ESANAK

Nekane Txapartegi eta Mikel Ayestaran

Jon Miranda Labaien 2023ko ots. 6a, 07:58

Nekane Txapartegi eta Mikel Ayestaran. ATARIA

Nekane Txapartegi eta Mikel Ayestaran eskualdeko torturatuen esanak.

NEKANE TXAPARTEGI. TORTURATUA

Asteasu, 1973. 1999an atxilotu zuten lehen aldiz eta atxiloaldian torturatu egin zuten. Hilabete gutxira utzi zuten aske eta 2007an epaitu zuten 18/98 auzian. Berriro ere torturatuko zutenaren beldur, Euskal Herritik ihes egin zuen. Suitzan bizi da egun.

 

MIKEL AYESTARAN. TORTURATUA

Amasa-Villabona, 1984. Segiren aurkako auziaren barruan, 2009ko azaroan atxilotu zuten. Espainiako Polizia Nazionalak torturatu zuen. Zortzi hilabete Navalcarneroko espetxean preso egon ondoren, bere tortura auzia artxibatu zuten handik gutxira.

 

Mikel Ayestaran: Gure hitza zalantzan jartzen da, argi eta garbi. Nire kasuan, salaketa egin nuen eta kasua artxibatu egin zuten, ez zuten beharrezko peskizarik egin. Gainera, deklaratzera deitu ninduten torturatu eta urte eta erdira, espetxetik atera ondoren. Ikusten da zenbateko arintasunez ikertzen dituzten kasuak. Guztia katramilatzen saiatzen dira, guztia atzeratzen. Ez gaituzte estamentu batzuetan sinesten, argi dago. Gertatzen dena da, ez digutela sinetsi nahi edo ez dutela guk esateko daukaguna entzun nahi. Torturatu gaituztela errekonozitzeko lehenengo pausoa izango litzateke hori.

Nekane Txapartegi: Egiturazko praktika bat izan da tortura eta gezurra izan du oinarri. Txiki-txiki egin gaituztela esatea kostatzen zaigunarekin, hitza hartzeko bildu behar dugun adore guztiaren ondoren, ez sinestea, gu berriro torturatzea da. Aurreneko momentutan, komisarian bertan, auzi medikuek ez dute ezer ikusten. Ez da zalantzan jartzen dutela, ezkutatu egiten dute. Epailearengana joaten garenean berdin gertatzen da. Gero medioak eta klase politikoa ere sartzen dira gu ez sinesteko estrategia horretan. Konplizitate hori sumatu dugu bazter guztietan, aparatu oso bat dagoelako torturaren atzean. Gaur egun euskal preso politikoen gehiengoa torturapean egindako deklarazioen ondorioz daude espetxean eta iheslari politiko asko ere bai, tortura ekiditeagatik alde eginda. Eskatzen duguna da, azkar etxeratzea, aske uztea eta torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako zigorrak bertan behera geratzea, berandu baino lehen.

Ayestaran: Aldiro-aldiro komunikabideetan entzun behar ditugu ardura instituzionala izan duten hainbat pertsona tortura legitimatuz. Hori guretzako zauria berriro irekitzea da. Amorru handiarekin bizi dut. «Bai, guk eman genuen agindua zuek torturatzeko» esaten ari zaizkigu aurpegira, lasaitasun osoz, inpunitate osoarekin. Nire kasuan 2009an izan nintzen torturatua. Zer esan nahi du? Hemendik 20-25 urtera, delitua preskribatuta dagoenean, orduan ardurak izan zituztenak berdina esanez agertuko direla telebistan?



Txapartegi: Hemendik 25 urtera barkamenak zertarako balio digu. Guk aitortza orain behar dugu, bizirik gaudela. Amorrua arduradun izan ziren horiek esandakoek baino gehiago ematen dit instituzio publikoek adierazpen horien aurrean agertzen duten pasibitateak. Non dago klase politiko hori, ustez, gu babestu nahi gaituena? Bizikidetzaren izenean ahobero aritzen dira eta gero horrelakoen aurrean isildu. Kezka sortzen dit, horrek esan nahi duelako berriro ere gertatu daitekeela.

 

Nekane Txapartegi: «Gure gorputzak erabili zituzten eta gorputz horietatik hitz egitea boteretzea da»



Txapartegi: Nik ez dut espero ezer Espainiako estatutik, ez dutelako ezer aitortuko. Nire kezka da nola presionatu, nola indarrak bildu aitortza hori egiteko beste erremediorik izan ez dezaten. Beharrezkoa da gu torturatuok, hildako bizidunak garelako, biolentzia horretatik bizirik atera garelako, aktibo izatea. Subjektu politiko izan behar dugu torturaren aurkako borroka honetan. Gogorra da, badakit. Txikitu dituzten gorputz horiek politizatu eta denen bistan jartzea ez da erraza, baina horrek ematen digu indarra. Haiek gure gorputzak erabili zituzten borroka politikorako eta hortaz gorputz horietatik hitz egitea boteretzea da. Ikusten dut indar gehixeago egin beharko genukeela, horrelako adierazpen mingarriak egiten dituztenean, aurpegiz, aurrez aurre erantzuteko. Zilegitasun osoa dugu.

