"Pena handia ematen dit, baina ez dago besterik"

Aitor Arroyo Askarai 2020ko abu. 6a, 15:00

Joan den larunbatean 22 eta 20 galdu zuten finala Jon Ander Peñak eta Jon Erasunek. Asier Agirre eta Iosu Eskiroz izan zituzten aurkari eta horiek eskuratu zuten Promozioko Binakako txapela. Jon Erasun zizurkildarrak partidari buruz hitz egin du. 

Bi tantorengatik ihes egin zizuen txapelak.

Hala da, bai. Partida gogorra izan zen. Gure aldetik akats pare bat egin genituen, eta haiek ere hobeto asmatu zuten. Pena handia ematen dit, baina ez dago besterik. 

Nola moldatu zineten Peña II.a eta biok?

Gu ondo moldatu ginen. Frontoian lehenago ere aritu gara elkarrekin eta bikote sendoa osatzen dugula esango nuke. Guk gure lana egin genuen, eta ahalik eta hoberen egiten saiatu ginen, baina ez zen nahikoa izan.

Nola sentitu zinen partidan?

Hasieran sentsazio onak eduki nituen. Partida ona jokatu genuela esango nuke. Amaierara ere ondo iritsi nintzen, nekatuta baina ez lehertuta. Besteak, ordea, hobeto ibili ziren. 

Lehia biziko norgehiagoka izan zen. Baina, hasieran izan ezik, atzetik joan zineten. 

Hasieran beraiek aurreratu ginen, baina lan eginda egoera iraultzea lortu genuen. Gero, ordea, beraiek aurrea hartu eta hainbat tantoko errenta atera ziguten. Hortik aurrera atzetik egin genuen partida. Haien parean jartzea lortzen genuen, harrapatzen genituen; baina ez genuen pasatzea lortzen. Horrek psikologikoki ere eragiten dizu, gogorragoa egiten da aurrera jarraitzea eta nekea ere ezberdin sentitzen duzu. 

Zalantzazko tanto bat ere izan zen partidan: gorriei emandako tanto batean pilotak txapa jo ote zuen...

Pilotak txapan jo zuen, garbi; eta hala ikusi genuen frontoian geunden guztiok. Epaileek, baina, tantoa Agirreri eta Eskirozi ematea erabaki zuten. Guk gure akatsak edukitzen ditugu eta, haiek, haienak. Gerora ikusi zen tanto hori erabakigarria izan zitekeela... Baina atzera bueltarik ez dago. 

Ostiralean Peña II.a eta biok Zizurkilen jokatzekoak zarete Darioren eta Garmendiaren aurka. 

Izatez, bai, baina eskuan min hartu nuen aurreko partida amaieran. Masajistarenean izan naiz eta, hark esanda, ez naiz jokatzeko moduan izango. Ibai Zabala arituko da nire ordez. 

Etxean jokatzeak esanahi berezia edukiko zuen, ezta?

Noski. Pena handiz jaso dut notizia... Ilusio handia egiten zidan Zizurkilen partida jokatzeak. Baina eskuan dudan mina dela eta, ez nago jokatzeko moduan.  Etorkizunean etxean jokatzeko aukera berriro sortzea espero dut. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!