Unai Mendizabal laugarren Arrasaten

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2019ko aza. 19a, 09:42

Agin Laburuk lortu du abenduaren 14an Ilunben izango den finaleko lehen txartela; igandean Oiartzunen izango da bigarren finalaurrekoa.

Igande arratsaldez eman zitzaion hasiera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoei. Txapelketari 48 bertsolarik ekin zioten eta hemezortzi baino ez dira geratzen. Lehenengo seikoteak kantatu du, eta datozen bi igandeetan jokatuko dira Oiartzunen eta Tolosan, hurrengo finalaurrekoak.

Arrasateko Uarkape pilotalekua betetzetik gertu ibili zen. Iker Iriarte alegiarra izan zen saioko gidaria eta Agin Laburuk irabazi zuen saioa, bigarren sailkatuari, Nerea Elustondori, 30 puntutik gorako aldearekin. Bigarren eta bosgarren sailkatuaren artean, 20 puntuko aldea baino ez da egon. Tarte horretan, Iñaki Apalategi hirugarren, Unai Mendizabal laugarren eta Unai Gaztelumendi bosgarren geratu ziren. Seigarrena izan zen Eñaut Martikorena, Andoaingo saioan guztiak aho-bete hortz utzi zituen bertsolaria.

HAMARREKO HANDIA

Finalerdietan bi ariketa berri dituzte, eta horietatik lehena hamarreko handiko ofizioa. Ohikoak ez diren gaiak izan zituzten, postura ez hain erraza defendatzea eskatu zitzaielako bertsolariei: etorkin asko dagoelako haurra eskolaz aldatzea erabaki duten gurasoen paperetik kantatu behar izan zuten, Apalategik eta Laburuk; lagun batek egindako eraso sexista baten aurrean ezer ez egitea erabaki zuten Elustondok eta Martikorenak; eta ETAren estortsioagatik kanpora joan ziren enpresariak izan ziren Mendizabal eta Gaztelumendi. Sei bertsolariak ondo aritu ziren lehen ariketan eta Nerea Elustondo izan zen gehien nabarmendu zena. Martikorenak honela kantatu zuen bigarren bertsoa: «Gero plazara irteten gera/ aurrerakoi itxurako,/ eta gainera sarri prest gaude/ baitare konzentretatuko,/ baina honekin isil-isilik gure laguna delako». Bigarren bertsoa honela amaitu zuen: «norbaitek niri egingo balit/ guk egin dugun berdina,/ hura gorroto izango nuke/ egin duena adina».

Zortziko txikian Agin Laburuk koska bat atera zien beste bost bertsolariei. Mendizabalen tatuatzailea izan zen eta honek, zimurrak disimulatzeko tatuajea eskatu zion. Umorez, Laburuk bigarren bertsoa honela bukatu zuen: «Ertz gehiegi ez baitet/ gaur ikusten zugan,/ zuk esan Txindoki nun/ jarriko dizudan»eta Mendizabalen erantzuna «gaur goizian zegoen/ dena elurtuta,/ ta nik e txuri-txuri/ daukat titi punta» izan zen. Goian amaitu dute ofizioa.

SEIKO MOTZEAN BEHERA

Lehen bi ofizioetan hirugarren puntuaziorik altuena lortu zuen zizurkildarrak eta bigarrena zen sailkapenean, Elustondo eta Apalategirekin oso berdinduta. Laburuk aldea markatua zeukan ordurako gainontzeko bost bertsokideekiko.

Seiko motzean berriz, aurreko bi ariketetan puntuazio altuena lortu zuten bi bertsolariek, Laburuk eta Elustondok, osatu zuten ofiziorik osoena. Aldiz, Mendizabalek puntuaziorik baxuena ariketa horretan lortu zuen, baliteke gaiari heltzeko garaian finegi ibili ez izana.

Puntutan berriz, Martikorenarekin batera kantatu zuen zizurkildarrak eta ariketa bikaina osatu zuten, Txuri Urdinen patinatzen ari diren biren paperetik. Halere, Gaztelumendik eta Laburuk osatu zuten ofiziorik onena, puntutan, diskotekara sartu nahi baina, segurtasunekoek uzten ez zieten biren ahotik. Seigarren bertsoa honela osatu zuten Laburu hasita: «Eman diogu lata/ hark guri egurra,/ ez dakit zenek eman/ dion zeni beldurra,/ bi bider bikoa da horko Prosegurra,/ ez zait asko gustatu/ harri dun muturra». Behetik gora joan zen ofizioa.

KARTZELAKORIK ONENA

Amaitzeko, kartzelako lanean Etxetik irteten ari zinela, besotik heldu dizuizan zuten gaia. Apalategik ez beste bostek, seme-alabaren edo gurasoaren paperetik kantatu zuten. Mendizabalek 16 urteko nerabearen ahotsetik kantatu zuen: «etxe deitzen zaio baino/ gurea infernua da»amaitu zuen lehen bertsoa eta «libre izan nahi det eta/ ama utzidazu joaten»bigarrena. Honela borobildu zuen: «hirurok etxe honetan/ ezin geranez kabitu,/ maleta egin ta norabait/ egin behar det abitu,/ sarri distantziak gauza/ guztiak konpontzen ditu». Kartzelako puntuazio altuena eskuratu zuen zizurkildarrak eta laugarren postuan amaitu zuen.

IGANDEAN OIARTZUNEN

Datorren igandean Oiartzungo Elorsoro kiroldegian jokatuko dute bigarren finalaurrekoa. Honako sei bertsolariek kantatuko dute: Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi eta Iñigo Mantzizidor. Saio horretako lehen bertsolaria ere, Agin Labururekin batera Ilunbeko finalean izango da, abenduaren 14an. Baita, abenduaren 1eko Tolosako lehen sailkatua ere. Ilunbeko zortzikotea osatzeko, gainontzeko beste bost finalistak, hiru finalaurrekoetako puntuazio altuena lortzen dutenak izango dira.

Erlazionatuak

Arrasate, finalerako ate

Erabiltzailearen aurpegia IƱaki Otaegi 2019 aza 19 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!