Ayestaran: Nik ere ez dut ezer espero Madrildik. Eusko Jaurlaritzak aginduta EHUko Kriminologia Institutuko adituek egindako ikerketan parte hartu nuen. Istanbulgo protokoloa egin zidaten. Zientifikoki frogatuta dago torturatu nindutela. Txostenean jasota dago eta Eusko Jaurlaritzaren zigilua darama nire kasuak eta nireak bezala Ertzaintzak torturatutako beste 311 lagunenak ere. Eta? Zer egin dute? Datu hori ezkutatzen saiatu eta hemengo agintariek ez dute pausorik eman min hori erreparatzeko. Madrildik ez genuke ezer esperoko, baina gertukoagoa den instituzio horretatik errekonozimendurik ez jasotzea larria iruditzen zait. Ikerketa eskatu bai, baina gero kontsekuente izan beharko lukete bertan agertutako emaitzekin.

Txapartegi: Guztiz ados nago. Esan dut lehenago ez dudala Espainiako estatutik ezer espero, baina orain gaineratuko dut Eusko Legebiltzarrarekin ere ez dudala esperantza handirik. EAJk nahi izan ez balu, hemen ez zen torturatuko sistematikoki. Beraiek ere konplize izan dira. Irudipena daukat txosten horrek ez ote dion balazta jarri kaleko mugimenduari. Kezka sortzen dit. Zalantza egiten dut ez ote den aurpegi garbiketa bat egin. Txostena egin da, zientifikoki, mundu mailako adituek hartu dute parte. Oso ongi. Baina iruditzen zait hori egin ondorengo ibilbiderik ez dagoela. Zer egin behar dugu kasu horiek denak txosten batean jaso ondoren? Guri torturatuoi zer emango digute? Osatzeko beharrezko ditugun tresna horiek emango al dizkigute?



Ayestaran: Nire kasuan torturatu ninduten poliziak kartzelara sartzeak ez ninduke asebeteko. Justizia izango litzateke errekonozitzea zein izan ziren, izen-abizenekin, nire tortura kasuan inplikatutako guztiak. Hasi poliziengandik eta erabakia hartu zuen azkenekoarenganaino. Esan dezatela: «Bai, torturatu egin zintugun; bai, guk hartu genuen erabakia». Erreparazioa hortik ikusten dut. Niri sendatzen lagunduko lidake horrek. Kalte-ordain bat eman edo ez eman, hori ez doa inora.

Txapartegi: Niretzako justizia lortuko litzateke torturatzaile guztiak Euskal Herritik ateratzen direnean, Euskal Herria bakean uzten dutenean. Herri honi justizia egingo baliote, niri pertsonalki ere balioko lidake. Ni ez naiz sinestuna. Barkamenik ez dut behar. Aitortzea behar dut, zer egin ziguten eta zergatik errekonozitzea. Eta ni esaten dudanean, ari naiz kolektiboki esaten. Herri bezala gu suntsitzeko zein estrategia erabili zuten aitortzea. Eta emakume bezala, aitortzen dutenean erabili duten indarkeria horri gehitu diotela biolentzia edo tortura sexista, gu emakume bezala suntsitu eta berriro zigortzeko. Gaur egungo justizia patriarkal horretan ez dut batere itxaropenik.

Ayestaran: Euskal Herrian, estatuek erabili duten estrategia bat izan da tortura, gizarteko sektore bat zigortzeko. Soilik informazioa lortzeko edo izenak ateratzeko atxilotzen gaituztela uste izaten dugu, baina atxilotu eta inkomunikatzen gaituztenean ingurune osoa ohartarazi nahi dute. Jakin dezaten besteek ere torturatu zaituztela eta zenbait ingurunetan mugitzen bazara gainera datorkizuna zer den jakin dezazun. Sektore baten aurka erabili duten arma indartsua izan da tortura, ingurune militante guztia atezuan jartzeko, beldurtzeko eta desmobilizatzeko. Nik errekonozimendu ofiziala eskatzen dut. Gizartearen zati baten aurka, disidentzia politikoaren aurka Euskal Herrian tortura sistematikoki aplikatu izan dela adieraztea. Esan dezatela zergatik egin zuten. Zein helbururekin. Zeinek eman zituen aginduak eta zeinek hartu zituen erabakiak.

