Jose Maria Satrustegi euskaltzainak eman zion hasiera gaueko hamarretan, Bidania gainean kateak behar izan zituzten lasterketa jarraitzen zuten autoek. Nafarroako zenbait eskualdeetan, Zuberoatik pasatu zenean bezalaxe, arazoak egon ziren Remigio Mendiburu eskultoreak diseinaturiko lekukoa eramateko. Korrikalariak falta. Urte horretan bertan sortu zen Iparraldeko AEK-k kostaldean baino ez zituelako euskaltegiak, eta Nafarroak handitik zuen ederretik duena...
Lortu zen orduan eta lortuko dugu 22. honetan ere. Korrika arrakastaz burutuko dugu. Tolosaldeko AEK-n, Korrikaren laguntzari esker, euskara ikasten ari diren herritarrei ikasprozesu duin bat bermatu nahi diegu, bai Anoetan, bai Iruran, bai Lizartzan, bai Orendainen eta baita Zizurkilen ere. Izan ere, urrats garrantzitsua eman dute ikasturte honetan, baina nork daki jarraikortasunik izango duen datorrenean.
Presa dugu. Presa du euskarak. Horregatik behar dugu oraindik Korrika. Izan ere, orain egiten ez badute, litekeena da gehiago ahaleginik ez egitea euskaltegira etorri arte Korrika zergatik antolatzen dugun jakin ere ez zekiten gure ikasle-herritar askok eta askok.
Badira seme-alaben hazkuntzaren erritmoan ikasi nahi dutelako presa dutenak. Beste batzuk lana topatuko dute agian, eta ez dute tarterik izango berriz ere astean 7-8 orduz eginahalari heltzeko. Gaueko erreleboaren ondotik zuzenean lorik egin gabe datozenei, begiak ixten hasten zaizkienerako eskaini behar izaten diegu esna eusteko txinpartadun pilula. Eta, nola ez, era berean, jakina, komeni presa sartzea ikasteko presarik ez duen ikasleriari ere, ikasprozesuan lo har ez dezan. Eta izatez, ez dira gutxi azken multzo horretakoak ere.
«Egunerokoan kezkatzen gaituzten erronka txiki batzuk itzaletik azaleratuta, 22. Korrikak ere presa duelako arindu behar da pausoa. [...] Tolosaldean eta euskararen lurralde osoan dugu presa»
Horretaz gain, zaila da euskaraz ikasi nahi duen herritarrarentzat aukerak sortzea. Buruhauste handiak izaten ditugu maila eta ordutegi berean taldea osatzeko behin erabaki eta urratsa ematera ausartzen den herritarrarentzat irailero matrikulazio kanpainaren ondotik. Bestalde, ez da samurra matrikula ordaintzea ikasi nahi duten guztientzat ikasturtea hasterako. Izan ere, ez da doakoa euskara ikastea euskararen lurraldean oraindik ere.
Egunerokoan kezkatzen gaituzten erronka txiki batzuk itzaletik azaleratuta, 22. Korrikak ere presa duelako arindu behar du pausoa. Arin-aringa, lasterka, antxintxike, arineketan, saltaka, karran, galapan ekin dio bihotz eiteko lurraldearen mugak eta barne zainak ibiltzeari. Tolosaldean eta euskararen lurralde osoan dugu presa.