Kaxilda gaztetxeko bi gazte auzipetuei elkartasuna azaldu diete

Ataria 2019ko abe. 3a, 14:59

Apirilean Zizurkilen okupatu zuten Kaxilda gaztetxeko bi gazte gaur pasa dira epailearen aurretik. Epaituei babesa agertzeko elkarretaratzea egin dute, gaur, Tolosako epaitegiaren aurrean.

Aiztondo Gazte Asanbladak deituta Tolosako epaitegiaren aurrean elkartu dira, bi gazte auzipetuei elkartasuna adieraziz. Fiskaltzak Kaxilda Gaztetxearen berehalako hustea eta 1.100 euro inguruko isuna ezarri nahi die bi auzipetuei. Huste ordena ezarri dezakeen epailearen sententziaren zain daude orain.

Apirilean okupatu zuten Kaxilda, 17 urtez hutsik egondako pabiloi bat. «Kaxilda gaztetxea langile klaseko pertsona orori irekitako gaztetxea da, hau da, guk ez dugu gaztetxe bat okupatzen gure behar pertsonaletarako. Haratago doan proiektua da», azpimarratu dute Aiztondo Gazte Asanbladako kideek. «Bi hauei tokatu zaie, eta okupazio delitua da egozten zaiena. Baina beste edozein izan zitekeen, eta elkartasuna adierazteko elkartu gara. Bi pertsonen izenak daude hor, baina kolektibo oso bat gaude. Eta ez gu bakarrik, baizik eta, Euskal Herriko gure mugimendua elikatzen duten beste kolektibo asko daude». 

Era berean, gaztetxearen okupazioa ez dela auzi isolatu bat nabarmendu dute: «Horregatik deitu dugu elkarretaratzea, bi pertsona horiei elkartasuna adierazteko eta ikusteko ez daudela bakarrik. Denok sinesten dugun estrategia politikoei edo mugimenduei erantzuten diete gaztetxeen okupazioek. Aurrera jarraitzeko instrumentu moduan ikusten ditugu gaztetxeak», azaldu dute. 
Hurrengo egun edo hilabeteetan jakingo dute zer egozten dieten bi gazteei, eta kaleratzea emango den edo ez. «Ezinegon handia» bizi dutela diote gazteek: «Denon baitako auzi bat da, eta denoi berdin eragiten digu». 

Isuna aurreikusten zuten, eta dirua biltzeko ekimenak antolatu dituzte, eta aurrera begira ere mobilizazioei adi egoteko deia luzatu dute.

Kaxilda gaztetxeari funtzioa ematen hasiak direla esan dute, eta «Kaxilda eta eskualdera begirako proiektu ezberdinekin» lanean ari direla. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!