko nuen etxeari buruz, ume garaiko konturen bat edo beste. Elizaren parean dagoen panelean, heriotzari buruzko zerbait. Bere bizitzaren kronologia aurreneko panelean, perspektiba orokor bat izateko bere bizitzari buruz.
Panel horien diseinuak Juanba Berasategik egin zituen, zuk horrela proposatuta.
Oso laguna nuelako eta bizi naizen hurbilean zeukan estudioa, eta konfiantza osoko artista zelako. Oso ondo pasa genuen, asko interesatu zitzaion, poza hartu zuen lanarekin. Bere burua luzitu baino, lortu genituen garaiko prentsan azaldutako marrazkiak hobetsi zituen. Hori ere nobedadea da, orain arte pare bat bakarrik ezagutzen genituen eta beste bi azaldu dira. Horiek berregin zituen kolorea emanez eta handituz. Oso gustura gelditu nintzen eta bera ere bai; lan polita izan da.
Nola deskribatuko zenuke Handiaren bizitza?
Ez dakit zer sentituko zuen jendeak begiratzen zionean. Pentsatzen dut momentu tristeak bizituko zituela, beste momentu euforiko batzuk ere bai. Tolosan dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorrean dokumentazio asko dago, protokoloei buruz. Antza denez, diru pixka bat ekarri zuen, eta bati utzi eta besteari mailegatu, hogeitik gora dokumentu daude horri buruz, eta alderdi hori ere interesantea da. Egin beharko litzatekeen lana, ikusteko engainatu zuten edo ez, edo engainatzen jarraitu zuten. Zaila da jakitea nolako bizimodua eraman zuen, edo zer sentitu zuen.
Zerk egiten du erakargarri bere istorioa?
Ezohikoa dela, eta mundu mailakoa dela. Ipar Amerikara joan ez bazen ere, aipatzen dute hango egunkarietan. Oso handia zen, naturaren fenomeno bat zen. Bere azken urteetan gutun bat egin zion diputazioari halako pentsio bat eskatuz. Ez dakigu berak idatzi zuen edo idatzarazi zioten. Hor «aborto de la naturaleza» dio, hau da, naturak egindako ezgauza bat dela dio, naturak sortutako zatarkeria bat... errukia sortu nahian. Pentsatzen dut kontziente zela horretaz ere, eta horrek erakusten du ezohikoa zela. Horrek beldurra, izua, harrigarria izatea, kuriositatea sortuko zituen. Ez hurbilekoen artean. Interesgarria da orain arte izan dugun informazio gehiena erdaraz emana dela, gure hizkuntzak jakintza transmititzeko balio izan ez balu bezala. Baina Handiaren lehenbiziko aipamena Iztuetarena da, bere Gipuzkoako Probintziaren Kondaira-n aipatzen du. Eta bera da lehena Handia aipatzen bere neurri eta guzti. Liburua publikatu baino bi urte lehenago hil zen Iztueta, 1845an. Beraz, urte horretarako, alegia, 27 urte zituela, Migel Joakin ospetsua zen, munduan barrena ibilia.
Zer erakutsi dizu zuri Altzoko Handiak?
Hasteko, lan bat eman dit, zeregin interesgarria. Bigarren, gigantismoaren mundu ilun hori eman dit. Oso interesantea da, zer bizimodu, zer esplotazio jaso zituen. Eta gizarte ezberdin batean bizi bagara ere, hor jarraitzen duela espektakuluaren nagusigo horrek. Arautik gora edo behera dabilena, dela gorputzarengatik, dela ideiengatik, dela bizimoduarengatik, gaizki pasako duela edo behintzat ez dela «normaltzat» hartuko.
Eta zer uste duzu erakutsi diezaiokeela Altzoko Handiaren bizitzak gizarteari?
Askotan norberaren jarrera da testuen aurrean garrantzitsuena. Idazleak idazten duenak ez du baliorik irakurlerik gabe, eta irakurle guztiak gara ezberdinak. Bakoitzak bere ideiak aterako ditu, baina nire iritzian, Migel Joakin Eleizegik, altzotarrek Gure Haundie izendatzen duten horrek, hauxe ekarri digu, galdera xume eta sakon bat: zer da handitasuna?