Gaur 112 urte jaio zen Kaxilda

Ataria 2026ko apirilaren 9a

Berriki omen dute Zizurkilen, bere jaioterrian, eta hari eta herriko gainerako emakumeei eskainitako horma-irudia inauguratu dute Bulandegi bidean. Kaxildaren hilarrian ageri den esaldia darama muralak: Andra! Zu zara bukatzen ez den sua!.

Gaur betetzen dira 112 urte Zizurkilen Soledad Kasilda Hernaez Vargas jaio zela. Kaxilda izenez ezaguna, Fraisoron jaio zen, ezkongabeko amak eta umezurtzak jasotzen zituen Zizurkilgo etxean. Bertan eman zuen haurtzaroa harik eta Donostiako Egia auzora bizitzera joan zen arte.

Mugimendu anarkistan aritu zen, eta baita emakumeen eskubideen eta askatasunaren defentsan. 1934an, poliziak harrapatu zuen lehergailuak eta propaganda anarkista zeramala, eta 29 urteko espetxe zigorra jarri zioten. Guadalupeko gotorlekuan eduki zuten aurrena eta Alcala de Henaresera (Espainia) eraman zuten gero. 1936ko otsaileko hauteskundeen ondoren aske geratu zen.

Hilabete gutxira piztu zen gerra eta Felix Likinianoren taldearekin Aiako Harriaren eta San Martzial mendien defentsan parte hartu zuten. Irun galduta, Lapurdira pasatu, eta handik Kataluniara joan zen, Aragoiko frontearekin bat egiteko. Emakumeak erretiratu egin zituzten borroka fronteetatik eta hurrengo hilabeteak milizianoen arropak josten eman zituen Bartzelonako lantegi batean. 36ko gerra galduta Saint-Cyprien kontzentrazio esparruan sartu zuten, eta handik aterata Baionara itzuli zen. Naziek Frantzia okupatu zutenean erresistentziarekin kolaboratu zuen.

Bolada batez Parisen egon ondoren, 1943an Lapurdira itzuli zen bizitzera, Biarritzera. Han bizi izan zen 1992an hil zen arte.

Donostiako Egia auzoan estimu handitan dute Kaxilda, eta auzotarrek behin baino gehiagotan eskatu diote udalari haren omenezko kale edo plaza bat jartzeko. Proposamenak, oraingoz, ez du aurrera egin.

Bere jaioterrian, Zizurkilen, berriz, aurtengo Martxoaren 8aren bueltako ekitaldien barruan, horma-irudia pintatu dute haren eta herriko emakume guztien omenez. Izaro Lizarraga herritarrak eta Arantxa Orbegozo tolosarrak margotu dute, eta bertan ageri da Andra! Zu zara bukatzen ez den sua! esaldia, Biarritzen Kaxildaren hilarrian idatzita dagoena. Begoña Gorosperena da esaldia, Kaxildaren lagun izandako emakumearena. Horma-irudiaren inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen Gorospek, joan den martxoaren 25ean.



ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!