Kaxilda gaztetxea hutsarazi du Ertzaintzak

Ataria 2020ko martxoaren 6a

Aiztondoko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, 09:30ean sartu dira ertzainak gaztetxera eta ondoren eraikinaren legezko jabeak sartu dira bertara. Biharko agerraldia iragarri du gazte asanbladak, presazko irakurketa egiteko.

Zizurkilgo Kaxilda gaztetxea hustu du Ertzaintzak gaur goizean. Aiztondoko Gazte Asanbladak sare sozialen bidez jakinarazi du 09:30ean bota dutela behera gaztetxeko atea. Eraikinaren legezko jabeak sartu dira gero eta gaztetxea husteari ekin diote. Ertzainek 12:30 inguruan alde egin dute.

Iazko apirilaren 19an okupatu zuten 17 urtez hutsik egondako pabiloia. Uda aurretik eraikinaren jabeekin eta Zizurkilgo udal ordezkariekin hiruko mahai bat osatu zuten gazteek, egoerari irtenbide negoziatu bat emateko. Saiakerak huts egin zuen eta abenduaren 3an gaztetxeko bi kide deitu zituzten epaiketara. Handik hamar egunera jakinarazi zuten epaia: Kaxilda gaztetxearen berehalako hustea agindu zuen epaileak eta 1.100 euro inguruko isuna ezarri zien bi auzipetuei.

Epailearen ebazpena gaur egikaritu dute poliziek. Aiztondoko Gazte Asanblada jakitun zen edozein unetan hustu zezaketela gaztetxea eta horregatik bertatik aterata zeuzkaten baliozko ondasunak. Gaur goizean asanbladako zenbait kideek beste hainbat gauza ateratzeko aukera izan dute.

Aiztondoko Gazte Asanbladak TOLOSALDEKO ATARIAri jakinarazi diotenez, bihar agerraldia egingo dute Zizurkilgo Joxe Arregi plazan gertatutakoaren inguruko irakurketa egiteko. 17:00etan egin dute hitzordua.

Atzo Hondarribiko gaztetxea hustu zuen Ertzaintzak eta Tolosako Ezpala gaztetxea ere desalojo arriskuan dago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!