Eskola Txikien Festarako logoa, aukeratuta

Ataria 2023ko aza. 19a, 14:00

Gaur kultur asteko egitarauaren barruan aurkeztu dute Adunako Eskola Txikien Festaren logoa. Lehiaketa bidez erabaki dute jaiaren irudia izango dena eta Paule Cestau Sanchez eskolako ikasleak egindakoa suertatu da irabazle.

«Adunako esentzietako bat jasotzen du: sagarra. Linea garbiak dauzka. Bihotza irudikatzen du sagarrarekin, elkartasuna, maitasuna adieraziz. Letren tamainarekin eta kolorearekin jokatu du, berde tonu desberdinekin. Gogoratuko den logo bat izango dela iruditzen zaigu», esan dute epaimahaikideek.

Adunaren izaera islatuko zuena eta herritar batek egina izatea. Horiek ziren logoari jarri zaizkion baldintzak lehiaketaren oinarrietan. 1997ko Adunako Eskola Txikien Festarako irudia ere modu berean aukeratu zuten eta orduko hartan beste ikasle batek, Ekaitz Otegi Lizarraldek egin zuen logoa bere ikaskideen laguntzaz.

Salmenta taldekoek postua jarri dute plazan logo berriarekin prestatu duten materiala banatzeko. Horrekin batera, pintxoak eta Loatzo musika bandaren emanaldia ere izan dira.

Hilabeteak baino ez dira falta Eskola Txikien Festa Adunan ospatu dadin, ekainean ospatuko baita. Eskola komunitateko kide guztiak «ilusioz eta gogotsu» daudela esan dute festaren antolatzaileek: «Herritarrak ere emozio handiarekin sumatzen ditugu, azken finean denok osatzen dugu Adunako eskola; eskola bera ez da ezer herririk gabe eta herriarentzat ere aberasgarria da eskola. Herritarrak sortzen laguntzen du eskolak, herria maitatzen, herria ezagutzen, herria bizitzen, eta laburbilduz, herriari bizia ematen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!