Aurtengo txapelduna, Alatzne Etxaburua

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko martxoaren 9a

Alatzne Etxaburuaren eguna da gaurkoa, Zizurkilen. XXVI. Txapel Eguna ospatzen ari dira arratsaldetik, eta herri kirolen munduari egin dion ekarpenagatik, aurten, afariaren ostean berari jarriko diote txapela.

Omenduak, Zizurkilgo festei hasiera eman eta suziria botatzeko ohorea izango du abuztuko Amabirjin jaietan, eta ohore horren jabe egin dena Alatzne Etxaburua izan da.

Txapeldunen mus lehiarekin hasi dute eguna, eta 17:30ean, Bukalai dantza taldearen emanaldia izan da Intxaur frontoian.

Txapelduna Etxaburua izanda, ezin falta emakumeen arteko herri kirol saiorik, eta Zimiterioan antolatu dute bi talderen arteko lehia. Etxaburua bera hortxe izan da, txapela buruan jantzita, herri kirolariak ikusi eta animatzen.

Afariarekin eta afari osteko bertsoekin borobilduko dute eguna. Plaza Etxeberrin elkartuko dira Txapeldun guztiak, eta afal ostean, Xabier Pellejero, iazko txapeldunak jarriko dio benetako txapela Alatzne Etxaburuari. Bertsoak, berriz, Amaia Agirre eta Unai Mendizabalen esku izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!