Txapartegi: Uste dut erreibindikaziotik egin behar dugula memoria. Memoria egitea da ezkutatzen diren biolentzia horiek azaleratzea. Memoria egiteko torturaren gaia txertatu behar dugu derrigor. Tortura sistematikoki erabili zela aitortu eta zertarako erabili zen errekonozitu behar da. Ditugun beharrak eta egiten ari garen osatze lan kolektibo hori azaldu behar dugu. Niretzako inpunitatearen gaia baino gehiago da nola egingo dugun berriro gerta ez dadin. Tortura aparatua suntsitu behar da. Hori da nire eskaera. Gaur ez bada bihar. Orain gure kontra erabili duten aparatua, bihar prest egon daiteke beste kolektibo batzuen aurka erabiltzeko, migrante edo beste gutxiengo batzuen aurka erabiltzeko, adibidez. Memoria egitea beharrezkoa da berriro ez gertatzeko. Torturatu gintuzten Espainiako eta Frantziako estatuen zapalkuntzaren aurka altxa eta antolatu ginela aldarrikatu behar dugu, gure ideiengatik jazarri gintuztela. Beraiei begira baino, gehiago nago guk jokatu dezakegun paperean, nola presionatu ote dezakegun. Pertsonalki oso beharrezkoa ikusten dut borroka horren parte izatea. Bestela, askotan, biktima gisa estigma horiek bizi ditugu: guk borrokatu ezingo bagenu bezala, besteak balira bezala guregatik egin behar dutenak... Niri laguntzen dit, nire osatze bide pertsonalean, parte aktibo izatea borroka honetan. Izan ere, aurrez aurre izan dudanean, inor ez zait ausartu esatera gezurretan ari naizela. Leku horretatik aritu nahi nuke, leku horretatik konfrontatu. Ez da erraza, tortura publiko egiten dugunean ingurukoak ere fokupean jartzen ditugulako. Eta egia da denok ez dauzkagula errekurtso berdinak, ez gara denak gai salaketa publikoa egiteko. Nik eginbehar kolektibo bezala hartzen dut: batzuk ez direlako gai, beste batzuk hil zituztelako, beste batzuk espetxean daudelako...



Ayestaran: Fokua guregan jartzea oso garrantzitsua dela deritzot. EHUko Kriminologia Institutuak egindako azterketa horretan parte hartu nuenean beste dozena bat lagunen artean talde bilera batean jarduteko aukera izan nuen eta lasaigarria egin zitzaidan. Parean duzunak ulertzen du kontatzen ari zaren hori eta zuk zeuk ere ulertzen duzu parekoa hizketan ari zaizunean. Bizi ez duenak ez daki zer den haien eskuetan egon eta hutsaren pare sentitzea. Babesgabetasun hori sentitu eta irtenbiderik ez duzula pentsatzea. Zauria ireki ondoren, ixten laguntzen dizu horrelako talde terapia batek. Denbora batera hori dena gogoratu eta sentitzea ez baita erraza izaten.

 

Mikel Ayestaran: «Bizi ez duenak ez daki zer den haien eskuetan egon eta hutsaren parte sentitzea»



Txapartegi: Izan ere, zein baliabide dauzkagu? Zein toki seguru gure artean biltzeko eta sentipenak partekatzeko? Nik hor jarriko nuke arreta, guri begira. Horrelako espazio batera iristen zarenean, non hitzak soberan dauden, dena aldatzen da. Begiratuarekin bakarrik ulertuta sentitzen zara eta jabetzen zara ez zarela bakarra izan. Espazio seguru horiek beharrezkoak dira. Guzti hori ondo dago, baina harago joango nintzateke eta galdetu ea horrekin zer egin nahi dugun? Esperientzia horiekin zer bide egin nahi dugun aztertu beharko genuke. Uste dut gutxi egin dugula orain arte. Espazio gehiago sortu behar ditugu gure artean biltzeko eta bizi dugun horretatik teorizatu eta borroka bat eraikitzeko. Niretzat hizkuntzaren gaia ere oso garrantzitsua da. Ni beti torturaren gaia salatu behar izan dut edo hitz egin behar izan dut nire ama hizkuntza ez den guztietan. Oso ezberdina da zure sentipenez zure ama hizkuntzan hitz egitea edo beste hizkuntza batean hitz egitea.



Ayestaran: Horrela da, guretzako ez da erraza guzti hori buruz hitz egitea. Torturaren gaia oso gai pertsonala da eta norberak aukeratzen du publiko egin edo ez egin.

Txapartegi: Nik ere alde horretatik bat egiten dut. Guk egiten dugunak besteentzako balio badu horrekin gelditu nahi dut. Bakoitzak egin dezala bere bidea eta ahal duenak kolektiboki ekarpena egin, bada horretarako espazio bat topa dezala. Uste dut, norabide horretan ale bat jartzera goazela torturatuak izan garenak. Gutako askorentzat egunero da Torturaren Aurkako Eguna eta nahi genuke agenda politikoan ere horrela izatea.

Erlazionatuak

Ezin oraindik itzaletik argitara ekarri

Jon Miranda Labaien 2023 ots 06 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!