Azkeneko fasean sartuta daude, hau da, soinuaren azkeneko pausoak ematen, musikari ere bukaera ematen, efektu batzuk integratu, eta gero etalonajea. Hilabete edo hilabete eta erdiko kontua dela dio, baina «aho txikiarekin», pelikularekin epe bat jartzen dutenean muga hori gainditu egin ohi dutelako.
Estreinaldiko data Zinemaldiak jartzen duela esan du Arregik. «Gure aurreko lanekin gertatu zen moduan, Loreak, 80 egunean, Lucio..., produkzio txikiak dira beste film batzuekin alderatuta, eta beharrezkoa dugu beti ahal bada zinemaldi indartsu bat izatea eta bertan estreinatzea». Arregik dioenez, «zorionez Donostian zinemaldi indartsua dugu, munduko hirugarrena edo laugarrena, eta asko horri begira jartzen gara».
Hori horrela, Donostiako Zinemaldiak bere maila duela gaineratu du zuzendariak. «Ikusiko dute eta laster esango digute zerbait, eta esan ahal digute ez zaiela gustatu, beste askotan esan duten moduan. Beraz, horren zain gaude, ea zer erantzuten duten. Polita izango litzateke bertan estreinatzea, baina ez bada horrela, beste bide bat pentsatu beharko genuke». Arregik zehaztapen bat egin nahi du: «Askok pentsatzen dute gure aurreko lana, Loreak, Sail Ofizialean egon zelako, pelikula honek ere erraza izango duela Zinemaldian izatea. Baina ez du zertan horrela izan. Maila handiko hainbat zuzendarien lanak atzera bota izan dituzte».
Pelikularen grabaketa Aundiya izenburuarekin hasi zuten, baina ez dirudi azkenean izenburu horrekin estreinatuko denik. «Gure artean txistea dugu», esan du Arregik, «erabakitzen dugun azkeneko gauza titulua izaten dela. 80 egunean filmak ia bukaeraraino Axun eta Maite izena zuen, eta Loreak hasiera batean Loreak errepidean izan zen». Altzoko Handiaren pelikularen izenburuarekin ere buelta asko ematen ari dira, eta datorren astean erabakiko dute, baina ziurrenik Handia izenburua izango du.
Altzora jendea joan izan da Handiaren berri jakitera, eta pelikula filmatzen hasteak hori areagotu egin du. «Horrek erakusten du interesa dagoela zer egin dugun jakiteko, eta presioa ere bai, eta zentzu onean esaten dut. Hainbat elementu badaude jakin-mina sortzen dutenak, hau da, zelan egin dugun erraldoia, XIX. mendearen irudikapena...». Arregik pentsatzen du filma estreinatzen denean jende-olatu bat izan daitekeela: «Jendea egun pasa Altzora joan, Handiaren etxea ezagutzera, eta Altzo bera ere bai, oso polita delako. Azken finean, plan ederra delako». Presioa badagoela baina «harrotasun puntu bat» ere bai, esan du Arregik, «figura hau, bere mundua eta bere herria pixka bat ezagutarazteko zerbait egin dezakegulakoan».