Etzi jarriko da abian VII. Ataria Pilota Topaketa eta bertan 260 pilotari inguruk hartuko dute parte. Guztira 11 herritan jokatuko dituzte partidak, eta beste behin, horrek erakusten du egitasmo honek duen eskualde izaera. Ohi denez, eskuz eta palaz ariko dira pilotariak.
Eskuz lau mailatan ariko dira. Benjamin B mailan 30 bikote ariko dira parte hartzen, eta Anoetan, Amasan eta Tolosan jokatuko dituzte partidak. Benjamin A mailan 36 bikote izango dira partidak jokatzen, eta Berastegi, Alegia eta Altzon elkartuko dira. Alebin mailan 30 bikote ariko dira, eta Alkiza, Albiztur eta Zizurkilen jokatuko dituzte partidak. Infantilen mailan, berriz, 11 bikotek eman dute izena, eta Amezketan ariko dira partidak jokatzen.
Palaz hiru mailatan ariko dira pilotariak. Benjaminetan lau bikotek parte hartuko dute, alebinetan beste lau bikotek, eta infantiletan bost bikotek. Maila guztiko partidak Bidaniko frontoian jokatuko dira.
Luis Galarragak koordinatzen du Ataria Pilota Topaketa, eta horrelako egitasmoen garrantzia nabarmendu du: «Mutil eta neska pila bat dago topaketa hau iristeko eta bertan parte hartzeko zain. Gozatu dezatela elkarrekin partidak jokatuz. Haur pila bat izango dira eskualdeko hainbat frontoitan jokatuz eta hori pozgarria da. Pilota bultzatzeaz gain, bizia ematen zaie herri horiei guztiei, eta haurrek aukera dute beste pilotariak ezagutu eta eskualdean dauden beste frontoiak ezagutu eta bertan jokatzeko».
LAGUNTZA, EZINBESTEKOA
Kopuru handiak parte hartuko du, eta palazko jokamoldea pixkana indarra hartzen ari da. Aurtengo topaketan hamahiru bikote ariko dira, hiru mailatan banatuta. Eskuzko modalitatean parte hartzea jaitsi egiten da adinean aurrera egin ahala. «Hamabitik hamalau urte bitarte horretan hutsunea izaten ari da», esan du Galarragak. «Takoekin-eta hasten dira tarte horretan, eta gaztetxo batzuk beste kirol batzuetara aldatzen dira». Ataria Pilota Topaketa bezalako egitasmoek gaztetxoen artean pilota sustatzeko duten balioa azpimarratu du Galarragak: «Elkarren artean partida jokatzeko aukera izateak motibazio bat suposatzen du pilotarientzat. Gu saiatuko gara bide horretan laguntzen, ahal dugun heinean».
Horrelako egitasmoek, gainera, ezin dute aurrera egin herrien eta bertako pilota elkarte eta eskolen laguntzarik gabe. Eskualdeko zortzi pilota elkarteren eta sei pilota eskolen parte hartzea izango da aurtengo Ataria Pilota Topaketan, eta guztira hamabost herritako pilotariak ariko dira pilotaz gozatzen. «Eskertzekoa da beste behin egitasmo hau aurrera eramateko jasotzen den laguntza», azaldu du Galarragak.
Herri eta frontoi horietan zuriz jantzitako pilotariak izango dira parte hartzen. Izan ere, VII. Ataria Pilota Topaketako kamiseta bereziak atera dira eta horiekin jokatuko dute pilotariek.
Hastea besterik ez da falta, beraz. Asteburu honetan jokatuko dira eskuzko benjamin A eta benjamin B mailetako lehen jardunaldiak. Zehazki, etzi izango da lehen eguna, benjamin A mailako partidekin Altzon. Alebin eta infantil mailetan datorren astean hasiko dira lehen jardunaldiarekin. Palaz ere datorren astean ekingo diote topaketari, maiatzaren 5ean.
EGOITZAK
- Eskuz
- Benjamin B. Anoeta, Amasa eta Tolosa (Beotibar), larunbatetan.
- Benjamin A. Berastegi eta Alegia, larunbatetan, eta Altzo, ostiraletan.
- Alebinak. Alkiza, larunbatetan, eta Albiztur eta Zizurkil, ostegunetan.
- Infantilak. Amezketa, ostegunetan.
- Palaz
- Benjaminak. Bidania, ostiraletan.
- Alebinak. Bidania, ostiraletan.
- Infantilak. Bidania, ostiraletan.
PARTE HARTZAILEAK
- Pilota elkarteak
Aurrera Tolosa (Tolosa), Behar Zana (Amasa-Villabona), Intxurre (Alegia, Altzo eta Ikaztegieta), Kuku (Anoeta), Otsabio (Lizartza), Txulobi (Aduna), Zazpi Iturri (Amezketa) eta Ziotza (Zizurkil). - Pilota eskolak
Albiztur, Alkiza, Altzo, Berastegi, Bidania-Goiatz eta Larraul.