Emakumeak omentzeko horma-irudia

Ataria 2026ko martxoaren 24a

Bihar, 18:00etan, horma-irudia margotu duten Bulandegi bideko 21. zenbakian, inaugurazio ekitaldia eta emanaldi kulturala egingo dituzte.

Zizurkilgo Elbarrenan emakumeen aniztasuna irudikatzen duen horma-irudi bat sortu dute. Bulandegi bidearen 21. zenbakian egin dute, eta bihar inauguratuko dute, 18:00etan, kultur ekitaldi batekin. 

Proiektuaren helburua Zizurkilgo emakumeei aitortza egitea izan dela aipatu dute udal ordezkariek, eta Martxoren 8aren harira abiatu dute egitasmoa. Bide batez, herriko emakume sortzaileei aukera eskaini eta ikusgarritasuna eman nahi izan diete. Horregatik aritu da azkeneko asteetan Izaro Lizarraga Galdos herritarra horma-irudia margotzen, Arantxa Orbegozo Rezola Txitxi tolosarrarekin batera; aurretik bi artistak elkarrekin aritu izan dira, adibidez, Villabonako Subijana etxeko saihets bateko murala marrazten. Sormen prozesuaren nondik norakoak azalduko dituzte biharko inaugurazio ekitaldian.

Aitzindariei omenaldia

Bulandegi bidean egin duten horma-irudiarekin Zizurkilgo emakumeak omendu nahi dituztela esan du Izarne Zelaia Arratibel kultura zinegotziak, «hainbat belaunalditakoak, herritarrak zein kaletarrak».

Omenaldi berezia egin nahi diote, ordea, Soledad Kasilda Hernaez Vargasi (Zizurkil 1914 - Biarritz, 1992). Mugimendu anarkistan aritzearekin batera, emakumeen eskubideen eta askatasunaren alde jardun zuen Kaxildak, eta, hain zuzen ere, haren hilobian ageri den esaldia jarri dute orain Zizurkilgo muralean: Andra! Zu zara bukatzen ez den sua. Esaldi horren egilea omen da Begoña Gorospe, Kaxildaren laguna, eta hari ere egingo zaio aitortza biharko ekitaldian. 

Gorospe bera eta Kaxildaren ilobak Zizurkilen egotekoak dira bihar. Zelaiak aipatu du omenaldia egin nahi dietela: «Ekitaldi polita egin nahi dugu. Bide batez, haien etxebizitzaren horma herriari eskaintzea erabaki duen familiari eskerrak eman nahi dizkiogu». 

Udal ordezkariaren esanetan, mezu «sendoa» bidali nahi dute Bulandegi bidean margotutako horma-irudiarekin: «Herriko iruditegian genero berdintasunak iraunkorki tokia izan dezan». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!