ELKARRIZKETA

«Gorputzak esaten dizuna kanpora ateratzea da dantza»

Jon Miranda Labaien 2026ko ekainaren 14a

Itziar Otamendi Arrieta dantzaria. J.M.

Itziar Otamendi Arrieta Añorgako Arkaitz dantza taldean umetan hasi zen arren, berehala eman zuen saltoa Argia dantza taldera. Han dabil ordudanik, baina dantza beste hainbat esparrutara ere badarama: irakasle den eskolara, bizi den herriko –Zizurkil– dantza taldera, edo edozein erromeriatara.

Dantza bizitzeko modu bat da Itziar Otamendi Arrietarentzat (Añorga, 1971). Txikitatik euskal kulturaren bueltan hazita, sei urterekin egin zituen lehen pausoak dantzan, eta ordutik ez da oholtzetatik, plazetatik eta entsegu-guneetatik urrundu. Argia dantza taldeko kide historikoa da, irakaslea, sortzailea eta transmisioaren aldeko defendatzailea. Dantzaz hitz egiterakoan, ordea, euskaraz, ondareaz, konpromisoaz eta herrigintzaz ere ari da.

Noiz hasi zinen dantzatzen?

Zorionez, guraso maitagarriak ditut, eta txikitatik eraman gintuzten dantzara. Sortzez Donostiako Alde Zaharrekoak dira, eta Añorgara bizitzera joandakoan, ikastolen mugimenduan murgildu ziren. Añorgan dantzak indar handia dauka. Hortaz, ni sei urterekin eraman ninduten dantzara, eta anai-arrebak ere adin bertsuarekin –lau gara, eta laurok dantzariak–. Aurten, Añorgako Arkaitz dantza taldearen 100. urteurrena ospatzen ari gara.

Zergatik hasi zineten dantzan eta ez beste ezertan?

Gurasoak betidanik egon dira euskal kulturan murgilduta: abesbatzan, dantzan, ikastolan... Guk ere etxean bizi izan dugu giro hori, eta naturaltasunez jaso dugu. Kantua, dantza, instrumentuak eta musika beti izan ditugu inguruan. Azken batean, dantzarako musika behar da; musikak dantzara eramaten zaitu, eta baita kantura ere. Gure garaian denak pasatzen ginen dantzatik; dantzatik bezala, pilotatik, eta geroago, futboletik. Gaur egun aldatu egin dira joerak.

Zergatik uzten diogu dantzatzeari?

Ez dakit esaten. Kirola oso barneratuta dago gaur egungo gizartean, eta azken urte hauetan, badirudi besterik ez dela existitzen. Dantza taldeetan beherakada sumatzen da: lehen dantzari asko izatetik gutxiago izatera pasatu gara. Hasiera batean mutilekin gertatu zen beherakada, baina orain nesken artean ere sumatzen ari da. Kirola egitea oso ongi dago, baina gauza batek ez du bestea baztertu behar; eta gaur egun, zoritxarrez, kirolak espazioa kentzen dio dantzari.

Ikusgaitasun handiagoa eman beharko litzaioke dantzari?

Bai. Kirola eta antzeko jarduerak egunerokoan eta toki guztietan ikusgarri daude, baina dantza, berriz, ez. Non daude ikuskizunak? Hezkuntzan ere dantzak leku handiagoa izan beharko luke. Ni irakasle aritzen naiz, eta gure eguneroko jardunean txertatuta daukagu dantza, haurrekin dantzatu eta kantatu egiten dugu egunero-egunero. Donostia inguruko dantzak ikasten ditugu. Haurrek txikitatik ezagutu behar dute hori guztia, gero aukeratu ahal izan dezaten.

Denok al dakigu dantzan?

Bai, gakoa sentitzea da. Gorputzak esaten dizuna kanpora ateratzea da dantza. Gainera, uste dut denok daukagula hori: batzuek ageriago dugu, eta beste batzuek, barrurago. Umetan, ohartzen bazara, denek dantzatzen dute, neskek zein mutilek.

Mugimenduak zer dakar berekin?

Bizipoza. Tentsiozko momentuak eten egiten dira, eta bakea ematen du. Dantzatzeak alaitasuna ematen du. Alaitasun handia. Gainera, ez dakizu zeinen ona den dantza gorputzarentzat, psikomotrizitatearentzat, garunarentzat, lateralitatea lantzeko... Denetarako da onuragarria.

Zein alde dago plazetako dantzen eta dantza taldeetan egiten diren euskal dantza tradizionalen artean?

