Mugarrien bueltakoa izango da aurtengo Maiatza Saltsan

Jon Miranda Labaien 2021ko api. 29a, 19:59

Zizurkilgo kultura batzordeak egitarau oparoa antolatu du herriko eragileekin batera. Besteak beste, herriko mugarriak ezagutzeko bi ibilaldi gidatuak, eta maiatzaren 23an egingo duten ibilaldi gidatu-antzeztua nabarmendu dituzte egitarauaren barruan.

Mugarrien inguruan ardaztu dute aurtengo Maiatza Saltsan ekimena Zizurkilen. Iaz, osasun egoeragatik bertan behera utzi behar izan zuten egitaraua eta ordurako pentsatuta zeukaten gaia berreskuratu dute hurrengo asteetan gauzatzeko. Muga eta harriak aitzakiatzat hartu eta horren bueltako ekitaldiak antolatu ditu Zizurkilgo kultura eta euskara batzordeak herriko eragileen laguntzaz.

Teodoro Hernandorena kultur elkarteari "miresmena" adierazi dio Iker Urruzola alkateak eta egiten duten lana eskertu die elkarteko kideei.  Herriko mugarriak bilatu, dokumentatu eta berreskuratzeko lana egiten ari da Hernandorena elkartea Aranzadi zientzia elkarteko Yoseba Alonso eta Jabi Castroren laguntzaz. "Benetako harribitxiak topatu ditugu eta paraje ederrak ezagutu, zizurkildar askok ezagutzen ez dituzten txokoak", esan du Joxin Azkue Hernandorena kultur elkarteko kideak. 

Hain zuzen, mugarriak ezagutzeko bi ibilaldi antolatu dituzte egunotarako, maiatzaren 2rako eta maiatzaren 15erako, hain zuzen. Datorren igandean, maiatzaren 2an, lehenengo ibilaldian Zizurkilgo iparraldeko mugak ezagutuko dituzte. Usurbilekin muga egiten duen eremuan daude, Azkueren esanetan, "harribitxi" horietako batzuk. "Andatzan egiten dute muga bi herriek, eta geologikoki berezitasun bat badu eremu horrek. Usurbilgo isurian harri klase bat badago errotarriak egiteko oso ona dena. Lur eremu hori Orreagako monasterioaren eskuetara erori zen eta berehala hasi ziren gatazkak Orreaga eta zizurkildarren artean, herri lurrak zirelako haiek eta herritarrek ganadua bertara botatzen zutelako. Egoera argitzeko ebazpen bat etorri zen 1389an eta bertan finkatu zen non jarri behar ziren Zizurkil eta Orreagaren lurren arteko mugak. Muga horiek bereizteko mugarriek Orreagako bakulua daramate zizelkatuta".

Gaur egun oraindik ere irauten dute mugarri horietako batzuk eta datorren igandean herritarrek bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte. 09:00etan egin dituzte hitzorduak Joxe Arregi eta Pello Mari Otaño plazetan eta kotxeetan igoko dira Zarateko gainera. Handik abiatuko dute ibilaldia. Aipatutako ebazpenaren berri ematen duen pergaminoaren aurrean eman dute ibilaldiaren berri Hernandorena elkarteko kideek eta udal ordezkariek. Azkuek aipatu du pergamino horren historia: "Aranzadi zientzia elkartekoek Orreagan, hemen dugun Zizurkilgo dokumentu honen bigarren partea topatu zuten eta frogatu ahal izan zuten biak osagarriak direla, Izugarrizko altxorra da, 1389. urtekoa".

Maiatzeko lehenengo igandean egin ohi dute Andatza eguna Usurbil eta Zizurkilgo herritarrek, eta beraz, datorren igandea baliatuko dute lehen ibilaldi gidatua egiteko. "Zizurkil, Usurbil eta Aia arteko mugarritik abiatu eta Orreagako mugarriraino bitarteko bidea egingo dugu. Oso paraje polita da", esan du Azkuek. Bigarren ibilaldia, maiatzaren 15ekoa, herriko hegoaldeko mugetan zehar egingo dute. Villabonako 10 mugarriak bisitatu dituzte eta aurreratu dutenez "eroso eta familiartean" egiteko ibilaldia izango da. Ibilaldi hori berreskuratu berri duten Laumugarrietako mugarrian amaituko da.

Ekitaldiz beteriko hilabetea

Maiatza Saltsan egitarauaren barruan, herriko eragile guztiek elkarrekin antolatzen duten egun bat egoten da urtero, aukeratutako gaiaren inguruan prestatzen dutena. Aurten, maiatzaren 23an, ibilaldi gidatu-antzeztu bat egingo dute herrian barrena. Maite Amenabar kultura eta euskara zinegotziak azaldu du: "Unai Mendizabal bertsolariak egingo ditu gidari lanak eta hasieran eta bukaeran Bukalai dantza taldeak hartuko du parte. Mugarriak direnez aurtengo gaia, mugak eta harria izango ditugu protagonista. Ibilaldia Akezko errotan hasiko da eta eragile batek han emanalditxoa eskainiko du; handik hilerrira joango gara bertan dagoen harrizko gurutzea bisitatzera; udaletxean jarrita dagoen Urkamendiko hilarritik osteratxoa egin ondoren, Donemiliaga dorretxean eta Zimiterioan bukatuko dugu paseoa".

Amenabarrek xehatu ditu aurtengo kultur egitarauaren ekitaldiak eta arreta berezia jarri du emakumeekin lotuta dauden bi emanalditan. Maiatzaren 8an Kasilda, bukatzen ez den sua antzezlana eskainiko dute Intxaur frontoian. "Fraisoroko inklusan jaio zen emakume iraultzailea izan zen eta esangura handia izan zuen. Aurrestreinaldiaren ondoren, antzerki taldekoek lehenengo emanaldia Zizurkilen eskaini nahi zuten eta Maiatza Saltsan baliatu dugu horretarako".

Aurten, osasun egoeragatik, Aiztondo bailarak El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen duen senidetzea ospatzeko ekitaldiak mugatuta egin beharko dira. Dena den, maiatzaren 29rako, Emakumeak izeneko proiekzioa eta dantza emanaldia prestatu dituzte.

Maiatza Saltsan 2021 - Zizurkilgo Mugarriak

Maiatzak 2, igandea. Mugarriak ezagutzeko ibilaldia Usurbil aldera.

Maiatzak 6, osteguna. Literatur tertulia: Algara mutilatuak, Ane Labaka.

Maiatzak 7, 14, 21 eta 28. Bizikleta mekanika tailerrak.

Maiatzak 8, larunbata. Kasilda, bukatzen ez den sua antzerki lana.

Maiatzak 11, asteartea. Literatur tertulia gaztelaniaz.

Maiatzak 12, asteazkena. Ipuin kontaketa saioa, Kontalari2 taldearen eskutik.

Maiatzak 15, larunbata. Mugarriak ezagutzeko ibilaldia, Villabona aldera.

Maiatzak 16, igandea. Zizurkilgo XXI. Biatloia.

Maiatzak 22, larunbata. Infernuaren aldeko pala txapelketa ez-mistoa.

Maiatzak 23, igandea. Ibilaldi gidatu-antzeztua herrian barrena.

Maiatzak 28, ostirala. Danena futbol taldearen ate irekien jardunaldia.

Maiatzak 29, larunbata. Senidetze eguna. Emakumeak dokumentala eta dantza emanaldia.

Maiatzak 29, larunbata. Tolosaldeko Bertso Eskolen Eguna Zizurkilen.

Ekainak 6, larunbata. Pala txapelketaren finala.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!