Iker Urruzola izango da EH Bilduko alkategaia Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 30a, 10:55

Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean egindako agerraldian aurkeztu zuen koaliziok alkategaia, Amaia Azkue eta Mertxe Aizpurua, hurrenez hurren, foru hauteskundeetarako eta Espainiako kongresurako hautagaiak ondoan zituela.

Iker Urruzola Aizpurua (Zizurkil,1976) izango da Zizurkilgo EH Bilduko alkategaia udal hauteskundeetan. Atxulondo kultur etxean aurreko ostegunean egindako aurkezpen ekitaldian eman zuen koalizioak alkategaiaren berri. Urruzola, azken urteetan, hamaika herri ekimenetan partaide edo eragile izan da: festa batzordean, erraldoien konpartsan, herri antzerkietan, kirol ekimenetan…

Alkategaiak, azken 8 urteetan udal gobernua gidatu dutenei eskerrak emanez hasi nahi izan zuen. «Esker hitzak ditut aurreko bi legealdietan, EH Bilduko zinegotzi izan zaretenoi, Zizurkil iluntasunetik argitara bideratzeagatik. Garai gogor eta ilunen ostean, Zizurkil berriro berpiztu da», esan zuen Urruzolak. «Zorra herenera jaitsi, herriko bi plazak eraldatu, udal zerbitzuak sendotu, udala herritarrengandik gertuagokoa eta irekiagoa egin, kirolak jasan duen gorakada nabarmena izan da –futbolaz aparte, txirrindularitza eskola, atletismoa, halterofilia, eta abar- eta Plazida Otaño liburutegia bezalako gunea jarri duzue Zizurkilen», aipatu zituen Zizurkilgo alkategaiak.

Ilusioz

Erronkaren tamainaren jakitun, «Lan egiteko ilusio izugarria» aipatu zuen EH Bilduko alkategaiak: «Herriko talde eragile guztiekin eta herritar askorekin elkartu ostean jorratu dugun herri programa sendoa daukagu. Besteak beste Bulandegiren berritzea lehentasun dugu, Plaza Etxeberri etxearen erabilera herritarrekin landu nahi dugu, gazteentzat alokairurako diru laguntzak onartzeko asmoa dugu, tokiko merkataritza sustatzeko merkatari eta ostalariekin batzorde iraunkorra sustatuko dugu, Plazida Otaño liburutegian ikasgela kokagune egokiagora eramateko konpromisoa hartzen dugu…» nabarmendu zituen Urruzolak, beste proposamen batzuen artean.

Datozen egunetan egingo du publiko Zizurkilgo EH Bilduk hautagai zerrenda osoa eta herri programako ildo nagusiak zein dituen. «Talde sendo eta bikaina» dela aurreratu zuen EH Bilduko hautagaiak, eta bertsoz itxi zuen alkategai gisa eginiko lehen hitzaldia bertaratutako herritar ugariren txalo artean.

Zizurkilgo EH Bilduren alkategaiaren aurkezpenean ez zitzaien, ordea, udal hauteskundeei soilik begiratu, Urruzolaren aurretik hartu zuen hitza Amaia Azkue, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak. Azkuek, aurrez, herrian bisita egin zuen Iker Urruzola alkategaiarekin eta Joxe Mari Luengo egungo alkatearekin batera. Besteak beste, Aldundiari Zizurkilen saihesbidea egitea eskatzeko osatu den taldearen eskariak bertatik bertara entzun ahal izan zituen Azkuek.

Apirilaren 28ko Espainiako hauteskundeei begira jarrita, aldiz, ekitaldia Mertxe Aizpurua Diputatuen Kongresuko Gipuzkoako zerrendaburuak itxi zuen. Eskuin muturraren eta inboluzio antidemokratikoaren aurka EH Bilduren botoaren garrantzia azpimarratu zuen Aizpuruak, EH Bilduk kataluniarrekin egindako aliantzan azpimarra jarriz; hain zuzen, kataluniarrekin dagoen lotura hori gogoan, La Estaca kantu ezaguna abestu zuten bertaratutako dozenaka lagunek ekitaldia amaitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!