Peña II.ak eta Erasunek ezin izan dute jantzi txapela

Tolosaldeko Ataria 2020ko abu. 1a, 19:31

Binakako Promozio Txapelketako txapelik jantzi gabe geratu dira Jon Ander Peña tolosarra eta Jon Erasun zizurkildarra. Partida gogorra jokatu ostean, 22-20 galdu dute Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Jon Ander Peñak eta Jon Erasunek Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu dute Binakako Promozio Txapelketako finala Asier Agirre eta Josu Eskiroz bikotearen kontra. Ezin izan dute txapela jantzi 22-20 galduz. Partida gogorra jokatu dute, 719 pilotadaka joz.

Ez dute partida ondo hasi eta konturatzerako 4-0 galtzen hasi dira. Jarraian bost tanto segidan egin ditu bikote urdinak 4-5 aurreratuz. Hurrengo tantoan tolosarrak huts egin, eta berdindu egin dute. Hortik aurrera, bikote gorria aurretik joan da. 10-6ko gorrien tantoak zalaparta sortu du, txapa jo arren gorriei eman baitie epaileak tantoa. 

Agirre eta Eskiroz nagusitu dira, eta 12-9ko emaitzarekin iritsi dira lehen atsedenaldira. Eta atsedenaldiaren ostean ere gorriek nagusitasunari eutsi diote. 16-10 markagailuan eta Asier Agirrek partida apurtu du. Peñak, ordea, 11. tantoa lortzeko lana gogotik egin du atzera gogor joz. Hortik, 15. tantoa lortzera pasa dira aurkariengana gerturatuz: 16-15.  

Tanto ilara apurtu dute Erasunek zabalera botatako pilota batekin, eta aurkariek 17. tantoa lortu dute. Baina lan asko egin eta borrokatu ostean, eskualdeko bikoteak berdintzea lortu du. Baina, berriz ere, Peñak huts egindako tantoari esker aurrea hartu diete gorriek.

19-18koarekin, berriz, berdintzeko aukerak izan dituzte, baina Peñak sartzekoa ez zen pilota bat zabalera bota ostean, 20. tantoa oparitu die aurkariei. Galtzaile ibili da tolosarra, baina atzera botatako pilota batekin lortu du 19. tantoa: 21-19. Partida bizirik mantenduz 20.na ere lortu dute, baina azken tantoan huts egin du zizurkildarrak pilota txapara botaz.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!