Bi errealitate desberdin dira. Gauza bat da gorputzetik naturalki ateratzen zaizuna, eta beste bat, dantza taldeetan lantzen diren koreografia eta dantza zehatzak. Azken horiek zuzenduak izaten dira, elkarrekin egiten dira, eta nolabaiteko egitura eta lanketa eskatzen dute; ia taula gimnastiko baten moduan ikasi edo sortzen dira.

Plazetako dantza eta taldeetan egiten denaren artean arrakala dagoela esango zenuke?

Nire ustez, bereizketa hori apurtu egin behar da. Kontua ez da batzuek ondo egiten dutela eta besteek gaizki; dantza gozatzeko eta adierazteko modu bat da. Niri, behintzat, izugarri gustatzen zait adinekoak erromerietan ikustea beren erara dantzan. Haiei begira egote hutsarekin asko gozatzen dut.

Osasuntsu al daude erromeriak?

Uste dut garai apalagoak ere izan dituztela, baina badirudi orain jendea egoerari buelta ematen hasi zaiola. Toki askotan ari dira erromeriak berreskuratzen, batez ere uda garaian. Udazken eta negu partean badugu, adibidez, Aristerrazukoa. Guk ere duela gutxi egin genuen erromeria bat Zizurkilen, Maiatza Saltsan ekimenaren barruan. Zergatik ez berreskuratu halako espazioak?

Dantzarako konplexu asko ditu jendeak?

Lehen, erromerietan denek dantzatzen zuten; gero, ordea, dantza taldeak indartzen joan ahala, plazetako jende askok lotsa edo distantzia sentitu zuen. Askok pentsatzen zuten: «Zeinen ondo dantzatzen duten hauek!», eta horrek atzera egitera eraman zituen batzuk. Azken hiru urtetan, Bukalai taldean dantza eskolak ematen dizkiet helduei. Ikasleek esaten didate fandangoa edo arin-arina dantzatzen erakusteko, mesedez. Nik erantzuten diet, ordea, jakin badakitela, plazara atera eta egiten dutela bada. Esaten didate ez dutela nik bezala egiten, baina hara, nik haiek bezala ere ez. Norberak bere modua du dantzatzeko, eta ez da bat bestea baino hobea.

Zuk ezberdin dantzatzen duzu erromeria batean edo dantza taldean?

Bai. Dantza taldean nagoenean, egin beharreko horretara egokitzen naiz: denok modu berean dantzatu behar dugu, eta pausoak ahalik eta berdinenak egin. Plazara noanean, ordea, ateratzen zaidan bezala dantzatzen dut; askatasun handiagoz. Ez dut sekula egitura edo koreografia berbera errepikatzen: batzuetan modu batera ateratzen zait, eta beste batzuetan, beste batera.

Dantzarako adin mugarik ba al dago?

Uste dut dantzatzeak ez duela iraungitze datarik. Ezintasun fisikoa izan daiteke muga, baina nik ahal den gehiena dantzatu nahi nuke. Dantza taldeetan, berriz, uste dut jende gazteak dantzatu behar duela. Nik emanaldietan dantzatzen ez badut ez da ezer pasatzen. Hori bai, jendea beharbada, eta egin badezaket, prest egoten naiz dantza egiteko, betiere, estetikoki ongi geratzen bada.

Zure adinako konpromisoa al dute gaur egungo gazteek dantzarekiko?

Gizartea aldatzen ari da. Ez da bakarrik dantzan gertatzen. Lehen konpromisoa hartu eta bete egiten genuen, baina gazte bati, momentu honetan, saioa daukan asteburuan beste plan bat atera eta oso erakargarria egiten bazaio, hara joango da dantza alde batera utzita. Lehentasunak aldatu egin dira, eta balioak ere bai. Frustratu egiten naiz batzuetan, baina nik bakarrik ezin dut mundua aldatu.

Garai bateko zer berreskuratuko zenuke, eta gaur egungo balioetako zein hartu?

Konpromisoa, adibidez, garai batean genuena. Euskararekiko eta euskal kulturarekiko militantzia horren mira dut. Eta gaur egungo garaietatik, generoan egin diren aurrerapausoak hartuko nituzke.

Aurrerapen handiak egin dira norabide horretan?

Bai. Guk lehen ez genituen ezpata dantzak dantzatzen, eta orain, berriz, bai. Mutilek alde batetik eta neskek bestetik entseatzen genuen, eta gero entsegu mistoan elkartzen ginen denak. Zorionez, aldatu egin da egoera.

Zuek irradaka sortu duzue Zizurkilen. Nondik nora?

