Laumugarrieta bistaratu dute

Jon Miranda Labaien 2021ko api. 22a, 07:59

Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu eta Anoeta artean duela 150 urte jarritako mugarria berreskuratu du Hernandorena kultur elkarteak, Zizurkilgo mugarriak dokumentatzeko lanaren barruan

Zizurkilgo Hernandorena kultur elkarteak, udalarekin lankidetzan, herriko mugarri guztiak aurkitu, garbitu, dokumentatu eta herritarrei ezagutarazteko lana abiatu zuen duela urtebete pasatxo. Elkarteko Joxin Azkuek eta Julian Arrastoak Aranzadi zientzia elkarteko Yoseba Alonso eta Jabi Castrorekin osatu dute lan taldea eta astero-astero herrian erregistratutako 70 mugarrietatik falta direnak bilatzen ematen dute denbora. Berreskuratzen azkena, Zalberro deitzen zaion parajean dagoen Laumugarrieta mugarria da.

Amasa-Villabonak, Zizurkilek, Asteasuk eta Anoetak muga egiten duten puntuan dago kokatuta 300 kiloko harritzarra. «Dokumentuetan ikusi genuen bazegoela aipamena, arrastoren bat egon behar zela eta, bila hasi eta 1871an jarritako mugarriarekin egin genuen topo; lurperatuta zegoen», esan du Azkuek.

Hernandorena kultur elkarteko kideak XVII. mendera egin du salto azalpenak emateko: «1615. urtean Espainiako ogasuna kiebra jota zegoela, Zizurkil eta Anoetak Tolosarengatik banandu eta hiribildu titulua eskuratu zuten. Amasak ere urte horretan eskuratu zuen independentzia eta lau urte beranduago, 1619an bat egin zuen Villabonarekin, gaurdaino iraun duen udalerria sortuz. Asteasu, berriz, lehenago Tolosarengandik bereizita egon arren, 1639ra arte ez zuen erabateko burujabetzarik lortu». Hernandorenako kideek jakin ahal izan dute, lau herrietako alkateek 1683an Zalberro inguruan elkartu eta mugarri bat jartzea erabaki zutela, lau herrietako mugak noraino iristen ziren adieraziz.

1871. urteko akta baten bitartez jakin dute hori guztia. Bertan kontatzen da 1683. urteko mugarria hautsita dagoela eta lau herrietako alkateek toki horretan bertan mugarri berri bat jartzea erabakitzen dutela. Harritzar hori da, orain lur azpitik atera eta ikusgai jarri dutena. Harri landuak lau herritako inizialak daramatza gainean, mugak zein diren adieraziz.

Lur azpian egon da oraintsu arte 1871. urteko mugarria eta hura berreskuratzen hasi direnean 1683. urteko mugarria izan zitekeenaren puskak topatu dituzte harritzarraren bueltan lurperatuta. «Dokumentatuta dagoen mugarria da eta 36ko gerra ondorenean, adibidez, sei zentimetroko luzera duela esaten da. Gainerako guztia lurrak janda zegoen».

Harria altxa duten garaian konturatu dira kana bateko garaiera duela (85 cm) eta karratua dela (35 cm x 35 cm). Mugarriaren bueltan, lurperatuta teila pusketak ere topatu dituzte: «Teila jabegoaren ikur izaten da eta mugarrien azpian horrelakoak maiz topatzen dira». Hernandorenak agiri bana eman die alkateei, artxiboetan Laumugarrietako mugarriaren aipamenak biltzen dituena.

EKITALDIA LAUMUGARRIETAN

Laumugarrietan egin duten berreskuratze lana borobiltzeko, Hernandorena kultur elkartekokideek Zizurkilgo, Amasa-Villabonako, Asteasuko eta Anoetako alkateak gonbidatu dituzte lau herriek muga egiten duten puntura. Bistarazi eta txukundu duten mugarriaren oinean, eta norberaren herriko lur eremuan, alkate bakoitzak teila puska bat jarri du eta gorriz pintatu harri gaineko zizelkatutako herriaren iniziala. 1683. urtekoa izan litekeen mugarriaren puskak ere lurperatu dituzte 1871koaren oinarrian. Zizurkilgo udal langileek ingurunea txukundu eta prest utzi dute.

«Harri dotorea da eta aurten, justu, 150 urte betetzen ditu. Uste dugu merezi duela orain arte errepide bazterrean, ia ezkutuan egoen den Laumugarrietako jatorrizko mugarria berreskuratzea eta bistaratzea», esan du Azkuek. Ondoan badu mugarri berriago bat 1998an jarria eta hura ere tokian bertan mantendu dute.

Gipuzkoan, lau udalerri mugakideren arteko mugarriak gutxi direla baieztatu dute Hernandorenako eta Aranzadi zientzia elkarteko kideek, sei, guztira. «Horietako bat da Laumugarrieta eta zaharrenetakoa da gainera», baieztatu du Azkuek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!