Alatzne Etxaburua omenduko dute Txapel Egunean

Ataria 2019ko ots. 14a, 16:48

Zizurkilen, martxoaren 9an egingo dute XXVI. Txapel Eguna, eta aurten, Etxaburuari jantziko diote txapela herri kirolen munduari egin dion ekarpenagatik.

Herri kirola maila gorenean utzi duenean, egindako bidea eskertu nahi dio Zizurkilgo festa batzordeak. Herri kiroletan "bide urratzaile" izan da Etxaburua: "2013an segan Euskal Herriko lehen txapelduna izan zen emakumezkoetan eta 2015ean emakumeen arteko apustu ofizial bateko lehen garailea ere bai, ondorengo urteetan etorri diren beste txapel eta sari ugariren artean".

Festa batzordearen hitzetan, Zizurkilek eta bere izaerak zerikusia dute Etxaburua herri kirolean hasi izanarekin, herriko jaietarako herritarren artean egiten den kirol saiorako hartu batzuen lehen aldiz sega. "Azken urteetan ere beti egon izan da prest herriko ekimenetan parte hartzeko, eta beti irribarre batez".

Etxaburua, ez da berez zizurkildarra, baina duela hamarkada pasa bizi da bertan. Herrira etorri zenetik bertako parte izan dela nabarmendu dute festa batzordetik, eta horregatik omendu nahi dute aurtengo Txapel Egunean. Iazko txapeldunak, Xabier Pellejerok jantziko dio martxoaren 9an, Plaza Etxeberrin.

Urtero bezala, omenduak, Zizurkilgo festei hasiera eman eta suziria botatzeko ohorea izango du abuztuko Amabirjin jaietan.

Martxoak 9, larunbata

16:00. Txapeldunen mus lehia zentroan.

17:30. Bukalai dantza taldearen emanaldia Intxaur frontoian.

19:00. Emakumeen arteko herri kirol saioa Zimiterioan.

21:00. Txapeldunen afaria Plaza Etxeberrin. (Menua: itsaski krema, karrilerak patatekin, etxeko postrea, kafea eta txupitoa). Prezioa: 23 euro. Txartelak salgai Iriarten eta Plaza Etxeberrin.

Afal ostean. Xabier Pellejero iazko txapeldunak jarriko dio txapela Alatzne Etxaburua. Afal ostea bertsoz girotuko dute Amaia Agirre eta Unai Mendizabalek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!