Zizurkilgo EH Bilduren udal hauteskundeetarako zerrenda

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 11a, 10:04

Adin, ikasketa, eta Zizurkilgo zonalde ezberdinetako hamaika pertsona elkartu dira koalizioaren hautagai gisa.

“Guztiak zizurkildarrak gara, lehenengo eta behin, uste dugu hori nabarmentzekoa dela, Zizurkilen bizi garen herritarrek osatzen dugula zerrenda, gure ustez ezinbesteko oinarria dena”, zehaztu dute hautagaiek aurkezpenean.

Gizon-emakume hauek osatuko dute EH Bilduren zerrenda Zizurkilen: 

1. Iker Urruzola Aizpurua. Alkategaia.

2. Maite Amenabar Alkorta. "Azpeitian jaio baina azken urteetan Zizurkilen bizi dena, alkate orde da gaur egun eta aurreko Udal gobernuan egindako lan onari jarraipena emateko prest dago datozen lau urteetan, besteak beste, kultura, euskara eta gizarte zerbitzuen alorretan. Bere esperientzia ezinbesteko izango zaigu”.

3. Iban Lizarraga Galdos. "Zizurkilen jaioa eta bertan bizi dena, gurasoa eta hainbat herri ekimenetan ibilia, kirol ardura hartzeko gogoz dator talde berrira".

4. Matti Navas Los Arcos. "Egian jaioa, 20 urte inguru daramatza Zizurkilen bizitzen. Irakaslea, feminismoan sakondu duen pertsona, ikuspegi feministan aurrera urratsak emateko pertsona ezin aproposagoa delakoan gaude, giza eskubideen eta internazionalismoaren alorra jorratzeaz gain”.

5. Joxe Mari Luengo Zapirain. "Azken zortzi urtetan alkate izan denaren laguntza ezinbestekoa izango da abian dauden hirigintza proiektuei jarraipena emateko eta ogasun edo ekonomia arloan, Udal kontuetan egin den lan onak hala izaten jarrai dezan”.

6. Xabier Pellejero Saralegi. "90eko hamarkadan zinegotzi izana, albaitaria da ofizioz eta pozgarri da guretzat berriz udalerako urratsa eman izana, landa ingurunean eta nekazaritza munduan eman beharreko urratsetan gidari ezinbestekoa izango dugu, herrigunean edo Zizurkil goian beste hamaika ekimenetako kide ere bada gainera”.

7. Julian Arrastoa Agote.

8. Anne Albisu Mujika.

9. Arkaitz Zaldua Jauregi.

10. Alaitz Ormazabal Goenaga.

11. Eva Usandizaga Mujika.

“Idazkaria, arkitekto teknikoa, irakaslea, lorezaina, erretiratua… Udalean zinegotzi izan direnak eta ez direnak, herrigunean bizi direnak eta Elbarrenak bizi direnak, talde anitza gara bai, eta gauza batek elkartzen gaitu: Zizurkil hobe bat eraikitzeko nahiak”, nabarmendu nahi izan dute.

Agerraldian EH Bilduren herri programako ildo nagusiak aipatu dituzte:

-Parte hartzea, ikuspegi feminista eta euskara. Oinarri gisa, euskara eta ikuspegi feminista Udaleko erabaki guztietan aintzat hartzeko konpromisoa hartzen dugu, zehar lerro gisa ulertzen ditugu eta alor horietan urratsak emateko konpromisoa sendoa dugu. Era berean, komunikazioan hobetu nahi genuke, orain arte egin dena aztertu eta herritarrekin harreman eta erabakigune berriak sortu, aurrekontuen partaidetza alorrean esaterako.

-Hirigintzan, Bulandegi eta herrigunea. Bulandegi auzoa dugu lehentasun. Irisgarriago, herritarrago egin nahi dugu. Horretarako azken urteetan lantzen ari den hiritartze proiektua gauzatuko dugu, oztopo arkitektonikoak leundu eta espaloia kalearen bi aldeetara jarriz. Argiteria ere hobetu nahiko genuke gune seguruagoa eratuz. Horrekin bat, Area 15 edo Illunjako industriagunean etxebizitza gune bihurtzeko abian den prozesua lagunduko dugu. Industriagune zaharkitua eraitsi eta bertan auzune bat sortzea oso onuragarria ikusten dugu, ahal den neurrian, hori bai, bertan dauden enpresak herrian bertan birkokatuz. Ez da urte batetik bestera egingo, baina epe ertainera, Zizurkilgo hirigintza proiektu garrantzitsuenetakoa delakoan gaude. Eta Bulandegirena behar bezala gauzatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiari berriz eskatzen diogu; Zizurkil behingoz aintzat hartu eta saihesbidea egin dezala. Bulandegi batetik, herrigunea edo Zizurkil goian bestetik, aurreikusita dauden ekimen pribatuko etxebizitzak egin ondoren udal etxebizitzen aukera lantzeko modua izan liteke, eta horretarako behar errealen azterketa egingo dugu.

-Gazteak eta etxebizitza. EH Bilduk gobernatzen duten beste herri batzuek, Azpeitiak, esaterako, abian jarritako bideari jarraiki, diru laguntza onartuko dugu gazteak alokairuan bizitzera joan daitezen eta horrekin batera etxe hutsen zentsua berritu eta horri lotuta har litezken neurriak aztertuko ditugu.

-Tokiko merkataritza. Batzorde iraunkor bat sortuko dugu herriko merkatari guztiei irekia, arlo honetako politikak elkarlanean garatzeko. Horren baitan karga- deskarga guneak edo beste zenbait eskaera aztertu eta neurriak hartzeko prest gaude. Dauden establezimentu eta ostatuei eustea nahiko genukeelako. Eta horrez gain, Udaleko zerga eta tasetan ezar daitezkeen hobarien bidez saltoki berriak irekitzea bultzatuko dugu.

-Kulturan, Plazida Otaño eta Plazaetxeberri. Kulturan, Plazida Otaño liburutegia sendotzeko asmoa dugu: Zizurkil erreferente bihurtu du eskualdean liburutegiak eta gure zeregina altxor hori ez galtzea da. Ikasgelak eskualde osoko herritarrak hartzen ditu eta gaur egun duen kokagunean tarteka izan ohi den zarata saihesteko, kokagune egokiagora eramateko konpromisoa hartzen dugu. Herrigunean aldiz, Plazaetxeberri eraikin historikoaren jabe egin da Udala. EH Bildutik herritarrekin landu nahi dugu Plazaetxeberriren erabilera zehatza, proposamenak jasoko ditugu eta prozesu honekin, Zizurkil Goiko kultur azpiegitura eta beharren inguruko gogoeta garatu nahi genuke, epe ertaineko bide orri bat zehaztuz.

Proposamen gehiago ere helarazi dituzte aurkezpenean, herri programa osoa eskuragarri jarri du koalizioaren atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!