ELKARRIZKETA

«Torturaren errekonozimendua ezin da mugatu liburu bat publikatzera»

Jon Miranda Labaien 2023ko ots. 6a, 07:57

Ander Iriarte Alvarez zinemagilea. ATARIA

Karpeta Urdinak dokumentalaren egilea da Ander Iriarte Alvarez (Oiartzun, 1986). Sei urteko lana izan da pelikula osatzea, eta besteak beste, ikus-entzunezkoen arloko Argia Saria jaso du berriki. Donostiako Zinemaldian estreinatu, eta orain arte, soilik, jaialdietan erakutsi dute filma. Zizurkilen otsailaren 13an hasiko dute bira eta hogei emanaldi dauzkate hitzartuta dagoeneko.

EHUko Kriminologia Institutuak 2017an egindako ikerketa abiapuntu duen 'Karpeta urdinak' film dokumentalaren egilea da. Otsailaren 13an, Torturaren Aurkako Egunean emango dute Zizurkilen.

Non du sorburua film dokumental honek?

Bere garaian txostena atera zutenean txundituta geratu nintzen. Bertan jasotakoak nire amets gaiztoenetan ere ez nituen imajinatzen, eta hori nik nire burua, teorian behintzat, torturaren inguruan jakitun bezala ikusten nuela. Txostenaren emaitza ezagutu ondoren nire artean pentsatu nuen, edo euskal gobernuak neurriak hartu, edo bestela, leherketa soziala gertatuko zela errealitate latz hau agerian geratu ondoren. Baina, konturatu nintzen ez zela ezer pasa, zerbaiten hasiera beharko zukeenak zerbaiten amaieran bihurtu zutela. Hori guztia ikusita, nik zertan lagundu nezakeen pentsatu eta dokumental hau egitea bururatu zitzaidan.

Eusko Jaurlaritzaren aginduz EHUko Kriminologia Institutuak 2017an torturaren inguruan egin zuen ikerketa hobeto ulertzen laguntzen du filmak?

Nik txostena ulertu ahal izan nuen goiz eta arratsalde lau egun iraun zituen ikastaro batean parte hartu nuelako. Eta hala ere, ez nintzen erabat ulertzera iritsi. Sei urte eman ditut txostena aletzen. Ikerketak oso argi utzi du torturaren egia, baina gertatzen dena dena da irakurtzeko oso konplikatua den 500 orriko liburukotea dela. Azterketa hori ikus-entzunezko lengoaian eman nahi izan dut, ez bakarrik dibulgazio asmo batekin. Uste dut errekonozimendua ezin dela mugatu soilik liburu bat publikatu eta zigilua jartzera. Irudikatzen al dugu Eusko Jaurlaritza ETAk hildako 800 lagunen inguruko datuak liburu batean biltzen eta beste ezer ez egiten? Imajinatzen al dugu biktima horiek memorialik edo plaza izenik gabe? Pentsaezina da, ezta? Bada hori egiten ari dira torturatuekin.

 

«Ezin da errekonozimendua mugatu liburu bat publikatu eta zigilua jartzera»



Filmean aipatzen duzu zenbateraino zaila izan den orain arte isildutakoari hitza jartzea.

Pelikulan kontatzen dudan bezala nire aitak bere biografian idatzita dauka komisarian pasa zituenak. Kontatzen du nola eduki zuten jazarrita hiru egunez, nola jipoitu zuten, nola esnatzen zuten gauerdian, nola konortea galdu arte eginarazi zizkioten flexioak, nola mehatxatu zuten bere gurasoak eta arreba atxilotzearekin... Izugarrikeria horiek kontatu arren, nire aitak ez zuen uste bera torturatua izan zenik. Uste zuen hori garai horretan politikagintzan ibiliz gero, gertatzen zen gauza bat zela. Joxe Arregiri edo Anparo Arangoari egin zioten adina egin ez zietenez, asko ez dira torturatu sentitzen. Zenbat horrelako daude? Zenbat eta zenbat familia daude, ez dakitenak euren senitarteko bat torturatua izan dela? Hemen jende batek errealitate hori ezeztatu egiten du, esaten du gezurra dela, asmatua dela, estrategia baten parte dela. Orain dela gutxi Foro Sozialak esan du bere helburu gehienak bete dituela, denak, estatuaren indarkeriaren errekonozimendua ezik. Non geratzen da min hori?

