Egun handia iristear

Ataria 2023ko ekainaren 29a

Iaz, Albizturren jokatu ziren VI. Ataria Pilota Txapelketako finalak, eta sari banaketan pilotari profesionalak izan ziren.

VII. Ataria Pilota Topaketaren zazpi finalak larunbatean jokatuko dira Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan, 10:00etatik aurrera.

Apirila amaieran jarri zen martxan Ataria Pilota Topaketaren zazpigarren edizioa. Parte hartzaileek uztailaren 1eko finalak zituzten buruan. Hamalau bikote iritsi dira txapelaren lehiara, eta eskuz nahiz palaz jokatuko dituzte azken partida horiek.

Benjamin B mailan, eskuz, Arregi-Eskudero eta Artola-Balerdi iritsi dira finalera. Tolosarren eta amezketarren arteko partida izango da.

Benjamin A mailan, Landa - Zufiriak Altuna-Artolaren aurka jokatuko dute. Lehen bikotea Amasa-Villabonakoa da eta bigarrena Berrobi eta Tolosakoa.

Eskuz jokatuko den hirugarren finala alebinena izango da. Larrauldarrak kantxaratuko dira alde batetik, hau da, Ruiz eta Eizagirre. Aurkariak Artola amasarra eta Iraola asteasuarra izango dituzte.

Infantiletan, eskuz, Amasa-Villabonako Imanol Zufiriak eta Beñat Larrartek, Larraulgo Adur Otaegi eta Zizurkilgo Xabier Lacarra izango dituzte aurkari.

Gainontzeko hiru finalak pala modalitatekoak izango dira. Benjaminetan, lau pilotariak bidania-goiaztarrak dira: Lander Lasa eta Xuhar Uzkudun batetik eta Aratz Zinkunegi eta Unax Lasa bestetik.

Alebinetan, June Lasa eta Aiora Goikoetxea bidania-goiaztarrek, Maren Goitia eta Maialen Elola altzotarrak izango dituzte aurkari.

Azkenik, infantiletan, Altzoko Uxue Muruak eta Ibai Goitiak Irurako Leiane Lopetegi eta Bidania-Goiazko Maddi Lasaren aurka jokatuko dute.

Sari banaketa ekitaldiarekin emango zaio amaiera pilota topaketari. Ataria Irratiak zuzenean kontatuko ditu finalak, 107.6 FM-an edo Ataria.eus webgunearen bidez. Horrez gain, TOLOSALDEKO ATARIA-ren webgunean finalen inguruko informazio guztia egongo da larunbatean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!