Urtekaria 2020

Mugarriak aurkitu nahian

Ataria 2021ko urt. 4a, 19:59

Zizurkilgo Hernandorena kultur elkarteak, udalarekin lankidetzan, herriko mugarri guztiak aurkitu, garbitu, dokumentatu eta herritarrei ezagutarazteko lana egitekoa zen 2020an zehar.

Zortzi herrirekin egiten du muga Zizurkilek: Aia, Usurbil, Zubieta (Donostia), Andoain, Aduna, Villabona, Anoeta eta Asteasurekin. Hernandorena kultur elkarteak erregistratutako, gutxienez, 70 mugarriren berri izan du eta falta direnak aurkitu, topatutakoak garbitu eta dokumentatzen eman nahi izan ditu maiatzetik urte amaiera bitarteko hilabeteak.

Zizurkilgo kultura batzordeak, aurten, gai honen bueltan antolatua zuen Maiatza Saltsan ekimena, baina osasun larrialdiagatik bertan behera geratu zen. Hala ere, egoerak baimentzen zuen neurrian, lan honekin jarraitzeko konpromisoa agertu zuten Hernandorena elkartekoek.

Dokumentu eta artxibo zaharrak astinduz, barruan egin beharreko sator lana eta herriko mugetan barrena egiteko dagoen landa lana bereizi ditu Joxin Azkue Hernandorena kultur elkarteko kideak. «Askotan mugarriak ez dira oso errazak aurkitzen, leku zailetan egoten baitira, erreka zuloetan edo otez jositako mendi tontorretan. Lan luzea da, joan, buelta handia eman, eta askotan ezer aurkitu gabe itzuli behar izaten dugu etxera».

Udalerri baten lur eremua noraino iristen den mugatzeko, maiz, elementu naturalak erabiltzen dira. Horrela gertatzen da, adibidez, Villabona eta Zizurkil artean Oria ibaiarekin edo Salobieta errekarekin, Aduna eta Zizurkil artean. Ohikoenak mugarriak izaten dira, ordea, «harri berezi eta nabarmenak, garai batean bezala, orain ere, garrantzia handia dutenak». Mugarri zaharrak aurkitu ez, betirako galdutzat eman eta berriak jarri izan badira ere, orain arteko bilketan Hernandorena elkarteko kideek mota askotakoak topatu dituzte. «Mugarri zahar askok gurutze bat zizelkatuta daramate; oso ohikoa da, baita ere, mugarrien gainean muga-lerroa adieraztea eta udalerri mugakide bakoitzaren inizialak zizelkatzea». Behin bukatzean, elkartekoek ohitura duten bezala, argitalpen batean herritarren eskura jarriko dute informazio guztia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!