Torturatuen testigantzak jaso dituzue?

Ni ez naiz gaian aditua. Nik jakitekotan ikus-entzunezkoen munduaz dakit. Ez naiz gai kazetari bezala, torturatu bat behar den moduan elkarrizketatzeko, ezta parean daukazun hori egia esaten ari den edo ez jakiteko ere. Horretan jakitunak direnak Istanbulgo protokoloko bideoak eginda dauzkate eta grabazio horiek erabili ahal izan ditugu pelikularako. Zortea izan dut ikerketaren egileek nigan konfiantza izan dutelako.

Ikerketa horren zorroztasun zientifikoa eta emaitzen sendotasuna defendatu duzu filmean.

Bai, dudarik gabe. 300 profesionalek hartu dute parte txostena egiten eta mailarik baxuenekoa lizentziatua edo graduatua da, gainerako guztiak katedratikoak edo beren arloan maila gorenekoak dira. NBEko hiru errelatorek eman diote bermea txostenari. Ez dakit beste zein arlotan egin den horrelako ikerketarik. Oso kasu larriez ari gara, eta hala ere, hori guztia hor egonik, ez diogu garrantzirik ematen.

Jabetzen al da euskal gizartea torturak Euskal Herrian izan duen dimentsioaz?

Urtean ia 100 torturatu dira, 50 urtez, hori guztia, milioi eta erdiko biztanlerian. Ikaragarria da. Bartzelonako hirian, soilik, urtero ehun lagun torturatuko balituzkete bezala da. Hemen tortura sistematikoa izan da, sistema oso batek hartu du parte posible izan zedin eta ikerketak hori frogatzen du. Badirudi, nolabait, orain neutralizatu egin nahi dutela, eta iradokitzen baduzu ez dela nahikoa pausorik eman, erantzuten dizute hor dagoela txostena. Baina nahikoa al da? Uste dut, adibidez, gai honi heltzeko Eusko Jaurlaritzak 311 arrazoi dituela mahai gainean. Ari naiz Ertzaintzak egindako 311 kasuei buruz.



Zeinentzat da interesgarria dokumentala?

Esaten da bi pertsona mota existitzen direla: hemen tortura egon dela sinesten dutenak eta sinistu nahi ez dutenak. Bigarren hauek ikusi behar dute dokumentala. Demokratak badira eta norbait hiltzeagatik edo delitu bat egiteagatik jendeak kartzelan egon behar duela sinesten badute, ezin dute beste aldera begiratu torturaren gaiarekin. Filmak balioko die ikusteko zein gizartetan bizi diren eta konturatzeko zeren alde borrokatu beharko luketen.

'Karpeta urdinak' dokumentalaren emanaldira gerturatzeko deia luzatu diete Aiztondoko torturatuei. Saio hauek torturatuak saretzeko balioko dute?

Tristea da horrenbeste sufritu dutenei oraindik gehiago eskatu beharra. Argentinako amak antolatu ziren bezala desagertuengatik, hemen torturatuei eta haien senitartekoei tokatzen zaie antolatzea eskaerak egiteko, haien bultzadaren arabera mugituko baikara besteak. Nafarroan txostenik ez egotean torturatuak saretu egin dira eta beren eskariak egiten hasi dira. Txostena egitea izan da lehenengo eskaera, baina behin saretuta daudela ez dut uste hor geratuko direnik.

Aitortza bai, noizko justizia eta erreparazioa?

Hori torturatuak izan direnen kontua da, haien erabakia. Agian aitortza sozialarekin nahikoa dute, agian behar duten gauza bakarra da gizarteak esatea: «Bai, badakigu hori gertatu zela». Agian sentitzen dute beharra aurreko lau gobernuak epaitegietara eramateko. Ez dakit. Baina antolatu beharko lukete hori eskatzeko. Guri gizarte bezala haiek babestea dagokigu.

Erlazionatuak

Ezin oraindik itzaletik argitara ekarri

Jon Miranda Labaien 2023 ots 06 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!