Esentzia mantentzen duen eskola

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 22a, 18:00

Ostegunean, eta kultur astea abiatzeko, Adunako eskolan ibilitako belaunaldi ezberdinetako guraso, irakasle eta ikasleek herri solasaldia egin zuten elizan; garai bateko argazkiak ere erakutsi zituzten.

Duela gutxienez 70 urte kenketak eta batuketak egiten ikasteko eskolan erabiltzen zuten koadernoa erakutsiz abiatu du herri solasaldia Bibi Tejeria Adunako eskolako ikasle ohiak. Gogoan du Espainiako bandera nola jarri behar izaten zuten eskola atarian eta nola kantatu behar izaten zioten.

Urte batzuk beranduago eskola berean ibilitako Juan Kruz Igerabidek ere ikasi zituen Cara el sol bezalako kantuak eta haiek ahopean hartuta etxera sartzerakoan akordatzen da aitaren disgustuarekin. Irakasletza ikasi ondoren, urtebete egin zuen maisu Igerabidek Adunan. «Eskola salbajea baina giro dibertitua zegoen». Idazleak esan du umeei idazteko joera garai hartatik datorkiola, faltan zeukatenez berak sortu behar izaten zuelako materiala.

Urte hartan Arantza Zabalak irakasle izan zuen Igerabide eta akorduan du euskaraz aritzera pasa zirela. Izan ere, euskara baino ez zekiten Adunako ume haiek. Horrekin konturatuta gaztelania erakutsi beharraz ohartu zen Karmele Ugarte Adunan urte askoan irakasle ibilitakoa urte batzuk beranduago. Ikasle izan zituen Iasone Arrospide eta Naiara Artola sinetsita zeuden gaztelaniaz hizketan ikasgelan azaltzen zen andre hura andereño Karmeleren ahizpa bikia zela. Sagardotegietara eta baserrietara egiten zituzten irteerak, Basopeta eta Belkoainera egindako txangoak eta euskal jaiak nola lantzen zituzten aipatu du Ugartek.

HERRIAREN BABESA

Eskolako irakasle izandako Begoña Zelaia eta Lidia Urdinlaizek nabarmendu dute baldintza onenak ez baziren ere, esperientzia «oso ederra» izan zela haientzat Adunakoa. «1984an iritsi nintzen eta guraso batek esan zidan niretzako gelarik ez zegoela, mesedez ez ezer esateko delegaritzan. Apaiz etxe azpian egokitu genuen gerora ikasgela, gure modura moldatu ahal izan genuen eta luxu bat izan zen», esan du Zelaiak. Gurasoengandik eta herri osoarengandik jasotako babesa du gogoan Amaia Sanchezek, bi aldi ezberdinetan irakasle izandakoak. «Apustua izugarria izan zen eta zazpi ume egonagatik ere udalak gugan sinetsi zuen».

Jabier Zabala alkate izandakoak aitortu du apustua «ongi» atera zitzaiela. 1997an Adunan lehen aldiz ospatutako Eskola Txikien Festa antolatzen aritu zen Josune Gerrikagoitia eta Mailu Aburuzarekin batera. «Vatikanoan ez beste leku guztietan eskatu genuen dirua», esan dute.

Hiru lagun hauek jardun zuten nagusiki duela 26 urteko festaren antolaketan. 2024koa prestatzeko jende gehiago arituko dela aipatu dute Itsaso Noval eta Amaia Zarauzek, gaur egungo eskolako zuzendari eta idazkariak. Erronka «polita» dela diote eta eskolan dabiltzan 54 ikasleak eta haien gurasoak «gogotsu» daude festa antolatzeko. «Handitu da tamainaz baina esentzia mantentzen du eskolak», esan dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!