Badirudi orain boladan dagoela, baina 1986an, Argia taldean Irradaka ikuskizuna sortu zuen Juan Antonio Urbeltzek, eta ikuskizun horretarako irradaka dantza sortu zuen, Marian Agirrerekin batera. Hura izan zen guk Argian egin genuen lehenengoa, baina euskal tradizioan bazeuden horrelakoak; adibidez, oraindik ere, San Joan kantaita abestu eta dantzatzen dute Urdiaingo neska gazteek. Elkarri helduta, korroan eta kantuan egiten den dantza da, besoak gora eta behera mugitzen diren bitartean. Irradaka hitzak ere hori adierazten du, ereiten ari zarela besoarekin egiten duzun mugimendua eta soinua.

Banuen ideia Zizurkilen horrelako bat sortzeko, baina beti atzeratzen nuen denbora faltagatik. Halako batean, itxialdia etorri zen, eta aukera huraxe baliatu nuen. Urbeltzekin hitz egin nuen eta aurrera egitera animatu ninduen. Anaiari esan nion ea musikarekin lagunduko ote zidan eta horrelaxe sortu genuen. 2021eko martxoaren 8an egin genuen lehen aldiz, eta orduz geroztik, urtero dantzatzen dugu emakumeen egunean, eta baita azaroaren 25ean ere. Beste hainbat okasiotan ere dantzatu izan dugu.

Txikitan pentsatzen al zenuen Argia dantza taldean bukatuko zenuenik?

Gogoan dut sei-zazpi urte nituela, Argiakoen ikuskizun bat ikusi nuela Victoria Eugenian, Arkaitzen dantzan hasi berritan. Txundituta geratu nintzen. «Nik hemen dantzatu nahi dut» esan nuen orduan, eta inkontzienteki, baina bertan bukatu dut.

Argiaren barruan Ikerfolk ere sortu zenuten. Zein da bere egitekoa?

Ikerfolk euskal dantza eta kultura tradizionala ikertzen duen egitasmoa da. Argiaren lehen urratsak San Telmo museoan eman zituzten, edo han egin zituzten behintzat lehenengo entseguak. Argia laborategia deitzen zioten toki horri, hor hasi ziren ikerketa asko egiten, beste herrietako dantzak, musikak eta jantziak biltzen. Atalka dago antolatuta. Une honetan, eta ekainaren 21era arte, Argiaren itzala. Santa Telmo museoa, dantza laborategia erakusketa dago ikusgai.

Euskal kulturaren gordailu da dantza?

Bai. Dantzak euskara ematen digu. Erabiltzen ditugun kantuak euskaraz dira, eta gure arteko harremanak ere euskaraz garatzen dira. Askok diote dantza gorputzaren hizkuntza mutua dela, baina askotan abesten da, eta guk euskaraz egiten dugu gainera. Euskarak bizirauteko arnasguneak behar dituela esaten da orain; bada, horretaz ari gara hemen.

Tolosaldea aberatsa da dantzari dagokionean?

Bai, oso aberatsa. Hor daude, besteak beste, Berastegikoa, Lizartzakoa edo Bordondantza. Gainera, ondo zainduta daudela iruditzen zait. Bertako dantza taldeek lan handia egiten dute ondare hori bizirik mantentzeko. Lehen, dantza horiek herri bakoitzean bakarrik dantzatzen ziren, egun jakinetan; gaur egun, ordea, zabaltzen hasi dira, eta beste herri batzuetan ere ikasi eta dantzatzen dituzte. Gauza eder asko dauzkagu euskal kulturan, eta zaindu egin behar ditugu. Askotan, ez gara konturatzen zer ondare dugun, eta ez diogu merezi duen balioa ematen. Oraindik ere gauza asko dauzkagu ikasteko, baina baita erakusteko ere.

Zein da gaur egun zure egitekoa Argian?

Ardura batzuk badauzkat. 16 urterekin sartu nintzen, eta dantzari jarraitzen dut, sorkuntzan, irakaskuntzan... Jantziak ere asko gustatzen zaizkit, eta Ane Albisuren pistak jarraituz, Amaia Bueno arduradunarekin ere aritu izan naiz. Asko gustatzen zait mundu hori.

Jantzietan ere aldaketak eman dira generoari dagokionez?

Kasu batzuetan, generorik gabeko jantzi berriak sortu dira, eta ongi iruditzen zait; baina, gero, badaude beste jantzi batzuk, markatuak izanagatik, mantendu egin beharko liratekeela iruditzen zaizkidanak. Berdin zait nork gorpuzten duen jantzi hori, baina uste dut zaindu egin behar dugula ondarea, ahal den neurrian behintzat.

