1997an kokatu behar da gaur egun ezagutzen den Sutarri dantza taldearen sorrera. Orduan, enpresa pribatu batek kudeatzen zuen Alegiako kultur etxea. «Dantza ikastaroak antolatzen hasi ziren bertan, baina herri mailako festetan ez zuen oihartzunik; dantzariek ez zuten ekitaldietan parte hartzen». 1999an, egoeraz jabetuta, Juan Mari Oiartzabal udal ordezkariak dantzari horien gurasoei proposatu zien ikastaro horiek beregain hartzeko, eta hala hasi ziren. 1997a da dantza taldearen sorrera urtea bezala ezagutzen dena.
Tolosako Udaberri dantza taldeko kideak hasi ziren orduan Alegiako haurrei dantzatzen irakasten. «Guk materiala eta jantziak bildu eta argazki artxibo bat osatu genuen. Herri mailan, gainera, ekitaldietan parte hartzen hasi ginen». Beranduago, aldaketak izan ziren udalean, taldearen onerako. «Gurasook ez genuen taldea aurrera eramateko nahikoa diru, eta ekonomikoki laguntza handia eman ziguten. Esaterako, Gipuzkoako dantzetan erabiltzen diren jantziak egin ahal izan genituen».
2004an, gutxi gorabehera, Udaberriko kideek dantza irakasteari utziko ziotela esan zieten. Horrekin batera, kultur etxearen kudeaketa udalaren gain geratu zen, enpresa pribatuak utzi egin zuelako. «Tartean, enpresarekin ez ginen adostasun batera iritsi. Ikastaroen kudeaketa gure gain hartuko genuela proposatu genion, baina aldi berean, lokala uztea eskatu, entseguak bertan egiteko. Berak, ordea, alokairu bat eskatu zigun, baina guk ez genuen nahikoa diru hori ordaintzeko. Azkenean, herriko eskolan galdetu eta bertako geletan entseatzen hasi ahal izan genuen». Hala ere, begirale edo irakasle gabe zeuden dantzariak. Orduan, Villabonako Oinkari dantza taldearekin jarri ziren harremanetan. «Bi irakasle etorri ziren, eta hala lortu genuen entseguekin jarraitzea».
Izen berria, garai berriak
2009ra arte, Alegiako dantza taldea bezala aurkezten ziren. Urte hartan, guraso bilera batean erabaki zuten izen propio bat izateko garaia zela, eta talde guztiaren artean askotariko proposamenak jaso zituzten. Azkenean, epaimahai batek Sutarri dantza taldea izendatzeko erabaki hartu zuen. Izenaren jatorriari buruz galdetuta, Marta Iraolak dio ez duela azalpenik: «Su eta harri hitzen elkarketa da, besterik gabe».
Herritar ia denak igaro dira dantza taldetik. 20-25 kide ingururekin abiatu ziren 1999an. Pandemia aurretik ehun dantzari izatera iritsi ziren, baina gero jaitsiera nabarmena izan zuten. «Pandemiak eragindako garaia nahiko txarra izan zen, baina berriro martxa hartzea lortu genuen. Ez bagenuen aurrera jarraitzen, oso zaila izango litzateke berriro dinamikan sartzea. Azken urte hauetan, lehengo egoera berreskuratzen ari gara pixkanaka, eta gogotsu gaude urteurren berezia ospatzeko», adierazi du. Aurten, besteak beste, dantzari helduen bi talde dituzte. Herritar asko dantza taldetik igarotzea «oso aberasgarria» izan dela nabarmendu du Iraolak. «Dantzak garai berrietara egokitzen jakin duen moduan, guk ere berdin egin dugu. Dantza tradizionalarekin hasi ginen, eta irakasleak aldatu ahala, dantza garaikideari tokia egin diogu».
Taldeak urteak betetzen jarraitzen badu ere, atzetik datozenei tokia egiten hasteko unea heldu dela esan du. «Ni erreleboa eskatzen ari naiz jada, baina polita litzake taldeak beste horrenbeste urte betetzea. Bestela, pena litzake horrenbesteko lana suposatu zuen proiektu batek amaiera izatea. Nola edo hala aurrera egiteko modua bilatu beharra dago». Belaunaldi berriei ideia hori transmititzea, ordea, «konplexua» dela aitortu du.
Marta Iraola: «Polita litzake taldeak beste horrenbeste urte betetzea»
Ohiko saioak eta bereziagoak
Iraolak aitortu duenez Sutarrirentzat «garrantzia berezia» du 2024ak, mende laurdena betetzen duelako. Hori dela eta, urte guztian zehar egingo dituzte 25. urteurreneko ekitaldiak. Gaur izango da lehena, eta bi saio egingo dituzte kultur etxeko areto nagusian, 19:00etan eta 22:00etan. Herriko kultur talde gehiagorekin osatutako saioak izango dira; izan ere, Intxurre antzerki taldea eta Txintxarri abesbatza ariko dira dantzariekin batera. «Dantza tradizionala eta garaikidea uztartu daitezkeela erakustea da lehen emanaldi honen asmoa, eta antzezlanak ere lotura izango du uztartze horrekin».
