Beste urte batez, Txapel Eguna ospatzen ari dira Zizurkilen; 30. edizioa da aurtengoa. Txapela jantzita, lagun giroan elkartu dira herritarrak, eta aurten ere, herri giroa sustatzen lan egiten duen pertsona bat eskertuko dute, une honetan, Iriarte jatetxean egiten ari diren Txapeldunen afarian. Luix Urkola, Luixito izango da aurtengo omendua.
Hauxe da festa batzordeak aurtengo erabakiaren inguruan emandako arrazoia: «Zizurkilgo herrigunean pertsona ezaguna da Luix. Hamaika saltsatako kide gaztetan, Iriarte jatetxearen lehen arduraduna Marga emaztearekin batera, udal brigadako langile azken hamarkadetan… Festei lotuta ere, festak bi aldeetatik bizi izan ditu, herritar parte hartzaile gisa lehenik, eta lanean azken urte luzeetan. Festa batzordeak txapela jarrita eskerrak eman nahi dizkio Zizurkili eskaini dionagatik eta urte askoan nahiko genuke bidelagun herrian».
Bazkal ostean hasi da festa zizurkilen, mus lehiaketarekin, Bukalai dantza taldearen emanaldiarekin, eta beteranoek eta gazteek nahasian jokatutako erremonte partidekin. Iluntzean, II. Txapel Saskiratze Lehiaketa jokatu dute plazan. 20 herritar inguru animatu da aurten parte hartzera. Bakoitzak euro bana jokatu du, eta lehia estua izan da. Dozena erdi batek edo asmatu du lehen errondan (bi jaurtiketa erronda bakoitzeko), baina azkenean, hiru lagunen artean jokatu da finala. Finalean, Xabi Gereñok bakarrik asmatu du txapela saskiratzen, edo hobeto esanda, makilan ezartzen, eta bera izan da gaurko lehen txapelduna, Luixitoren aurretik.
Orain egiten ari diren afariaren ostean, Herribizigune elkarteak, 2024eko txapeldunak jarriko dio txapela Urkolari eta bera izango da 2025eko jaien hasierako txupinazoa botako duena. Amaia Agirre eta Unai Mendizabal bertsolariek girotuko dute afalostea.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!