Agintzea tokatzen al zaizu Argian?

Ez zait iruditzen. Taldetik norbaitek tira egin behar du, eta orain, nagusiki, Monika Bañales eta biak gabiltza.

Zenbat jende mugitzen da Argian?

Argia, gaur egun, Donostia inguruko taldea baino gehiago da, eta beste talde askorekin elkarlanean aritzen da. Horrek guztiak osatzen du Argia. Hainbat dantza taldeetako dantzarien elkarketa da. Elgoibarko Haritz, Eibarko Kezka, Debagoiena dantza taldea, Astigarragako Astigar, Iruñeko Duguna, Iparraldeko Maritzuli eta Portugaleteko Elai-Alai. Juan Antonio Urbeltzek nahi izaten zuen, ahal bazen, ikuskizunetan zazpi herrialdeetako taldeek parte hartzea, nahiz eta Argiak eraman gero gidaritza. 200 dantzari elkartu izan gara emanaldi horietakoren batean. Noski, Donostialdekoak ez gara hainbeste; beste herrialdeetakoekin osatzen ditugu ikuskizunak.

Ikuskizun horietako askoren sorkuntzan parte hartzen duzu zuk?

Urbeltzekin batera aritzen gara pertsona batzuk sorkuntzan. Hark buruan duen hori azaltzen digu, ideia esplikatzen digu, eta gu gara hori gorpuztu eta dantzara eramaten dugunak, soin eta oinetara. Horrela sortzen dira dantzak.

Urbeltzen ideia horiek non dute sorburua?

Toki askotan, euskal tradizioan, baina baita hemendik kanpora ere. Ezpata dantzak, irradakak, polkak... mundu guztian topatuko dituzu. Horregatik da garrantzitsua sortu aurretik jakitea zer daukagun hemen. Ikusi, ikasi... eta gero gerokoak. Ikerfolkek bere garaian lan handia egin zuen dantzak berreskuratzen, eta grabaketa zein bilduma ugari jasota daude. Hala ere, ezjakintasun pixka bat ere badago jende askoren artean. Askotan, YouTuben dauden bideoetara jotzen dugu errazago, eta gutxiagotan, berriz, jasota dagoen dokumentazio eta iturri landuetara. Nire ustez, zerbait sortzerakoan, oinarria non dagoen jakin behar genuke.

Irizpiderik gabe sortzen dela esango zenuke?

Batzuetan, bai. Dantza bakoitzak bere istorioa eta bere esanahia du, eta askotan ikusten dira pausoak nahasian erabiltzen dituzten sorkuntzak: Zuberoako pausoak, Arratiako jotakoak eta Gipuzkoakoak nahastuta erabiltzen dituzte, denak sorkuntza berean. Errazegi jotzen dugu bideoetara eta ez hainbeste iturrietara. Lehen Berastegiko edo Lizartzako dantzak ikasi nahi genituenetan, hara joan eta hango batekin ikasten genituen. Hori galtzen ari da.

Zer balio du bertakoengandik ikasteak?

Egiten duzun dantzari beste kutsu bat ematen dio. Garbiagoa eta zuzenagoa da. Bertako baten ahotik entzunda —nola ikasi duen, pauso bakoitza zergatik egiten duen edo zein testuingurutan dantzatzen duen— dantza beste modu batean ulertu, eta ondorioz, beste modu batean dantzatzen duzu.

Inoiz izan duzu dantza garaikidera salto egiteko tentazioa?

Ez bereziki; probatu ere ez dut egin, egia esan. Garaikidea gustatzen zait, baina gehiago gustatzen zaizkit munduko beste dantzak. Greziako dantzak ikasi izan ditut, edo Argentinako chacarera ikasteko beste batean izan naiz duela gutxi. Tradiziozko dantzak ditut gustuko, eta horrelakoetan jabetzen naiz gure pausoetako askok ere badutela antzekotasuna dantza horiekin.

Behin baino gehiagotan aipatu duzu Urbeltz. Argiaren taldearen arima izan da.

Bai. Juan Antonio, eta bere emaztea, Marian Agirre. Argia sortu zuten, baita Ikerfolk ere. Buru-belarri ibili dira ikerketan, eta hortik abiatuta, sorkuntza asko egin dituzte. Gu haien aldamenean ibili gara, haien gidaritzapean. Nik baditut nire guraso propioak, nire bihotzekoak, baina kulturalki Juan Antonio eta Marian dira nire gurasoak. Asko eman didate.