Udaberriko ekitaldiekin jarraituz, apirilaren 29tik maiatzaren 4ra bitarte, erakusketa bat jarriko dute udaletxeko ganbaran. Bertan, dantza taldeak urte hauetan guztietan erabilitako jantziak eta taldearen argazki historikoak ikusteko aukera egongo da.
Maiatzaren 4an, Sutarri Eguna ospatuko dute, egun guztiko egitarauarekin. Goizean, kalejira herrikoia egingo dute musikariekin herrian zehar, eta leku desberdinetan dantzan ariko dira. «Interesa duten herritarrek aukera izango dute kalejiran gurekin batera parte hartzeko. Horretarako, zenbait dantzen entseguak egingo ditugu aurreko asteetan». Ondoren, bazkari herrikoia egingo dute, eta erromeriarekin emango diote amaiera egitarauari. 25 urte hauetan taldetik pasa diren dantzari guztiak ere gonbidatu dituzte eguneko ekitaldietan parte hartzera.
Aurrerago, udara gerturatzearekin batera, urtero egin ohi dituen emanaldiak egingo ditu dantza taldeak: ekainaren 7an ikasturte amaierako ohiko emanaldia, ekainaren 23an San Joan bezperako saioa Txintxarri abesbatzarekin batera eta uztailaren 16an, herriko festen barruan, Karmen Eguneko emanaldia. Beranduago, udazkenean, Dantzari eguna antolatuko dute; urriaren 20an izango da. «Azken hau ez da urteroko ekitaldi bat, eta beraz, aurten berezia izango da, are gehiago, urteurrenagatik», azaldu du Iraolak.
Herrian lekua, Korrikan lekukoa
Iraolak Alegiak eta alegiarrek Sutarri dantza taldearen alde egindako lana eskertu du. «Herritarrek ondo erantzuten dute beti zerbait antolatzen dugunean. Alde horretatik ez daukagu kexatzeko arrazoirik». Ondorioz, herrian bere lekua aurkitzen jakin duen taldea da. Bada, aurten, 25. urteurrenean, eta Korrika herritik igaroko dela jakinda, Alegiako Korrika Batzordeak aitortza egin nahi dio taldeari: Korrikako zati bat egingo dute Sutarriko kideek. «Lekukoarekin egingo duten korrika zatia erdigunean izango da. Plaza inguruan, herritar gehien pilatu daitekeen eremuan, sinbolikoa den lekuan», azaldu du Unai Iraola batzordeko kideak.
Marta Iraola: «Herritarrek ondo erantzuten dute beti; ez daukagu kexatzeko arrazoirik»
Sutarri dantza taldea alegiarrentzat «eredugarria» dela gaineratu du batzordeko kideak. «Bizi handia ematen dio. Euskal kultura dantzaren bitartez zabaltzeko lan handia egiten dute, musu-truk eta auzolanean, eta modu horretan aritzea ez dago modan. Sutarrik bere nortasunaren zati handi bat eman dio herriari, ekarpen handia eginez. Beste eragile batzuek antolatutako ekitaldi desberdinetan ere parte hartu dute, borondate onarekin beti, eta hori eskertzekoa da».
Unai Iraola: «Sutarrik bere nortasunaren zati handi bat eman dio herriari»
Etorkizunera begira, belaunaldi berrientzako aisialdirako aukerak zabalik mantentzen dituen talde bat dela azpimarratu du batzordeko kideak. «Lehenago edo beranduago, aurrez aipatutako balioak indartu beharko dira, eta zentzu horretan, gurea bezalako herri txiki baina anitz batean, guztien integraziorako funtzio garrantzitsua betetzen du».
Datozen bi egunetan aspertzeko aukera gutxi izango da Alegian. Gaur, ostirala, Korrika Txikia egingo dute, eskolak antolatuta. Bihar, larunbata, argazki erakusketa berri bat jarriko dute goizean, Kultur Kabinan, eta joaldunak herrian zehar giroa sortzen ariko dira. Korrika igaro ondoren, zagi ardoan bazkaltzeko aukera izango da, eta arratsaldean, musikaz girotuko dute herria. Gaztetxeak ere gazte eguna antolatu du, eta eguerdian bazkaria egingo dute eta gauean kontzertuak izango dira. Biharko egun bereziaren aurrean, bi sentimendu dituzte Marta Iraolak eta Unai Iraolak: «Poza edo ilusioa eta urduritasuna».