ERREPORTAJEA

Ezin oraindik itzaletik argitara ekarri

Jon Miranda Labaien 2023ko ots. 6a, 07:59

Horma irudia Zizurkilgo Pasusen. IZARO LIZARRAGA eta MIKEL EGIBAR

Otsailaren 13ko Torturaren Aurkako Egunaren bueltan, dinamika berri bat abiatuko du Egiari Zor fundazioak. Torturatuen komunitate saretu eta aitortza eta erreparazioaren norabidean pausoak ematea eragin nahi dute; Karpeta urdinak dokumentala erabiliko dute tresna gisa.

Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan Frantziako eta Espainiako estatuen indarkeria jasan duten biktimen eskubideen alde egiten du lan Egiari Zor fundazioak. Euskal Herrian torturaren errealitatea itzaletik argitara ateratzea eskatzen du aspalditik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2017an, eta berriki, Nafarroa Garaian egin diren txostenek frogatu dute 1960tik 2015era, gutxienez, 5.379 pertsona torturatu zituztela Euskal Herrian. Torturatuak izan ziren pertsonei aitortza egin eta haientzako erreparazio soziala, politikoa eta instituzionala eskatzen ditu Egiari Zorrek eta eskakizun horrekin bat etorri eta tortura pairatu duten herritarrei otsailaren 11n Donostiako Miramongo Anfiteatroan egingo den agerraldira hurbiltzeko deia egin die. 11:00etan egin dute hitzordua.

Torturatuen eskubideen subjektua torturatuak beraiek direla uste du Ainara Esteran fundazioko kideak. «Haiek dakite hoberen zein neurri behar dituzten aitortza eta erreparazioaren arloan, haiek dira eremu honetan eragiteko zilegitasuna dutenak». Iaz sortu zen Nafarroako Torturatuen Sareak eman dituen pausoak begi onez ikusten ditu Esteranek eta aitortu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere, geroz eta torturatu gehiagok ikusten dutela saretu eta antolatzeko beharra: «Torturatuen komunitatearen esku dago subjektu aktibo bihurtzea eta haiek dituzten beharrak eta eskakizunak bideratzea». Izan ere, bost urte pasa dira Eusko Jaurlaritzaren aginduz EHUko Kriminologia Institutuak torturaren inguruko azterketa egin zuenetik, eta Egiari Zorreko kideen ustez instituzioek inflexio puntu bezala eta bide berri bati ekiteko ate ireki gisa ulertu beharrean, helmuga bezala ulertu dute. «Txostena apelaezina da, ikerketa zientifikoa da eta argi utzi du biztanleriaren sektore zabal batek giza eskubideen urraketa larriak jasan dituela. Baina ulertzen dugu txosten horrek egia ezartzeaz harago, marrazten duela bide orri bat, bitartezkoz hornitu beharrekoa. Baina arduradunek nahiago izan dute txostena tiraderan gorde».

 

Egiari Zor: «Torturatuak dira eremu honetan eragiteko zilegitasuna dutenak»



Aitortza instituzionala da Egiari Zorretik eskatzen dutena, eragindako minaren aitortza eginez. «Gobernuen agindupeko indar polizialen bitartez urratu ziren giza eskubideak. Frankismotik herenegun arte indarrean egon den indarkeria politikoa eragiteko mekanismoa izan da, edozein izanda ere gobernuaren ikur politikoa; edozein izanda ere indar polizialaren uniformearen kolorea; bost axola izan zaizkie estatuei nazioartean sinatutako itunen edukia eta epaileek, auzi medikuek, arduradun politikoek eta komunikabide gehienek entzungor egin diete milaka herritarrek egindako salaketei», esan du Esteranek. Norabide horretan gogora ekarri ditu txostenak frogatu zituen 311 tortura kasuak, Ertzaintzak eragindakoak: «Eusko Jaurlaritzak ez du ezer esan honetaz. Tortura kasu horiei larritasuna kentzen saiatu da. Gaurdaino inork ez du erantzukizunik hartu bere gain. Garaia badela uste dugu».

Torturaren dimentsio osoarekin amaitzea eskatzen du Egiari Zor fundazioak eta errealitate hau ahalbidetu duen makinaria osoa desmantelatu beharraz hitz egin du. «Uste dugu erreparazio politikorako beharrezkoa dela konpromisoak hartzea egitura hori guztia desegiteko. Hainbat alderdik gainera, erantzukizun aitortza bat egin beharko lukete, torturaren existentzian erantzukizuna dutelako. Behingoz giza eskubideen alorrean konpromisoak bete eta torturak kasu askotan sortu dituen traumak gainditzeko bitartekoak jarri beharko lituzkete».

Neurri bermatzaile horietako bat aipatu du Esteranek, atxiloaldietan inkomunikazio erregimena indargabetzea, adibidez. Horrekin batera, beste hainbat berme eskatu ditu, tortura berriro gerta ez dadin bermatu ahal izateko. «Bizi izandakoak erakusten digu hainbeste urtetan helburu politiko batzuk lortzeko tortura tresna gisa erabiltzeko gai izan den estatuak, edozein momentutan, komeni zaionean, jarri dezakeela berriro makineria hori martxan bestelako disidentzia batzuen aurka egiteko».

