Pilotari profesionalen partidak lehen aldiz, Zizurkilen

Ataria 2020ko abuztuaren 2a

Ostiralean, abuztuak 7, 22:00etan hasita jokatu dira bi pilota partidak Intxaur pilotalekuan. Sarrerak salgai daude.

Bizi den egoera berri honek ezusteko aukera eman dio Zizurkilgo Udalari, eta esku pilotako profesionalen goi mailako partida bat izango dute herrian. Baiko enpresak egindako eskaintzari baiezkoa eman dio Zizurkilgo Udalak, eta Intxaur pilotalekuan izango da jaialdia. Abuztuaren 7, ostiralean, 22:00etan emango zaio hasiera jaialdiari.

Bi partida izango dira. Hasteko, lehen partidan, herritarra den Jon Erasunek jokatuko du promozioko txapelketan bikote izan duen Jon Ander Peñarekin batera. Aurkariak, berriz, Dario eta Garmendia izango dituzte. Estelarrean berriz, eskualdeko beste bi pilotari ariko dira nor baino nor. Jaka eta Albisu bikoteak, Artola eta Rezustaren aurka neurtuko dituzte indarrak, Master Caixabank lehiaketaren barneko partidan.

Sarrerak dagoeneko salgai jarriak dituzte, eta aurrez erosiz gero, 20 euro ordaindu beharko da. Zizurkilen bertan, Iriarte eta Egarri jatetxeetan daude salgai, eta Villabonako Amasa Kafetegian ere bai. Udaletik adierazi dutenez, "aurre salmentaren aukera sustatu nahi izan da herrian bertan, zizurkildarrek sarrerak eskura izan ditzaten". Egunean bertan erosita 25 euroko balioa izango du.

Ziotza Pilota eskolako kideen laguntzaz egingo da jaialdia, eta gogorarazi dute ezinbestekoa izango dela maskara jantzita eramatea.

Abuztuko ekitaldietan lehenengoa izango dela pilota jaialdia aurreratu dute, abuztuaren bigarren astebururako, "asteburu kulturala antolatzen ari baita Zizurkilgo Festa Batzordea".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!