Eskola Txikien festaren logoa aurkeztu dute Adunan

Leyre Carrasco 2023ko aza. 19a, 14:21

Datorren urtean Adunan ospatuko da Eskola Txikien festa eta dagoeneko ekin diete prestaketa lanei; Paule Cestau Sanchez ikasleak sortu du logo berria.

«Hurrengo urteko festarako logoa nola sortu erabakitzeko garaian, lehiaketa antolatzea ikusi genuen egokiena», kontatu dute antolatzaileek. «Hori bai, Adunan ospatutako aurreko festa oinarritzat hartuta, argi geneukan parte-hartzaileak herritarrak izatea nahi genuela, herritar batek herriarentzat sortutako logoa nahi baikenuen, Adunaren izaera islatuko zuena, Aduna benetan ondo ezagutuko zuen norbaitek egina, aurreko festan gertatu zen bezala», gehitu dute.

Lehiaketako parte-hartzaileak ez ezik, epaimahaikideak ere herritarrak izatea garrantzitsua ikusi zuten, «logoak behar bezala baloratzeko eta jakiteko ea Adunarekin loturarik bazuten». Hortaz, Maite Oiartzun, Juan Kruz Igerabide, Xole, Ainhoa Arruti udal-ordezkaria eta Itsaso Noval Adunako eskolako zuzendariak osatu zuten epamahaia. Aurkeztutako lanen artean, hiru logo izan ziren bozkatuenak: Hirugarren postua Axel Carrillo Aiertzak eskuratu zuen, 4 punturekin; bigarren postua Maider Olano Mitxelenak, 6 punturekin; eta lehen postua, berriz, Paule Cestau Sanchezek eraman zuen 9 punturekin.

Epaimahaikideek honela arrazoitu zuten Eskola Txikien festaren logo berriaren aukeraketa: «Adunako esentzietako bat jasotzen du: sagarra. Linea garbiak dauzka. Bihotza irudikatzen du sagarrarekin. Elkartasuna, maitasuna adierazten du horrela. Letren tamainarekin eta kolorearekin jokatu du, berde-tonu desberdinekin. Gogoratuko den logo bat izango dela dirudi, erraz gogoratzekoa. Ez da astuna».

Hortaz, gaurtik aurrera nahi duen orok izango du Cestauk sortutako irudia soinean eramateko aukera. Hain zuzen, salmenta-taldekoek postua jarri dute goizean herriko plazan, Eskola Txikien Adunako Festako materiala erosi nahi izanez gero ere. Horrez gain, pintxoak eta edariak ere salgai izan dituzte goizean zehar, Adunako Eskola Txikien Festarako dirua lortzeko, plazan jarriko diren mahaietan. Eta, gaur goizeko ekitaldia amaitzeko, 12:30etan hasita Loatzo musika eskolako bandaren emanaldiaz gozatzeko aukera ere izan dute gerturatu direnek.

Lehen festa Adunan

Eskola Txikien Festa 1997ko ekainaren 8an izan zen aurreko aldian Adunan. Antolatzaileek oroitu bezala, «oso festa berezia izan zen, eta orduko ume, gazte zein helduen buruan gordeta egongo da, seguraski, herri osoak hartu baitzuen parte festa horretan». Festa hartako logoa Ekaitz Otegi Lizarraldek egin zuen, une hartan Adunako eskolako ikaslea zenak, gainontzeko ikasleen laguntzaz.

Jarri da abian atzera-kontaketa, hilabeteak baino ez dira falta Adunako kaleak Gipuzkoa osoko herritarrei harrera egiteko prest jartzeko. Eskola-komunitateko kide guztiak  «ilusioz eta gogotsu» daudela aitortu dute: «Guraso, ikasle zein irakasleak, eta herritarrak ere emozio handiarekin sumatzen zaituztegu, azken finean denok osatzen baitugu Adunako eskola, eskola bera ez baita ezer herririk gabe, eta herriarentzat ere aberasgarria baita eskola, eskolak herritarrak sortzen laguntzen baitu, herria maitatzen, herria ezagutzen, laburbilduz, herria bizitzen eta herriari bizia ematen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!