Hain zuzen, Egiari Zorreko kideak «inpunitatea» jo du tortura ahalbidetzeko eta era sistematikoan aplikatzeko giltzarri gisa. «Istanbulgo protokolo zientifikoa agertu arte, tortura frogatu ezinezko krimena zen. Inkomunikazio egoerak ezartzen zuen opakotasuna medio, soilik torturatzailearen hitzak hartu dira aintzat eta biktimak esandakoak gezurtzat hartu dituzte. Indarkeriaren, egiaren eta justiziaren monopolioa estatuak izan du eta horrek ahalbidetu du tortura hainbat hamarkadatan betikotzea». Giza eskubideen urraketen erantzuleak zigorgabetzat hartzen duen justizia eredu hori «erabat desorekatua» da Esteranen esanetan. «Guk ez dugu gatazkaren ondorio batzuk betikotzen dituen justizia horretan sinesten, ez dugu estamentu horietatik ezer espero. Alderantziz, hainbat hamarkadatan indarkeriak eragindako ondorioak gaindituko dituen bizikidetza agertoki batera iristeko beharrari erantzungo dion justizia ereduaren alde egin behar dugu».

Esteranek aitortu du aitortza eta erreparazioaren arloan urrats garrantzitsuak eman direla urte hauetan, baina norbanakoek jasan duten giza eskubideen urraketen aitortza ofizialetik harago, bestelako aitortza mota bat egotea ezinbestekoa dela. «Hori egin ezean pentsaezina da elkarbizitza demokratikoan oinarritutako marko batera iristea». Negazionismoa gainditzeko deia ere egin du: «Gutako asko ez ginen jabetu torturaren dimentsio osoaz, praktika sistematikoa zela jakinda ere. Pentsa hortaz, eremu honetan mugitu ez diren pertsonek izan dezaketen ikuskera errealitate honetaz».

Dinamika berria

Euskal Herrian 1960tik 2015era eman diren 5.379 tortura kasuak «basakeria izugarri baten erradiografia» dira Esteranen ustetan. «EHUko Kriminologia Institutuko adituek esan dute, gainera, behin behinekoa dela zifra hori, txostenak amaitu gabe daudelako». Egiari Zor fundazioak bultzatuta Karpeta urdinak film dokumentalaren emanaldiak eskainiz, urtebeteko dinamika bat jarriko dute martxan. «Herriz herriko torturatuak gonbidatuko ditugu saio hauetara eta egoeraren erradiografia egiteaz gainera, emateko falta diren urratsak eta proposamenak plazaratzeko baliatuko ditugu saioak. Iritziak, ekarpenak eta gogoetak plazaratzeko aukera izango da filmaren ondorengo solasaldietan». Fundazioak dinamika honen amaieran txosten bat osatu eta instituzio ezberdinetan aurkeztuko du.

Film dokumentala tresna garrantzitsua da, Esteranen iritziz, torturaren errealitatea dokumentatzeko eta modu errazean EHUko Kriminologia Institutuak egindako lan zientifikoa azaltzeko. Lan honekin batera, Iratxe Sorzabalbereren bizipenen inguruko Bi arnas dokumentala ere aipatu du Egiari Zor fundazioko kideak: «Instituzioen laguntzarik gabe egin da eta Karpeta urdinak bezala tresna garrantzitsua da. Eskertuta gaude lan hauen egileekin, ikus-entzunezkoak denon zerbitzura jarri dituztelako eta torturaren errealitatea zabaltzen lagundu dutelako».

Bien bitartean, torturatuen komunitatea osatzen duten pertsonei, dinamika honetara batu eta otsailaren 11ko agerraldira eta Torturaren Aurkako Egunaren bueltan antolatutako ekitaldietara gerturatzeko deia luzatu diete Egiari Zorretik. «Eragin zizkieten zauriak sendatzeko bitarteko politiko, sozial eta instituzionalak jartzeko garaia heldu da, bai ala bai».

 

TORTURAREN AURKAKO ASTEA ZIZURKILEN

OTSAILAK 10, OSTIRALA

  • 19:00. Plazaetxeberriko Herribiziguneren lokalean The Report filmaren emanaldia.

OTSAILAK 12, IGANDEA

  • 09:00. Haizetsura mendi irteera Pedro Mari Otaño plazatik.
  • 13:00. Torturaren aurkako ekitaldi nagusia Joxe Arregi plazan.

OTSAILAK 13, ASTELEHENA

  • 18:30. Atxulondo kultur etxean Karpeta urdinak dokumentalaren estreinaldia eta solasaldia zuzendariarekin. Aiztondon tortura jasan duten herritarrei parte hartzeko gonbidapen berezia egiten zaie.

OTSAILAK 14, ASTEARTEA

  • 19:00. Mikel Zabalza kasuaz hitzaldia Plazida Otaño liburutegian Kepa Fernandez de Larrinoa eta Karlos Irujo ikerlari eta liburuaren egileen eskutik.

 

 

BIDEOA

2021ean horma irudia jarri zuten Zizurkilgo Pasusen, Joxe Arregi herritarra oroituz. Mikel Egibar eta Izaro Lizarragak egin zuten eta Irati Egibarrek bideo batean bildu zituen muralaren sortze prozesua eta 1981eko gertakizunak. 

Erlazionatuak

Nekane Txapartegi eta Mikel Ayestaran

Jon Miranda Labaien 2023 ots 06

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!