Igandean Eskola Txikien Festa egingo dute Adunan

Ataria 2024ko eka. 11a, 17:57

Herri eta auzo txikientzat eskolak «estrategikoak» direla aldarrikatuko dute Gipuzkoako sarea osatzen duten 27 eskoletako kide direnek.

Igandean ospatuko da Adunan Gipuzkoako Eskola Txikien 35. Festa. Herrian eta auzoan eskola izateak duen garrantzia aldarrikatuko dute eta Asier Sasieta Gipuzkoako Eskola Txikien Gurasoen Koordinakundeko lehendakariak aipatu duenez, Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik leloa eramango du festak. Egun osoko egitaraua prestatu dute adunarrek eta Elene Aburuza eta Ekhi Matute ikasleek «urduri baina irrikaz» daudela aitortu dute. Gainerako eskola txikietakoak gonbidatu dituzte igandean Adunara etorri daitezen.

Festa antolatzeko laguntza eman duten guztientzako esker hitzak izan ditu Lorea Iñigo Basopeta guraso elkarteko kideak: «Lanera etorriko diren boluntario guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, baina baita materiala utziz, diruz lagunduz edota produktuak oparituz laguntza eman duten guztiei ere». Iñigoren esanetan Eskola Txikien Festak agerian uzten du eskola txikien komunitate sentimendua. «Antolaketa lanetan gabiltzanetik argi geratu zaigu 27 eskolez osatutako sare handia osatzen dugula; batzuekin distantziaz urrun egon arren, antzeko izaera eta errealitatea partekatzen dugu». 

Hezkuntza ikuspegia da, hain zuzen, eskolek partekatzen dutena Irati Manzisidor irakasleen koordinatzaileak azpimarratu duenez. «Eskola txikiok landa eremuko herri eta auzo txikietako eskola publiko eta euskaldunak gara. Ikasle eta irakasleek herri edo auzo horren pertenentzia, atxikimendu eta parte hartze sentimendu indartsua lortzea dugu helburu. Izan ere, umeengan herriarekiko erroak eta lotura estua sortzea beharrezkoa du herri batek bere oraingo eta etorkizuneko izana ziurtatzeko».

Ideia bera berretsi du Kristina Rodriguez Adunako alkateak eta eskola txikien garrantzia azpimarratu du: «Gure seme-alabek euskaraz ikasi eta bizitzeko lagungarri izateaz gain, gure baloreak belaunaldiz belaunaldi transmititzeko ezinbestekoak dira». Landa eremuko herri eta auzoetako jakintza, kultura, balio eta tradizioak etorkizunerako oinarri dituztela gaineratu du Manzisidorrek. «Euskararen arnasgune nagusiak herri eta auzo txikietan ditugu eta honek horrela jarrai dezan lan egiten dugu eskola txikietan», aipatu du irakasleen koordinatzaileak.

Itsaso Noval Adunako eskolako zuzendariak ere eskola txikiek herri eta auzoei «bizia» ematen dietela esan du. «Aniztasunean, euskaraz, familia giroan eta naturarekin harremanetan hezten dira. Horrez gain, teknologia berrietan eguneratuak gaude eta kalitatezko heziketa eskaintzen dugu», esan du zuzendariak.

Eskola denontzat irekia

Adunako eskolaren ibilbideaz aritu da Noval. «Eskola udaletxe azpian zegoen, erdaraz ikasi eta irakasten zen, entziklopediatik. 76-77 ikasturtean hasi zen euskarazko irakaskuntza baliabide gutxirekin. 1995ean eskola aldatu zen eta gaur egungo eraikina egin zen. Irakasle gehiago eta espezialistak hasi ziren lanean, bi gelako eskola bazen ere, oraindik ere ume gutxi zebilen eta ez zegoen jangelarik. 2001ean zabaldu zuten 7-9 umerekin, bai jangela, baita siesta egiteko gela ere. Zorionez herritarrek eskola txikiengan sinesten dutelako eskola mantendu egin da eta gaur egun 54 ikasle ditugu, Haur Hezkuntzan 16 ikasle ditugu eta Lehen Hezkuntzan 38».

