Arrasate, finalerako ate

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Otaegi 2019ko azaroaren 19a

Igande arratsalde euritsu baterako plan ezin hobea. Arrasateko pilotalekuan jende mordoa bertso gosez bi asteko geldialdiaren ondoren. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta lehendabiziko finalaurrekoa.

Iker Iriartek bideratuta sei bertsolari kanturako prest: Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Eñaut Martikorena, Nerea Elustondo, Unai Mendizabal eta Unai Gaztelumendi.

Sei agurrak entzun ondoren hasiera ederra hamarreko handiarekin. Neurri hau ez da plazetan-eta gehiegi entzuten den ariketa mota, eta hortaz ez dira askotan entzuten hamarreko txikiko doinuak. Horri dagokionez, niri, behintzat desberdina eta freskoa egin zitzaidan belarrirako. Gainera, esan beharra dago gaiek ere bikain lagunduta, ale ederrak eta saio politak atera zirela.

Ondoren, zortziko txikian saioak pixka bat behera egin bazuen ere sei puntuko motza eta puntukako ariketa etorri ziren. Sei puntuko motzak ez du leku askorik uzten nahi direnak esateko, baina ongi moldatu zirela esango nuke. Puntukakoan berriz azpimarratzekoa Unai Mendizabal zizurkildarrak eta Eñaut Martikorena hernaniarrak egin zuten saioa patinatzen ideia handirik izan gabe Txuri Urdinen zebiltzan bi lagunen paperetik.

Bukatzeko kartzelako ariketa etorri zen eta gaiak horrelako zerbait zioen: Etxetik ateratzera zoazenean besotik heldu dizu. Esango nuke orain arteko saioetan izan diren kartzelako gaiak baino irekiagoa zela hau, eta bertsolariek bakoitzak bere bidetik ongi defenditu zutela ariketa. Unai Mendizabal oso txukun aritu zen kantuan gurasoen etxea utzi eta beste batera bizitzera doan gaztearen paperetik.Amaieran saioko irabazlearen izena entzunda sorpresa handiegirik ez entzuleen artean. Agin Laburu eta bostehun puntu pasatxo. Saio guztian oso zuzen, erorikorik gabe, eta fresko kantatu zuen. Zuzeneko txartela beraz finalerako. Ilunberako beste bi finalaurreko falta dira eta laster erabakiko da zortzikotea. Ea eskualdekoek zortea lagun izaten duten, denetik beharko baita.

Bukaerako agurrean horrela kantatu zuen Unai Gaztelumendik: «Txapelketako bidea zer dan, sasia eta otia». Ea datorren igandean Oiartzunen ere asmatzen duten bide bazterrak txukun garbitzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!