Zein gehiago izan dira erreferenteak zuretzat?

Beste jende asko. Añorgan irakasle izan genituen bertako gazte asko: Sara, Miren, Garbiñe... Josema Mendiola ere auzokoa zen, eta Argian aritzen zen. Naturalki haren eskutik, eta Añorgan bizi ziren beste taldekide batzuen bitartez, iritsi ginen Argiara.

Zuretzat terapia da dantza

Bai. Lanean egun txarra izan, eta Zizurkilen Bukalaikoekin entsegua daukadala konturatzen naizenean aje guztiak pasatzen zaizkit. Edo, astelehenetan, Argiara joaten naizenean ere ikaragarri pozik joaten naiz. Egia da beste entsegu klase bat izaten dela hori, zuzenduagoa, eta ardura batzuk izaten ditugula emanaldiari begira. Baina, hala ere, horrelakoetan ere gozatzen dut. Dantzak, edozein modutara, beti ematen dit gozamena.

Zer desio duzu?

Nire ondorengoek dantzatik bizi ahal izatea nahi nuke. Irakasleak horretara bakarrik aritzea: dantza irakasten edo irakasle berriak prestatzen. Ederra litzateke.

 

Dantza bat?

 

Asko. Baina bereziki gustuko dudanetako bat Axuri beltza da. Jantzia elegantea iruditzen zait, eta musikak ere asko hunkitzen nau, kantatu ere egiten da eta hori izugarri gustatzen zait. Gauza asko elkartzen zaizkit dantza horretan. Juan Antonio Urbeltzek berreskuratu zuen bere garaian.

Ikuskizun bat?

Ez dakit esaten. Asko izan dira. Irradaka izan zen Añorgako gazteak sartu gineneko lehen ikuskizuna. Oso ederra izan zen; poz-pozik joan ginen. Zoriontsu ginen. Hortik aurrera, emanaldi guztiek izan dute beren garrantzia. Bakoitza momentu pertsonal batean harrapatu nau: 16 urterekin bat, bestea gaztaroan, ama izan berri, seme-alabak hazita ditudala...

Dantzari bat?

Asko daude. Marian Agirreren estiloa asko gustatzen zitzaidan. Hori bat aipatzearren.

Jantzi bat?

Erronkariko jantziak zoragarriak dira. Jantzi zibilak ere ederrak dira. Zapi bat jarri, bestea aldatu... Ni horrelaxe joango nintzateke egunero kalera [barrez]. Jantzi horien atzean historia, esanahia eta bizimodu bat daude, eta ni saiatzen naiz hori guztia transmititzen.

Antzoki bat?

Ez dakit esaten. Niri tokiak baino gehiago interesatzen zait publikoa. Egia esan, dantzan ari zarela horretan murgilduta egoten zara, taldekideekin batera momentu hori bizitzen. Sentitu egiten duzu berotasuna, hori bai: txaloak edo oihuak entzuten dira. Antzoki batean ez da hainbeste nabaritzen publikoaren presentzia, baina plazan bai. Ez dut bat bestea baino nahiago.

Musika tresna bat?

Trikitia ikasi nuen, baita zeharkako flauta ere, eta gaur egun biolontxeloa ikasten ari naiz. Gure etxean, ikastolara bezala joan izan gara anai-arreba guztiak musika eskolara ere. Ahizpak txistua, txirula eta esku-soinua jotzen ditu; anaietako batek esku-soinua jotzen du, eta besteak arrabita eta sokazko instrumentuak. Gurasoek ere pianoa jotzen dute, eta atzetik datozenak ere bide beretik datoz: musika jotzen dute seme-alabek eta ilobek.

Zer moduzko esperientzia izan zen ‘Dantza’ filmean parte hartzea?

Bitxia eta ezberdina izan zen. Gu ohituta gaude oholtza gainean dantzatzera, eta hor publiko gabeko emanaldiak ziren, behin eta berriz egiten genituenak. Jantziak ere ezberdinak ziren. Luzea izan zen ibilbidea, horrelakoetarako diru laguntzak ere urriak izaten direlako. Han aritu ginen dantzari guztiok gure lanbidea genuen, eta, hortaz, grabazioak gure jai-egunetan, asteburuetan edo oporretan egiten genituen. Ez zen erraza izan, baina esperientzia polita izan zen. Telmo Esnalen eta Juan Antonio Urbeltzen sorkuntza lana izan zen, eta ederra izan zen; eskertuta nago haiekin parte hartzeko aukera eman zidatelako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!