Paisaia asko aldatu den arren, «esentzia» mantendu dutela aipatu du zuzendariak. «Eskola txikiak gertukoak, atseginak, erosoak, herri eta auzoekin lotuta daudenak dira. Guztion eskola eta denontzat irekita dagoena gara». Elkarlanaren beharra azpimarratu du, bere aldetik, irakasleen koordinatzaileak. «Familiekin, herri erakundeekin edota bestelako elkarte eta eragileekin aritzen gara. Elkarlan horren isla dugu Adunan festa antolatzeko egiten ari diren auzolan erraldoia», gaineratu du Manzisidorrek.

Egitarau oparoa igandean

Adunako eskolako zuzendariak ere nabarmendu du talde lanean aritu direla auzokideak, gurasoak, ikasleak eta irakasleak. Prestaketan «indar, gogo eta ilusio» guztia jarri dutela aitortu du. Alkateak, bere aldetik, aipatu du elkarrekin lan egiteak «indartu eta batu» egiten duela herria. «Zorionak buru-belarri lanean ibili zareten guztioi eta gonbita luzatu nahi nizueke azken txapan, horrelaxe jarraitu ezazuen. Lanean bada ere, egun horretaz goza ezazue». Eskola txikietako parte direnei luzatu die Rodriguezek gonbidapena, baita instituzioei eta inguruko herritarrei ere. «Zaindu ditzagun herri txikiekin batera eskola txikiak eta egin ditzagun handi guztion artean», aldarrikatu du.

Askotariko egitaraua prestatu dute iganderako eta antolatzaileek nabarmendu dute herriko ikur diren zenbait eragilek tokia izango dutela festan, hala nola, sagardogileek eta Zirkuola arte eszenikoen lantegiak. 10:30ean egingo dute harrera ekitaldia, eta 13:00etan, berriz, lekukoa hurrengo festa antolatzaileei pasa aurretik, sagarraren inguruan beste ekitalditxo bat egingo dute plazan. Futbol zelaian jarriko duten karpa erraldoian egingo dute bazkaria eta 330 lagunek eman dute izena dagoeneko. Arratsaldean jolas gehiago, eta 17:30ean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abestien koreografiak eginez amaituko dute festa.

Basopeta elkarteko ordezkari den Iñigok azaldu du aparkalekuak jarriko direla herriko industriaguneetan eta 10:00etatik 19:30era doako autobus zerbitzua jarriko dutela bertatik herriko plazara igotzeko. Joan-etorrian ibiliko dira autobusak egun osoan zehar.

Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik daudela aldarrikatu eta ospatzeko festa izango da datorren igandekoa Adunan. «Gipuzkoako 27 eskola txikiak, Arabako eta Bizkaikoekin saretuta lanean dihardugu gure haurrek jaio diren herri eta auzoan bertan kalitatezko hezkuntza publikoa jaso dezaten», aipatu du Manzisidorrek. Aldarriarekin bat egiten duten guztiek hitzordua izango dute igandean Adunan.

Ekainak 16, igandea

  • 10:30 - 11:00. Harrera ekitaldia.
  • 11:00 - 13:00. Zirkuola.
  • 11:00 - 13:00. Sagarraren ibilbidea eta Txiki zumba.
  • 11:30. Sagarraren bidea egiteko aukera izango da egun osoan zehar. 11:30ean bisita gidatua.
  • 13:00 - 14:00. Sagar eta lekuko aldaketa ekitaldia.
  • 14:00. Bazkaria eta bingo musikatua.
  • 14:30 - 17:30. Txiki Txoko: egurrezko jolasak, eskulanak eta tailerrak, saharar haima, makillajea, ile-apaindegia, argazki gunea, pottokak eta punteria jolasak.
  • 17:30. Bukaerako ekitaldia Pirritx, Porrotx eta Marimotots. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!